Dentista?
Dentista –
Gaurkoan ez dut elikagaiez hitz egingo, ezta marketin basatiari buruz ere. Gaur gure ogibideari buruz hitz egiteko tartea hartu nahiko nuke.
-Zertan egiten duzu lan ba?
-Ni dietista naiz.
-Dentista?
Gezurra badirudi ere, behin baino gehiagotan errepikatu da pasarte hau. Gainera, egia osoa esan behar badut dietista-nutrizionista naizela esan beharko nuke, baina orduan, ah, ze komedia! Gure ikasketak hainbat unibertsitatetan eskaintzen dira, eta bertatik pasatzen garen guztioi gauza bera esaten digute: “Zuen lanbidea etorkizuneko lanbidea da”. Eta soilik orain uler dezaket hitz hauen esanahia. Ez ziguten guk sentitu genuen hura adierazi nahi, gure profesioa osasun sistema aldatuko duen panazea izango zela, alegia; ez, etorkizunekoa da orainik ez daukalako. Eta sentitzen dut, baina ilunegi azaltzeko arriskuarekin esan behar dut etorkizunik izango ote duen ere ez daukadala batere argi.
Gure osasun sisteman mila aldiz esan digute prebentzioan dagoela koska. Gaixotasuna ekiditeak izan beharko lukeela indar gehien erreko dituen interbentzioa. Gainera, gastu ekonomikoak kontuan izanda, haiei kontrolatzea gustatzen zaien hori, ikerketa ugari daude esaten dutenak diru kantitate izugarria aurreztuko genukeela prebentzioarekin. Askok esango duzue, bai, horretarako erizainak daude, eta, bai, erizainek ederto egiten dute haien lana, baina ukaezina da dietetikan eta nutrizioan guk badugula zer esan. Erizainen lana ezinbestekoa da prebentzioan, ez gaizki ulertu, baina ikasketa espezifikoak dituzten profesionalak egonda, zergatik ez kontratatu hauek?
Mila aldiz galdetu diot nire buruari zergatik ez gaituzten nahi osasun publikoan. Zein interes egon daitekeen atzetik. Endokrinoak eta erizainak gurekin egon ordez gure kontra agertzen dira, eta gure elkargo ofizialak ezer gutxi egiten du gure tokia aldarrikatzeko. Amorrutik etsipenera pasa izan naiz, eta zoritxarrez, beti bezala, gaixoen osasuna azaldu da galtzaile.