Berri Txarrak 9 abestitan (eta +)

Berri Txarrak 9 abestitan (eta +)

“Bada garaia ozen esatekoa: hirukotearen soinuaren konpaktutasunarengatik, hirukoteko musikari bakoitzaren maisutasun teknikoarengatik, estilo askotarikoak jorratzeko gaitasunarengatik, letren zorroztasunarengatik, letren poetikotasunarengatik, letren dogmatismorik gabeko gaitasun iradokitzailearengatik, kanta puskak sortzeko erraztasunarengatik, Gorkaren lidergo indartsu bezain apalarengatik, jaio-musika-hil filosofiaren aldeko apustu ausart eta kementsuarengatik, hamaika arrazoirengatik, inoizko euskal rock talderik onenaren aitzinean gaude. Eta euskal rock talde batek inoiz erdietsiriko lorpenik handienak erdiesten ari da. Orain. Hemen. Eta atzerrian”. Juan Kruz Lakasta, Berririk onenak.

Berri Txarrak 9 abestitan (eta +)

Martxoaren 17an 10.000 lagun bilduko ditu Berri Txarrak-ek Barakaldoko BECen. Kontzertu gogoangarri baten partaide izateko prest dauden bihotz eta eztarriak denak. Oraingoan, “Infrasoinuak” aurkeztera datoz, kontzertu bakan berezi batekin, aurretik “Denbora Da Poligrafo Bakarra” diskoarekin areto berberak gauak joan eta etorri jendez bete ostean. Arrakasta izateagatik errudun sentitzeko hezi gaituzten munduko bazter apal honetan Berri Txarrak-ek lortu du nor izatea. Ez da berria, 20 urte pasa daramate euskal musikaren imajinarioan altare bat eraikitzen. Atzerrian ere bai, euskaraz gainera.

“Scalextric-ean biraka sentitzen ginen, eta hortik atera nahi genuen”, zioen taldearen arimak, Gorka Urbizuk, Euskal Herritik kanpo bidea urratzeko hautuari buruz, Euskal Telebistako Ur Handitan saio berezian. Seguru asko atzerrian ikasten da, 10 lagunen aurrean, bi euskal Erasmusen parean… Nor izaten, Berri Txarrak izaten. Zerotik eraikitzen zarenean etengabe, begi berrien aurrean.

1994an Irurtzunen estreinekoa eman zuten, eta 1.000 kontzertuko mugarria zeharkatu zuten, non eta Zeelanda Berrian, 2018ko otsailean. Bada zerbait. Martxoaren 3an Razzmatazz aretoa bete zuten Bartzelonan, “Garaitezina!”, dio Mondo Sonorok. Ez dadila haria eten. Martxoak 17 Barakaldo.

9 abesti hautatu

Hautatzeak berekin dakar okertzea. Ariketa mingarriagorik! Irizpide seriorik gabe osatu dut, diskoz disko, garunean konexio elektriko bizienak piztu dizkidaten soinu letra oroimenak jasoz.

“Nortasuna Eraikitzen”: heldutasun pertsonalaz Gorka Urbizu, 20 urterekin.

“Ikusi Arte”: maitasun ukatua gainditu duenaren abestia. Ikusi Arteeeeeeeeeeeeeee… ito egin ginen abesten… nazkatu arte.

“Stereo”: Nafarroa Garaiko presidente jauna… iragana dirudien aro beltzari barru-barrutik ezintasunez idatzitakoa.

“Gezur Bat Mila Aldiz”: alderdien legea, Egunkariaren itxiera… propaganda eta bandoak suntsiezinak diruditenean, “sinisten dudanaren zerrendan zalantzak daude hasieran”. Ba hori, askatasunari deiadarra da Libre diskoa, bere garaiari oso lotua.

“Oreka”: Esaldi batzuek marka uzten dute… “Gure gezur propioak sinetsi ditugula besteen gezurrekin aspertuta…”

“Jainko Ateoa”: Berri Txarrak barnerakoiena NOR, musika ZER eta entzuleei NORI. Jainko Ateoa naiz; konfidantza behar da!

“Iraila”: tartean tartean BTXek sartzen dituen abesti ñoño-pop epiko maitagarrietako bat. + nahi? “Bueltatzen”

“Helduleku Guztiak”: Urtzen doan mundu bat, galdu garen plano bat, apurtu den iparrorratza. XXI. mendearen argazki musikal paregabea.

“Sed Lex”: Zapla! euskaraz aritzeagatik altaretik galdezka dabiltzan elebakar harroei. Kosmopaletismoari su!

Zenbaki batzuk

9 (+1) disko sortu ditu Berri Txarrak-ek 1997an estreinekoa grabatu zutenetik.

  • Berri Txarrak
  • Ikasten
  • Eskuak/Ukabilak
  • Libre
  • Jaio.Musika.Hil
  • Payola
  • Denak Ez Du Balio 1997-2007 (Bilduma)
  • Haria
  • Denbora Da Poligrafo Bakarra
  • Infrasoinuak

115 abesti ezberdin daude hamar diskoetan. Denak Ez Du Balio bilduman diskoetatik at kaleratu ziren lau kanta daude: Bisai Berriak, Min Hau, Bizitzaren Iturria, Sols El Poble Salva al Poble.

Horrez gain, Badok euskal-musika atariaren arabera, gutxienez Laku Bat Munduan (Herri Urrats 2011), Breaking The Law (Cover Judas Priest), Lilularen Kontra (Cover Mikel Laboa) eta Errari (Cover In Exile Thrice) grabatu dituzte, baita 2017an biniloan atera ziren Bakarrik Egoteko eta Belaunaldi Bat ere.

1.010 kontzertu eginak zituzten 2018ko martxorako. Horietatik euskal hiriburuetan emandakoen zenbakiak:

  • Iruñea 28
  • Gasteiz 26
  • Donostia 25
  • Bilbo 24
  • Baiona 2

Euskal Herritik kanpora 2002an ekin zieten, Bartzelonan.

  • Alemania 28
  • AEB 21
  • Bartzelona 21
  • Madril 18

IRAGANA AURRETIK

BADOK Berria-ren euskal musikaren ataria

Berri Txarrak BEC

Berri Txarrak BEC  eitb

Berri Txarrak 9 abestitan (eta +)

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra