Deabruak kargatzen ditu hauek ere

Batzuetan iruditzen zait jendeak (jende batek) prentsan argitaratutako argazki bat ikusten duenean, gertatutakoaren iruditzat hartzen duela eta ez gertatutakoaren irudietako bat bezala; argazki horren aukeraketa (argazkilarian aldetik) aseptikoa edo estetika eta teknika baloreen araberakoa balitz bezala, eta hori gehienetan ez da hola izaten. Argazki bat (eta ez beste bat) erakustean, intentzioa dago, ez intentzio txarra, baina intentzio zehatza.

Aurreko astean, egunkarietan ikusitako irudi batek, horren inguruko gogoeta batzuk azaleratu zizkidan, eta beste askotan gertatzen bazait ere, hona dakardan argazkian oso argi ikusten delako aipatuko dut.

Argazkia, Iñigo Urkullu, EAEko lehendakari berriak, Mariano Rajoy, Espainiako presidentearekin izandako bileraren berri emateko erabilitako argazkietako bat da.

Zer ikusten da argazkian?

Gela zuri batean aterata dago, ezkerrean Iñigo Urkullu ikusten da, eserleku zuri batean eserita, traje ilunaz, atzean ikurrina eta bandera espainiarra dituela eta eskubian Mariano Rajoy, Iñigorena bezalakoa dirudien besaulki batean, traje argiagoaz eta atzean margo bat, margo abstraktu bat, paretan eskegita.

Hori bakarrik?

Rajoy da hizketan dagoena, aurpegi serio eta irmo batez, eskuak mugimenduan eta eskubiko eskuko behatz erakuslea luzatuta duela, Urkullu aldiz, isilik ageri da, eskuak elkartuta eta bestearena bezain irmoa ez den keinuarekin, ezpainak elkartuta dauzka, barrurantz bezala, irakaslearen errieta jasotzen ari den ikasle bat balitz bezala, entzuten, ezer esatekorik ez balu bezala; guzi hori gutxi balitz, Espainiako presidentearen besaulkia, Urkullurena baino altuagoa da, eta gorputzaren jarrera ere, Rajoyrena lasaiagoa da, bizkarra atzeko aldean kokatuta, Iñigorena uzkurtuago, bilduagoa den bitartean.

Ez diot hori izan zenik bileraren nondik norakoak laburtzen dituen jarrera, ni bertan izan ez nintzanez, ezin naiz horretan sartu. Ez diot gaizki dagoenik argazkilariak hori aukeratzea (beste edozein aukeratuta ere une bateko argazkia litzateke, ez gehiago), ez diot gaizki egin dutenik egunkarietan jartzeko argazki hori aukeratu zutenek argazki hori aukeratzerakoan. Diodan bakarra da argazki hori bezeroen artean zabaltzeko aukeratu izana, bere borondatez hartutako erabaki bat izan zela, iradokitzen dituen gauza guziak iradokitzen dituela jakinda (edo agian hori iradokitzen duelako batez ere).

Edo norbaitek pentsatu dezake argazkilaria bertan egon zen tartean Urkulluk ez zuela hitzik egin, aurpegia lasaitu, hatz erakuslea altxatu…

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.