Non irakurtzen dituzu liburuak?

komuna liburuak

Ziur baduzula irakurketarako erriturik. Badaude liburuak edonon eta edonoiz zabaltzen dituztenak, baina gehienek badute liburuentzako txoko, ordua eta baita gorputzaren egokera ere. Eta zuk non daukazu irakurtzeko ohitura?

Irakurtzeko uneari buruz hamaika galdera egin daitezke: irakurtaldi motzak ala luzeak? tente, eserita ala etzanda? egunez ala gauez? etxean ala kanpoan? asteburuan ala astegunetan? Non aurkituko dugu euskal irakurlea liburua zabalik? Hori mahai gainean jarri dugun galdera.

Dagoeneko gutxi gora behera ezagutzen ditugu eredu batzuk: ohean etzanda betazalak itxi arte eusten diotenak, sofan jarrita inguruko zaratarekiko burbuila sortzen dutenak, treneko begiradak irakurtzen saihesten dituztenak, kontzentrazio unea liburutegian besterik aurkitzen ez dutenak, komuneko bisitak beharrik gabe luzatzen dituztenak…

Ea aurkitzen dugun ZuZeuko irakurleen laginean, irakurlearen erritu hegemoniko bat. Erantzun posible batzuk jarri ditugu, nahiz eta baduzun aukera gehiago ere idazteko. Animo, eta esaiguzu zure irakurtzeko ohitura (halakorik baduzu), xelebre zein arrunt, non gauzatzen den.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Non irakurtzen dituzu liburuak?”-ri buruz

  • Nik ia ohean besterik ez dut irakurtzen. Zoritxarrez, ordenagailu txatxuak iman eragin handiegia du nigan, eta itzaltzen dudanerako hain egoten naiz nekatuta liburua irekitzeko gogorik ez dudala izaten. Nahiago nuke egunero autobus/tren bidaiatxoa egin beharko banu, plazer handiz irakurtzen dut eta halakoetan.

  • Nik trenean irakurtzen dut egunero-egunero. Zelako plazera! Hori bai bidaia aprobetxatzeko modu aparta! Bestela, gero etxean, ez dut tarterik aurkitzen… eta ohean nahiago dut etzan eta lo egin.