CISen emaitzak eta Erromako gorteak
CISen emaitzak eta Erromako gorteak –
CIS institutuak 1308 lagun elkarrizketatu ditu Hego Euskal Herrian, eta jasotako erantzunek iradokitzen dute mugimendu esanguratsuak egongo direla. Konsziente izanda inkesten emaitzak pintzekin heldu behar direla, honakoak dira aurreikuspenak:
- Araba: PSE-EEk 2, UPk 1, EAJk 1.
- Bizkaia: EAJk 3, PSE-EEk 2, EH Bilduk 1-2, UPk 1-2.
- Gipuzkoa: EAJk 2, EH Bilduk 2, PSE-EEk 1, UPk 1.
- Nafarroa: PSNk 2, Navarra Sumak 1-2, UPk 1, EH Bilduk 0-1.
Beraz, PSOE litzateke garaile gurean, 7 aulkirekin. EAJ ere igoko litzateke, 5etik 6ra. Unidos Podemos erdira jaitsiko litzateke, lauzpabost eserleku lortuz. EH Bilduk 2 ordezkari dauzka egun Madrilen, eta aurreikuspenaren arabera, bikote hori 3-5 lagun arteko taldea izatera igaro ahalko litzateke.
Ikerketa honek ez du kontutan hartu abstentzioa, normalean herritar kopuru esanguratsua biltzen duen hautua. Gauza kuriosoak gertatzen ari dira: badago hauteskundeetan ez parte hartzeko deia egiten duten abertzaleak, eta bozkatzea faxismoari aurre egiteko tresna izan daitekeela baloratzen ari diren anarkistak.
Podemosek emaitza oso onak atera zituen Hego Euskal Herrian 2015an, baita Katalunian ere. Orduan alderdi moreak esan zuen autodeterminazio eskubidea errespetatuko zuela; denborak bakoitza bere tokian jartzen du, eta Katalunian gertatu denak agerian utzi du hori ez dela horrela. Beraz, nahiko begi bistakoa da estatu mailako hauteskundeetan babes gehien eman zieten lurraldeek ez dituztela hainbeste bultzatuko orain. EAJk, beti bezala, boto fidela dauka, eta ez dirudi gorabehera handirik izango duenik; izatekotan gorak beherak baino.
EH Bilduk apostu ezberdin bat egin du oraingoan: are erabakiorragoa izan nahi du, eta horretarako ERC-rekin batera osatuko du taldea. Ez da broma. Esquerrak sekulako arrakasta izango duela iragarri du CIS-ek: bere emaitzak bikoiztu ahalko lituzke eta 18 postu lortu. 19-23 kidez osatutako talde batek balantza alde batera edo bestera bultza dezake erabakiak hartzerako orduan. Aliantza honek badu beste balio erantsi handi bat, ene ustez, eta hori da EH Bildu eta ERC ez doazela inperioaren hiriburura alderdi gisa, baizik eta herri perspektibarekin, eta bertan izango duten pisua interes horren arabera erabiltzera.
Horregatik, eta izan dezaketen eraginaren jakitun delako, Ciudadanos alderdiak neurri bat iragarri du: agintera iristen badira, estatuko parlamentuan ordezkaritza izateko %3ko babesa lortu beharko da. Hori nahi baitu fronte nazional laranjak: independentismoa erakundeetatik kanporatu, foruak deuseztu (Nafarroakoak ere, bistan dena) eta ordezkaritzarik lortzeko aukerarik ez daukaten lurraldeak Erromatik kontrolatu.
Faxismoak Espainian gorakada baino erradikalizazioa edota maskara kentzea bizi duela dirudi. Haiek ados daude ezker independentistarekin esaten denean 78ko erregimenak ezarritako markoa agortu dela; kontua da haiek horren aurrekora itzuli nahi dutela. PP eta C`s-ek 169 eserleku dauzkate egun, eta inkesten arabera bi alderdi horiek eta VOXek 137-164 eserleku artean izango lituzkete. PSOEri gorakada itzela aurreikusten diote CISekoek: egungo 84etatik 123-138 izatera. Lortuko ahal da hautetsi independentista kopuru nahikoa 155a babestu duen PSOE bera Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat onuragarriak izango diren neurriak hartzera behartzeko, gobernatzearen truk?
Inguruko zaharrei entzuna diet 1936an CNT-k, ofizialki botoa ez eskatu arren, bere militanteei askatasun osoa eman ziela hauteskundeetan parte hartzeko, bizi zuten testuinguruaren garrantziaren jakitun. Egun, Kataluniako anarkista askok hartu zuten parte erreferendumean eta hauteskundeetan, eta Euskal Herriko CNT sindikatuak bozkaren balioaz hausnartzeko espazio bat zabaldu du. Iruditzen zait anarkista ugarik egin duten gogoeta aintzat hartzekoa dela: nahiz eta instituzio horiek ez propio sentitu, jakin faxismoari aurre egiteko guduzelai bat izan daitezkeela.