Cervantes eta On Kixote Donostian!
Cervantes eta On Kixote Donostian! –
Bozen arteko bitarte honetan, politikariek belarriak promesez betetzen dizkiguten egunotan, are premiazkoagoa eta gomendagarriagoa da paseoaldi ederrak ematea, eta Donostian turista, edo besterik gabe paseolarien artean, leku enblematikoenak ditugu egun Alderdi Ederreko Cervantes plaza, eta bertan dago On Kixote eta Santxo Panzaren brontzezko monumentua; eta, itsas gaineko paseoaren mutur batean, Igeldoren magalean diren Luis Peña Gantxegi plaza eta Haizeen Orrazia. Beste monumentuak beste, hiriaren sinbolo eta enblema bilakatuak dira beste guztien gainetik.
Cervantesek eta On Kixotek Donostiako hiriaren espainoltasuna agertzen digute brastakoan, eta Haizeen Orraziak Txillida euskal eskultore europarraren unibertsaltasuna esan dezagun. Honako honetan sinbolo espainolari erreparatuko diot. Egia da maiz hor ibiltzen garenok monumentua ikusi ere ez dugula egiten, baina, esaterako, Madriletik datorrenarentzat, edo europar askotxorentzat ere, ez da oharkabean pasatzeko modukoa.
Brontzezko monumentu hori Madrileko Plaza de Españan dagoenaren senidea da, L. Coullaut Varela eskultore sevillarrak lehiaketa nazionalerako egina (1915). Madrilen 1929an paratu zuten, eta Donostian 1973an, udalbatza frankistak, sinbolikoki Madril eta Donostia bikainki lotuz, eta han jarraitzen du 1978ko erregimenarekin ere. Entzuten ari naiz: baina gaur egunean Kixote eta Cervantes figura espainolak ez ezik unibertsalak dira, Shakespeare, Goethe edo Victor Hugo bezala, eta horiek auzitan jartzea kaikukeria edo ezjakinkeria! Itxaron poxi bat!
Oso ondo azaldu zigun Joxe Azurmendik Espainiaren arimaz-en (2006) Cervantesen obra famatuenak nolako interpretazioak eragin dituen Espainiaren historiaren bidegurutze garrantzizkoetan, eta horietako bat 1898ko deskalabruaren ondotik, azken koloniak galtzean (Kuba, Filipinak eta Puerto Rico). Eta hor, besteak beste, Unamuno bilbotarra eta Ortega y Gasset madrildarra gailendu ziren.
Unamunoren Vida de don Quijote y Sancho (1905) espainolismoaren gogo-jardunak dira. Espainia, inperioaren itsasoaz haraindiko azken koloniak galtzean -penintsula barnekoak atxikitzen ditu oraino-, espainiar intelektualentzat arima bat zen agonian zegoena, hots, hil edo biziko borrokan ari zen; kristautasuna XX. mendearen hasieran eraso liberalaren aurrean ari zen bezalatsu, zeren Unamunorentzat arima espainolaren esentzia kristautasuna zen. Erdi Aroaren nostalgia sentitzen zuen eta gorroto zituen arrazoiaren defendatzaileak. Ez zitzaion batere axola Cervantesek zer adierazi nahi izan zuen XVII. mendearen hasieran nobelarekin; harentzat On Kixote Jesukristo zen, Santxo San Pedro, eta nobela osoa ebanjelioa, Espainiaren salbamenerako mezu edo filosofiarekin: “¿Hay una filosofía española? Sí, la de Don Quijote (…) ¿Hay una filosofía española, mi Don Quijote? Sí, la tuya, la filosofía de Dulcinea, la de no morir, la de creer, la de creer la verdad. Y esta filosofía no se aprende en cátedras, ni se expone por lógica inductiva ni deductiva, ni surge de silogismos, ni de laboratorios, sino surge del corazón”. On Kixote Espainiaren sinbolo nazional-esentzialista. Espainia Gaztela, eta Gaztela On Kixote.
Ideia horiengatik izan zuen Unamunok jarrera anbiguoa Francoren altxamenduarekikoan: “Apenas iniciado el movimiento popular salvador que acaudilla el general Franco me adherí a él diciendo que lo que hay que salvar en España es la civilización occidental cristiana y con ella la independencia nacional”. Hil aurretitxoan, Millan Astray jeneralari aurre egin zion.
Ortega y Gasset-i Unamunoren Kixoteren interpretazioa burugabekeria alimalekoa iruditzen zitzaion; fedea ez, zientzia behar zuen Espainiak; Erdi Aroko fede itsua ez baizik eta Europaren iparraldetik zetorren zientzia. Ortega Unamunoren antitesia zen puntu gehienetan baina batean ez, bere Meditaciones del Quijote (1914) liburuan, Espainiaren arimaren esentzia eta salbazioa bilatzen zituen, eta Hori Europa zen, eta Europa zientzia zen eta ez fedea. Eta hori Don Quijote eta Sancho Panza nobelan ez baizik eta Cervantesen estiloan aurkitzen zuen Ortegak.
Aipatu ditugun bi saiakerak eta Donostiako eskultura garai bertsukoak dira, eta espirituz ere bai. Cervantes eta On Kixote Espainiaren arima, esentzia, betetasuna, gogoeta-iturri amaiezina dira, eta Espainiaren harrotasun eta harrokeriaren ikur, sinbolo eta enblema. Eta monumentu bat izatea non eta Donostian, non eta Alderdi Ederren, urtero hainbat euskaldun eta hainbat europar eta mundutar ibiltzen den lekuan, Espainari egindako gorazarre monumentala da.
Donostiak izan ditu euskal idazleak. Agustin Anabitarte bat. Hor dugu Jon Etxaide, besteak beste, Joanak joan eta Gorroto lege eleberriak idatzi zituena. Frankismoko garairik bortitzenetan egin zuen bere euskarazko obra meritu handikoa, baina ez zen euskaldun unibertsala, eta gustura egon liteke Donostiaren erdialdean kale bat izanda, berari eskainitakoa.
Izan dugu beste idazle donostiar handiago bat, antigutarra, zazpi nobela eta ehundaka artikulu urregorrizko idatzi zituena, baina frankismo betean Francori baketsuki eskariak egin beharrean, ez zuen, ba, sortu zuen erakundea sortu, beste halako moduko dozena erdi bat lagunekin, eta, gainera, Espainiari egindako bekatu larri hori inoiz aitortu ez; gustura askorik egon liteke Antiguako Gaskuina plazan buru erdiko monumentu bat izatearekin; zer da udal liburutegiari haren izena jartzeko eskari burugabe hori, lehen esan bezala, Espainiari egindako laido larriaz inoiz damutu ez bazen.
Zentroan dagoen Etxaide kalea ez da Jon Etxaide idazleagatik, Juan Etxaide marinelagatik baizik. Zorionak, Pako!
Eskerrik asko Xabier. Auñamendi begiratuta jakin diat XVI. mendearen azken zatian bizi izan zela delako marinel hori, eta Ternuan Echaide-portu bataiatu omen zuela berak “deskubritutako” porturen bat. 1866an hartu omen zian Donostiako udalbatzak izen hori jartzeko erabakia.
Jon Etxaide euskal idazle langile porrokatuak lehorreko lana bakarrik egin zuenez; endemas, euskaraz, zain egon beharko dik. Diosala.
Bikaina, Sudupe jauna. Baina jakin zazu, bide horretatik jarraituta, zeuk ere ez duzula kultura sailburu edo zuzendari izateko batere aukerarik. Olatuak surfeatzeko dira, nora? Bost axola!
Arrazoi duzu Juantxo. Halere, uste izango duzun bezala, ez dut batere bokazio politikorik.
Ez bide duzu On Kixoteren monumentu hori gusutuko. Hobe genuke, hala ere, sinboloen aurkako gudatxoak eta batallitak planteatzen ibili beharrean nobela IKARAGARRI ABERATS hori behin bederen irakurriko bagenu gure bizitzan. Agian ez litzateke horrenbeste tontolapiko ikusiko gure kaleetan.
aukera ederra euskaraz irakurri nahi baduzu. Enneco Iñarrondok euskaratua euskara bikain batean. Euskaraz gozatzeko eta aberasteko parada, bidenabar
https://zuzeu.eus/euskara/on-quixote-manchaco/
On deguiçuela!
Ez duzu ezer ulertu, edo ez duzu ezer ulertu nahi izan, Axier.
On Kixote Mantxako irakurritako tontolapiko bat baino gehiago dabil kaleotan zehar, dena dela.
Bai, Juantxo, bai, ulertu diat.
Kokoteraino nago “abertxaloide” jendaxka honekin, beti gauzarik niminoenekin zalaparta handiak ateratzen beren autoestimu pertsonala azpimarratzeko, nahiz eta Herriaren izenean jardun. Beti sinboloen bila eskandaluak sortzeko prest.
Ez dut Pako Sudupe sartzen zaku handi horretan. Bere idatziak goresten ditut.
Eta, bai, arrazoi duk. Quijotea irakurtzeak ez dik berez-berez jakinduria eta zentzu ona ekartzen.
Hala ere, zertxobait laguntzen ote duen….
Nik ulertzen dut haserrea. On Kixote historiara igaro den maisulan gorenetakoa izan arren, nik ez dut hemendik ikusten Faustoren edo Zaratustraren estatuarik. Espainiarrek dena bete behar dute gure lurran, beren kulturaren gauzarik txar eta onenekin. Niri jada goragalea ematen dit espainiartasun gaindosi honek.