CCOO, Amancio Ortegaren esanetara?

CCOO, Amancio Ortegaren esanetara? –

Urtebete eskasean CCOOk izugarrizko jauzia egin du: ehungintza merkataritzako langileen sinadurak biltzen hasi zen Nafarroako lan hitzarmena berriz suspertze aldera, eta orain, ELAri demagogia leporatzen dio arrazoi beragatik urriaren 30ean greba deitu duelako.
CCOO, Amancio Ortegaren esanetara?

Zer gertatu da hilabeteotan halako posizio aldaketa gerta dadin? Funtsean, Inditex eta beste enpresa handi batzuek aginduak ematen hasi direla. Eta CCOO ohiko grinaz ari da aginduak betetzen.

Nafarroako ehungintza-merkataritzaren eta oinetako denden egoera ez da salbuespena. Kate handiek merkatuaren zati gero eta handiagoak bereganatu eta zokoratu egin dituzte enpresa txikiak, bertakoak. Horregatik, espainiar estatuko probintzia askotan langile gehiegi dago hitzarmenik gabe eta guztiz zaharkitutako soldatekin. Espero dut CCOOk ez diola blokeo horren errua ELAri egotziko.

Langile asko aspertu ziren milaka milioi irabazten duten enpresentzat baldintza prekarioetan lan egiteaz. Horregatik etorri dira bata bestearen atzetik grebak, enpresei hobekuntzak ateratzeko asmoz: CIGen eskutik Galiziako langileak mobilizatu ziren; ELAk EAEn grebak deitu zituen, eta Madrilen CGT mugitzen hasi zen… Gatazka hauei esker akordio ekonomiko bikainak lortu dira. ELAri dagokionez, hainbat urtez blokeatuta egon ondoren Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak berrezarri ziren, soldatak urtean 22.000 eurotik gora kokatuz.

Une horretan baten batek erabaki zuen, Inditexen eta beste kate handietan, egoera hau neurrigabe hedatu ez zedin alto eman behar zitzaiola. Bazekiten, gainera, bakea ezartzeko norengana jo. Estrategia argia da: lan-baldintzak estatu mailan bateratu behar dira, lehenik enpresa akordio bidez, eta ondoren ehungintza eta oinetakoen sektoreko estatuko hitzarmena sortuz; hain zuzen CCOOk arazo guztien aterabide gisa saltzen duen horixe; hark, batetik, Nafarroako hitzarmenaren aldeko posizioa utziarazi dio; bestetik, orain esaten dute aldarrikapen hori fikzio bat dela.

Hitzarmen bat zein mahaitan negoziatzen den (Nafarroan ala estatuan) dirudiena baino askoz erabakigarriagoa da, arrazoi bategatik: Nafarroan negoziatzen diren lan-baldintzak beti (ez dago salbuespenik) hobeak izaten dira estatu mailan hitzartutakoak baino.

Ez dezagun demagogiarik egin (hori eskatzen du CCOOk); beraz, hona hemen zenbait datu:

CCOOk aurreratu duenez, estatuko hitzarmenean urtean 18.000 euro gordineko soldata iritsi nahi du. Hori da bere hasierako proposamena (haatik, ikusi beharra dago negoziazioan noraino beheratuko duten). Eta esan ez arren, CCOOk urtean 1.750 orduko lanaldia proposatzen du.

Nafarroako hitzarmen probintzialean ezarrita dagoena da urtean 16.900 euroko soldata eta 1.726 orduko lanaldia, baina kontutan izan behar da 2009ko lan-baldintzak direla horiek.

Beraz, estatuko hitzarmenak ekar lezakeen hobekuntza, baldin eta CCOOk bere helburuen %100 gauzatzea lortuko balu, zein da? Orain okerren dauden langileentzako (minimoaren gainean hobekuntzarik ez dutenentzako) %6,5ko igoera, eta urtean 24 ordu gehiago lan egitea. Alabaina, 14 urteotan metatu den KPIaren igoera %24,7koa izan da; ondorioz, estatuko lan-hitzarmenak ez luke inongo hobekuntzarik eragingo (aitzitik, milaka langileren eros-ahalmenak %18 galduko luke). Bitartean, iragarri dute Amancio Ortega Inditexen sortzaileak aurten 2.200 milioi euroko dibidendua jasoko duela bere enpresen etekinei esker.

CCOOk zer egiten du? Etsipena hedatu eta amore ematen ez duenari kargu hartu; halaxe jokatu du ELAk La Moreako H&M dendan sinatu duen akordioa zela eta. Esan dute “diruz lagundutako greba” izan zela, langileek 9 hilabetez eutsitako greba bati garrantzia kendu nahian. Hala da, ELAren erresistentzia kutxak laguntza ekonomikoa eman die akordio ona lortu arte behar izan den denboraz; baina laguntza hilez hile kuota ordaintzen duten 103.000tik gora lagunen elkartasunari esker eman ahal izan da. Izan ere, CCOOk aipatzen duen dirulaguntza era beste zerbait da, eta oso ondo dakite nola lortu.

Goazen berriz ere datuetara: H&Mko akordio gutxietsi horrek langileei 21.000 euroko soldata bermatzen die; hau, noski, askoz ere erreferentzia hobea da CCOOk bere estatuko hitzarmenarekin eskaintzen duena baino. Hortaz, ez da harritzekoa sektoreko enpresek Nafarroan negoziatzeko gogorik ez izatea: hemen negoziatuz gero lan-baldintzak garestiagoak izango baitira. Haatik, ulertzeko zailagoa da CCOOen jarrera.

Oztopoak oztopo, hauek ongi ezagutzen baititugu, ELAk badaki langileei komeni zaiela Nafarroan negoziatzen den ehungintza eta oinetako dendetako hitzarmen bat. Horregatik, mobilizazioak deitzen jarraituko dugu enpresak negoziatzera behartzeko. Beste bi greba egun deitu ditugu, azaroaren 24 eta 25erako, Black Friday dela eta. Horren ondoren hitzarmenik gabe jarraituz gero, Eguberrietako eta merkealdiko kanpaina beroa izango da. Hemen gaude, borroka honekin bat egin nahi duenarekin mobilizatzeko prest; baita CCOOekin ere, hala nahi balu.

Ez estatuko hitzarmenak, ez Olentzerok edo Erregeek; hauetako inork ez digute lan-baldintza duinik ekarriko. Horregatik, dei egiten diegu sektoreko langileei etsipenean eror ez daitezen; hobeto eta areago antolatu beharra dago, eta borrokarako prest izan. Gutxienez Nafarroako hitzarmena lortu arte.

CCOO, Amancio Ortegaren esanetara?  CCOO, Amancio Ortegaren esanetara?  CCOO, Amancio Ortegaren esanetara?

ELA Zerbitzuak, Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude