Bykor!

positivoAtzo aurkeztu zen, EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera sustatzeko laugarren plangintzaldiaren (ufa!) balantzea. Administrazio publikoetan euskararen egoera zein den , alegia.
Aurkezpen garrantzitsua oso, herri honi izena eman dion hizkuntzaren osasunaren atal garrantzitsuenetako bati buruzkoa. Giza-eta diru-baliabide handiak erabiltzen dituen  egitasmo bati buruzkoa. Gure politikari askoren aburuz, gizartearen elkarbizitzarako oso garrantzitsua ei den euskararen normalizazioaren gainekoa.
Euskara (oi euskara…)… Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa, hizkuntza europar peto-petoa, Aitorren hizkuntza zaharra, euskaldun egiten gaituena…

Egun seinalatua atzokoa!!!

Eta prentsa irakurtzera jo dut goizean goiz.
Egunkari euskaldun bakarra lehenik: Berria. Eta bai, azalean, berri nagusia atzoko aurkezpenari buruzkoa, eta informazio zabala, landua hurrengo orrietan.
Ia asetu egin naiz, baina Garako bertsioaren bila abiatu naiz.
Abiatu bai, baina heldu, inora ere ez.
Garan atzoko aurkezpenaren aipamenik txikiena ere ez. Ez azalean, ez azken orrian, ez telebista-programazioaren azpian ere. Zero patatero!!!

Deia miatzera jo dut orduan. “Gure lurraren deia”… Baina Deian ere huts, “esebes”. Noticias de álavan lerrorik be ez, Navarrakoan ere ez (“normala”, beste komunitate bat izaki…).
Noticias de Gipuzkoan (talde bereko egunkaria izaki)  lau zutabe-erdiz osatutako kontakizun telegrafikoa, testua baino handiagoa zen argazkiaz apainduta, “sociedad-Gipuzkoa” atalean (ezta sociedad-Euskadi, edo Real Sociedad atalean sikiera…).

El Diario
k beste horrenbesteko testu bitxia, Caribera joateko gonbidapen-iragarkiaren gainean… El Correo-k tutik ere ez… Gipuzkoako kontuak ote?
Ikusitakoak, eta batez ere, ez ikusitakoak utzi didan ezinegonari izkin eginez, baikortasunez jokatu beharrarekin akordatu, eta lantu jotzen hasi ordez, (hil) kanpaia jotzen hasi beharrean, alde positiboari lotzea erabaki dut, tinko.
Hortaz, egoera ez guztiz eta erabat bikain-zoragarri honetatik ondorio baikorra atera nahi izan dut. Baita erditu ere; horra:
Hedabide abertzale gehienek hobetzeko aukera izugarri handiak dauzkate euskararen erabilerari, eta oro har euskaldunoi ematen (ez) diguten tratuari dagokionez. (hedabide espainolistek euren lana ondo betetzen dute).
Ala.

Administrazioa., euskara

Zer duzu buruan “Bykor!”-ri buruz

  • Somorrostro Harana 2013-06-27 14:07

    Bikaina!

    Grupo Noticias komunikabidearentzako euskara baserritarren kontuez berba egiteko da bakarrik eta lantzean euskal kulturaz zerbait adierazteko. Gara/Naiz komunikabidearentzako euskara kirolez batez bere berba egiteko da eta politikan, ezker abertzaleari lotuta dauden kontu ez hain sakon batzuetaz berba egiteko eta Grupo Correorentzako euskarak ez du ezertarako balio. Euskara bigarren plano batean uzten baduzu, zertarako adieraziko duzu euskararen plan bat berri batean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude