Buyan: bidaia heriotzaren uhartera

Buyan –

Mizkina eta mokofina ez dira sinonimoak. Mokofinak gustuko izan dezake denetik jatea, mizkinak ez bezala; baina, aldi berean, genero ona estimatzeko eta gozatzeko gaitasuna dauka. Hots: edozer edateko gai izan arren, baldintza onetan ondutako ardoa ezberdintzen daki. Zazpi urte behar izan dituzte Martin Etxeberriak, Xabier Etxeberriak eta Aritz Truebak “Buyan. Heriotzaren uhartea” komikia erditzeko; eta hori, mokofin batek aintzatetsi ahalko lukeen gisan, patxadaz ondu den ardo on bat dastatzearen parekoa izan daiteke… eta da.

Buyan

Komiki honen lehen berezitasuna sortze prozesua bera da. Hirukoteak, berez, lana lehendabizikoz euskaraz plazaratzeko asmoa zeukan, baina ezinezkoa egin zitzaien babestuko zituen inor topatzea: “Hemengo argitaletxeetatik mugitzen hasi ginen, eta, ezezagunak izanik eta Euskal Herrian merkatua zaila izanik, ez genuen zorterik izan”, adierazi zuen Aritz Trueba marrazkilariak komikiaren aurkezpenean. Frantzian zenbait kontaktu lortu ostean Estatu Batuetara jo behar izan zuten Buyan gorpuztu zedin. Kilometro mordoa egiteaz gain argitaletxe bat ere sortu behar izan dute lana euskaraz kaleratu ahal izateko, Turko Comics izenekoa. AEBetako Insight Editionsekin sinatutako hitzarmenari esker autoeditatu ahal izan dute lana lehenik euskaraz, eta duela gutxi atera dira ingelerazko eta frantsesezko bertsioak. Euskaraz 430 ale atera dituzte soilik (eskuartean daukadana Katakraken geratzen zen azkena, zortekoa ni).

Honako sinopsia agertzen da kontrazalean: “Europan zehar gupidagabe zabaltzen ari den Mongoliar Inperioaren eta Gurutza geldiezinen artean harrapatua, Maansi izeneko ehitzari soila itsasorantz zuzenduko da, han heriotza besterik topatuko ez duela jakinda. Bere herriaren aurkako erasoan emaztea galdu ostean, Maansik, Noho bere zakurrak lagunduta, bidaia luze bat abiatuko du hildakoen uharte mitikoaren bila: Buyan”.

Bi gai nagusik egiten dute topo komiki honetan: batetik, XIII. mendean Europa ekialdeak bizi izan zuen mongoliarren konkista, Genghis Khan (Khan izendapena jaso aurretik Temudjin izena zuena); eta bestetik, mitologia eslaviarra. Ezezagunak zaizkigun zenbait kontu zirraragirrekirekin egingo dugu topo, eta beraz, amaierako orrialdeetan dagoen glosarioa hasieran irakurtzea soberan ez dagoela deritzot.

Lehen orrialdean honako esaldia irakurriko dugu: “Martin eta Xabier Etxeberriak idatzia. Aritz Truebaren irudi zoragarriak”. Elipseak kontrakoa iradoki arren, eta gidoigileak jende umila direla ondorioztatuta, esan behar da gidoia bera ere zoragarria iruditu zaidala. Harritu naute, eta oharkabean harrapatu ere. Narratiba ederra iruditu zait, mendekuaren bi aurpegiak bistaraziz, eta amaiera berak zein istorioan zehar solte geratzen diren harimuturrek lan honek segida izango duela iradokitzen dute. Hizkuntza aldetik ulergarria da, aberatsa, eta hitanoa erabiltzen da zenbait egoeretan. Onomatopeiei dagokienez, Joseba Aurkenerenak etxe honetan idatzi zuen artikuluarekin oroitu naiz, eta noski, bertan aipatzen ez diren zenbait onomatopeia ere topa daitezke Buyanen. Kasu honetan ez dakit ingelerazko eta frantsezko bertsioetan berdin mantentzen diren (baietz esatera ausartuko naiz), eta hautaketa kuriosoa iruditzen zaidanez, agertzen diren batzuk aipatuko ditut:

  • Trot: zaldiaren trosta.
  • Shkk: gezia botatzen.
  • Zwwt-Zwung: Gezi bat gorputzean sartzen.
  • Twunk: labana bat lurrera erortzen. Gero, kurioski, ukabilkadak ilustratzeko ere baliatzen da, baita “fwuk” ere.
  • Neiiiigh: zaldiaren irrintzia
  • Shrkk: Egurra mozten
  • (G)Roaaaar: Hartzaren orroa.
  • Klng: ezpatak elkar joz.
  • Zzzh: Pixa egiten.
  • Woooouuuuh: Otso ulua
  • Cof: eztula
  • Shwwwwp: ezpatakada.

Eta bai, Aritz Truebaren irudiak zoragarriak dira. Margolanak. Marrazkilariak estiloa hautatu behar izan zuen, eta GARAri egindako adierazpenen arabera, hainbat iturritatik edan: Sergey Kolesov («asko gustatu zitzaizkidan bere pintzel zikinak, ilunak, kasik deprimenteak»), Julia Sarda («eta bere kolorearen trataera berezi hori, orbainetara, itzal grisetara jotzen duena») eta, batez ere, Antoine Carrion eta “Temudjin” komikia. Polita da nola egiten den jauzi egoera lasaietako kolore argietatik biolentzia eta tristura egoeretako kolore ilun eta gorrixketara.

Egileek edierazi dutenaren arabera proiektu honek aurrera jarraitu dezake, baina faktore askoren menpean dago “Buyan”-ek segida izatea edo ez: harrera ona izatea jendearengan, argitaletxeak berriz ere apustu egitea, eta egileek haien burua indarrez ikustea.

Ea hiru faktore horiek gurutzatzen diren, Maansiren bidaian bezala garrantzitsuena ez baita Buyanera iristea, Buyanerako bidean jarraitzea baizik.

Buyan komikiaren lagina

buyan

Buyan

Buyan

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude