Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia

Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia  –

“Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresua irekiera ekitaldi jendetsuarekin hasiko da bihar.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Azkarate euskaltzaina, Joseba Zulaika antropologoa, Lorea Agirre Jakineko zuzendaria… eta beste hainbat erakundetako ordezkarien parte hartzearekin ekinen dio kongresuak.

Donostiako San Telmo museoan egingo da abenduaren 11tik 13ra. Lehen eguneko lekuak agortuta, oraindik bada aukerarik abenduaren 12 eta 13an parte hartzeko.

Donostiako San Telmo museoko ekitaldi aretoa txiki geratuko da Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalariari eskainitako kongresuaren irekiera ekitaldirako. Izan ere, 140 lagunek parte hartuko dute kongresuaren lehen egunean, aretoa betetzeko beste.

Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauziaIrekiera ekitaldiko aurreneko hitzak antolatzaileenak izango dira: Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria, Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Iñaki Zabaleta Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzailea izango dira aurkezpen mahaian. Ondoren, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalari eta euskaltzainak eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskainiko dute.

Horiei entzuten izango dira euskal kulturaren eta erakundeetako ordezkari aski ezagunak. Hala nola, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Larrion eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ordezkariak, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Jesus Mari Ugalde Jakiundeko lehendakaria, Olatz Osa eta Alaitz Aizpuru Elkar argitaletxeko arduradunak, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria… eta beste hainbeste.

Hori dela eta, lehen eguneko lekuak agortu dira. Baina, hurrengo bi egunetarako oraindik bada lekurik. Hurrengo egunean, hain zuzen ere, abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren pentsamenduaren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko (ikus programazioa). Hori dela eta, kongresuko egunik mamitsuena izanen da, bai behintzat eduki kopuruari dagokionez. Gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura izango dira jorratuko diren gai nagusiak, mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez. Horiekin batera, goizean hitzaldi luzeagoak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin.

Abenduaren 13an, aldiz, goizeko saioak Areto Nagusira itzuliko dira, eta kongresuari amaiera emateko, Aginako zero bat emanaldia eskainiko dute San Telmoko elizan Manex Agirre, Jon Aranburu, Marco Bianchi eta Gaizka Amondarainek, kultura Azurmendiren kezka eta langai nagusietako bat izaki.

.

50 aditu hizlari kongresuan

Joxe Azurmendi filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta lantzea da Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren helburua, San Telmo Museoa laguntzaile dela. Izan ere, Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi: filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira.

Azurmendiren ekarpena hainbat ertzetatik aztertuko du kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan. Parte hartzeko izen-ematea zabalik da: hemen.

.

Bizitza oso bat pentsamenduari emana

Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen, Euskal Herriari baliagarri izango zitzaizkion auziei helduz, eta pentsamenduarekiko eta kulturarekiko aparteko kezka adieraziz. Gaur egun arte.

Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauziaGaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotua egon bazen ere, unibertsitateko irakasle gisara jardun du gehienbat, EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981) eta UPV/EHUn ondoren (1981-2014), 1993tik aurrera bertako Filosofia Modernoko katedradun zela. Horrez gain, Jakin Taldeko kide da 1960az geroztik, Jakin Irakurgaiak bildumaren arduraduna izanik, eta ohorezko euskaltzain ere bada. Azurmendiren ekarpenari dagokionez, hiru eremutan jardun du, batik bat:

.

  • Euskal pentsamenduaren azterketan. Bere belaunaldiarekin batera autore tradizionalen irakurketa egin du, Euskal Herrian egon den pentsamendu tradizioa ikusaraziz eta ondorengoei transmitituz.

  • Filosofiaren eta pentsamendu europarraren azterketan. Garaiko auzi filosofiko nagusiak landu ditu puntako pentsalarien pare, ekarpen propioak eginez eztabaidari. Gainera, auzi horiek euskaraz eman ditu, euskaldunon komunitateari pentsamendu garaikiderantz leiho bat irekiz.

  • Unean uneko auzi etiko-politikoei buruzko gogoetan. Euskal Herriaren egoera sozial eta politikoari erantzuteko ideiei buruz gogoeta egin du: borroka antifrankistan abertzaletasuna eta marxismoa uztartuz, lehenik, ETAren, torturen, presoen eta estatu politiken gogoeta saiatuz, ondoren; eta euskalduntasuna ulertzeko modu berriekin elkarrizketan, gaur egun.

Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia –

Zer duzu buruan “Joxe Azurmendi: Euskal pentsamenduaren ur-jauzia”-ri buruz

  • ETBk ez du ezer eman albistegian. Espainiako erregeak gobernuko presidentea hartu duela, horrekin hasi du. Hori da independentzia informatiboa.