Buñuel: Erribera sarraskituaren irudia
Buñuel: Erribera sarraskituaren irudia –
Duela zenbait egun adiskide batek igorritako mezu elektronikoa jaso nuen. Mezu horretan bi dokumentu zeuden. Lehena Pedro Jose Frances Sayas jaunak Buñueleko alkateari zuzendutako eskakizuna zen eta bigarrena 1936ko agorrilaren 26an, Buñuel herrian, izandako gau odoltsuaren berri ematen duen idazkia. Biak arreta handiz irakurri nituen eta gaia sobera ezagutzen banuen ere, ahoa bete hortz gelditu nintzen gau lazgarri hartan jazotako gertaeren krudelkeria gogora ekartzean. Baina hitz egin dezagun orain aipatu bi dokumentuen edukiaz.
1.- Buñuel, 1936ko agorrilaren 26ko gauean.
Iluntzeko 8,30ak aldera, Buñuelgo berrogeita bost bat bizilagunek herria zeharkatu zuten errepideari jarraituz. Armaturik zihoazen eta kaleetako bidegurutzetan geldialdiak eginez, herriko hogeita bost gizon eta emakume bat atera zituzten indarrez beraien etxeetatik. Atzetik atera ziren emazteen eta seme-alaben negarrak eta barkamenezko eskaerak ez ziren aski izan hiltzaile haien asmoak bertan behera uzteko. Falangistak ziren, Espainiaren eta Eliza Katolikoaren alde altxatuak omen. Preso hartutakoak, soka luze batean lotu ondoren, kamioneta batera sartu zituzten. Herritik atera nahi zituzten inguruko zelaietan fusilatzeko. Hala eta guztiz ere, hiru gizonek ihes egin ahal izan zuten.
Kamionetan denentzat tokirik ez zela ikustean, sei gizon fusilatu zituzten Buñuelgo hilerriko horma baten kontra jarririk. Gainerakoak Borjako Zelaiko herrietan fusilatu zituzten. Ez zuten inor bizirik utzi. Gaur egun, oraindik, hamaika gorpu aurkitu gabe daude. Altxamendu faxista uztailaren 18an piztu zen, eta egun horretatik militarrek, goardia zibilek eta falangistek, Eliza Katolikoak bultzaturik eta bedeinkaturik, Erriberako herrietan ibili ziren sekulako sarraskiak eta triskantzak egiten. Hori ikusirik, askok alde egiteari ekin zioten, baina beste asko euren etxeetan gelditu ziren, faxistek beraien familiekin mendekua har ez zezaten. Horixe izan zen Buñuelgo gizon-emakume horiekin gertatu zena. Etxean gelditu ziren euren familiak babesteko. Haien bekatu bakarra hainbat alderdi eta sindikatutako kide izatea zen.
Hilketa eta sarraski horiek Erribera osoan egin zituzten, gogora ekar dezagun Sartaguda herri martiria, alarguntsen herria deitu izan dena, ez baitzuten gizonik barkatu. Gero krimen horiek Iruñea aldean, eta Hego Euskal Herri osoan errepikatu zituzten inolako gupidarik gabe. Frankismo luzea etorri zen gero, postfrankismoa ondoren, eta oraingoa segidan. Horrelako krimen lazgarrien gainean isiltasun ankerra nagusitu zen. Ez omen da ona demokraziarako horrelakoak gogoratzea! Horrela diote hiltzaile haien ondorengoek inolako lotsarik gabe.
Buñuelgo seme batek hura dena ikusi eta isilpean idatzi eta atxiki zuen. Hirurogeita hamabost urte beranduago argira atera zuen. Eta horrela, Luis Tajafuerce Morales jaunari esker, zehazkizun osoz jakin dezakegu gaur gau lazgarri hartan gertatutakoa. Horixe dena “Como la mula al surco” (Mandoa ildoari bezala) izeneko liburuan argitaratu dute eta aurten, agorrilaren 26ko gauean saldu eta zabaldu egin nahi dute.
2.- Pedro Jose Frances Sayas jaunaren eskakizuna.
Eskakizuna 2011ko agorrilaren 7an dataturik dago, eta omen da Frances Sayas jaunak Leireko oraingo alkateari bidali dion bigarren eskakizun-gutuna. Bertan irakur daitekeenez, aurreko alkateari, 2011ko urtarrilaren 11n, antzeko gutun bat igorri omen zion, baina inoiz ez zuen haren erantzunik jaso. Isiltasuna eta mespretxua izan ziren jaso zuen bakarra.
Eskakizun honetan, Frances Sayas-ek laguntza eskatzen dio udalari 1936an fusilatu zituzten hogeita sei gizon eta emakume haien oroitzapenezko hainbat ekitaldi egiteko, baita egin duten liburua herriko etxe guztietan dohain banatu ahal izateko. Denbora berean, Cristobal Colon kalearen izena aldatzea eskatzen du, izen horrek ez baitio herriari deus esaten, eta haren izenaren tokian, Luis Tajafuerce Moralesena jartzea.
1936ko agorrilaren 26an, Buñuelen erail zituzten guztientzat ohorea eta oroitzapena. Gure gogoan bizi daitezen betiko. Eta hiltzaileentzat historiaren mespretxua. Herri honek ez ditzala inoiz hiltzaile haien izenak ahantzi.
Oroitzapen egunerako kantu bat egin zuten, Verdik egindako Nabucoko esklaboen doinuaz abestua. Hona hemen kantua, gaztelaniaz, egin bezala, eta ondoren, nik egin diodan itzulpena.
Cuando marchas yo grito por tu libertad,
cuando lloras, también lloro tu pena.
Cuando tiemblas, yo tiemblo por tu libertad,
en el grito y el llanto, estremezco.
Quedé sola y sin luz de tu mirada,
y tus hijos no podrán llorar tu ausencia.
Cuando marchas yo grito por tu libertad,
cuando tú estás ausente yo espero.
Cantar, no llorar y no temblar nunca jamás.
Una idea revolucionaria.
Tu inocencia y mi voz serán la única verdad,
la nobleza de nuestra humanidad.
Al cantarte se puede lograr:
para siempre estés en mi memoria.
Cuando marchas, yo grito por tu libertad,
en el grito y el llanto, estremezco.
La canción de esperanza
es tu nombre y tu voz,
y en la historia estarás para tu eternidad.
Libertad, libertad.
Alde egiten duzunean
zure askatasunagatik garrasia dagit,
negar egiten duzunean,
nik ere zure penaz egiten dut negar.
Beldurrez dar-dar egiten duzunean,
nik zure askatasun ezaz negar egiten dut.
Garrasiaz eta negarraz hartzen dut samina.
Bakarrik gelditu nintzen
zure begiradaren argirik gabe.
Zure seme-alabek ezin izango dute
zuregatik negar egin.
Alde egiten duzunean
zure askatasunaren aldeko garrasia dagit.
Eta ez zaudenean nik itxoiten zaitut.
Kanta ezazue! ez negarrik egin!
ez beldurpean bizi!
Hauxe da egia iraultzailea!
Zure errugabetasuna eta nire ahotsa
egia bakarra izanen dira,
gure giza nobleziaren seinale.
Kantatzen dizudanean
nire gogoan zaitut betiko.
Alde egiten duzunean
zure askatasunagatik aldeko garrasia dagit.
Garrasiaz eta negarraz hartzen dut samina.
Kantua itxaropena da,
zure izena eta zure ahotsa da.
Historian betiko egonen zara.
Askatasuna, askatasuna!
Badakigu izenik gabeko krudelkeria horien berri, bainan gogoraaraztea untsa da, eta, beti kolpe bat emaiten du bihotzean.
Ba ote da jakiterik zer partidu eta zer sindikatakoak ziren fusilatuak?
Fusilatu ziztuenen artean baziren errepublikanoak, sozialistak, UGT sindikatuan afiliatuak edo hurbilak zirenak, ELA-ko batzuk, Eusko Abertzale Ekintzakoak… Hau da. orduko eremu politikoko pertsonak ziren. Horietako batzuk zaleak, besterik ez ziren. Ez ziren faxistak, eta hori izan zen gizon haien bekatu bakarra. Garesti ordaindu zuten.
Latza kontua! Lotsagarria oraingo alkateen azal lodia!
(apunte txiki bat itzulpenerako: “itxoingo zaitut” barik, “itxoingo dizut” beharko luke.
Segi ondo!
Egunero ikasten da zerbait. Mila esker, Irala!