Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak 1789ko iraultzaren garairaino

 Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak 1789ko iraultzaren garairaino –

Michel Duhart uztariztar historialaria ezagutua da Lapurdiri eta Uztaritzeri buruz idatzi dituen liburuentzat: «Ustaritz au temps de la Révolution», «Moi, Dominique Joseph Garat… », «Garat», «Les vieilles maisons d’Ustaritz»…

Baliatu ahal izan zuen Eugene Goyenetchen eta Pierre Dassancen laguntza; biak ere uztariztarrak izanki, lehena «Histoire du Pays basque» liburu gotor baten egilea, eta, bestea, euskalzaina, alkatea izandakoa eta Dominique Joseph Garaten ondokoa. Pierre Hourmat «Histoire de Bayonne» obra famatuaren egileak, oraintxe aipatutako lehen liburuaren hitzaurrean horrela idatzi zuen:

“Uztaritze herriaren, Euskal Herriaren eta beren iraganaren amoros batek egin du liburua, udaletxeetako artxiboak aztertuz”

Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak 1789ko iraultzaren garairaino

Orai ezagut arazi nahi nizuekeen azpiko  testu hau, Michel Duhartek, 2017eko ekainaren 6an, egin zidan gutun baten itzulpena da. Izan ere, aspalditik, harritua nindagon nola, denok onartzen edo aldarrikatzen  ginuen sekulan euskaldun izan zen Baionaren nausigoa Iparraldean. Konbentziatua nago, gainera, horrek baduela zer ikus hemen ikusten dugun  abertzaletasunaren derrotarekin. Erregionalismo hutsa bilakatu da.

Horrengatik, argitasunak  galdegin nizkion Lapurdik eta Baionak historian zehar izan zituzten harremanetaz. Aipatu nion ere gai horri zegokion interneten aurkitutako gaskoi frantses unibertsitario baten testua. «Bayonne: une ville gasconne (Gilhem Pepin)».

Zorigaitzez itzultzaile inprobisatua naiz. Entseiatu naiz Michel Duharten testua ahalik eta hurbilen itzultzen. Halere, bi partetan moztu behar izan ditut hainbat esaldi, euskararatzeko luzeegiak zirelako ene ustez. Ene pena handiena izan da erdiaroko funtzio politiko eta administratibo izenen itzulpen egokirik ez aurkitzea. Bada ezpadaere jatorrizko termino frantsesa ondoan utzi ditut parentesisen artean.

Jatorrizko letraren frantsesezko testua daukat nahi duenarentzat.


.

Gutunaren itzulpena

Euskal herriaren hiri kapitala izaiteko Baionak duen  pretentsioari dagokionez, zurekin ados nago: Baiona hiri gaskoaia da, eta, aspaldi danik. Iraganean, gatazka asko gertatu ziren, hiri horren biztanleen eta ondoko Lapurdi probintziaren biztanleen arteko  mesfidantza, eta, batzuetan etsaigoa ere erakusten zutenak. Guillaume Pepin historialaria, aipatzen duzun testuan  oso argi da horren gainean.

Lapurdiko bizkondeek, Baionan eta inguruetan  nausitu ziren garaian, duda eta konfusioa  posible ziren; bainan, XII. mendean, ez zen gehiago posible, Richard «lehoin bihotz» (cœur de lion) erregeak Arnaud bizkondea astindu zuelarik  eta derrigortu Uztaritzera itzultzera independentziarako nahikeria zerbait gehiegi erakutsi zuelako.

Arnaudek gaztelu bat eraiki arazi zuen, errobi erreka eta bizkondearen errota ikusmenean zaukan muño baten  gainean. Gotor leku hura  murru sendoz inguratu zuen.

Mende bat geroago Akitaniako dukea, alegia Inglaterrako erregea  ordezkatzen zuten bailiek (bailli)  tokia hartu zieten Lapurdiko bizkondei.

Gaztelua izan zen bailerriaren (bailliage)  egoitza lotinant general baten zuzendaritzaren  pean.

Biltzarra ere bertan hasi zen biltzen. Hainbat mendeetan zehar, bada, Lapurdi probintzia autogobernatu zen libertate eta frankizia (franchise) osoan intendante batzuen entseguen gatik eta Baionako gorte arerioen kontestazio askoren gatik.

Ohitura biziki zahar baten araberan Euskal herrirako ziren elikagaiak eta merkantziak erabat libre Baionan sartzeko eta Baionatik ateratzeko. Ez eiki zitzaion gustatzen Baionako udalzaingoari. eta, Pes de Pouyanne, egiazko gaizkile bat, izan zen frankizia horren etsai errabiatuenetarik bat. Ez zen berandu aldarrikatzeko ez zuela gehiago balio. Konturatu zenean  merkantziek libreki pasatzen segitzen zutela, Milafrangan zegoen Proudineko zubitik, (orduan zurezkoa izango zen zubi hori ez da gehiago existitzen) soldadoak bidali zituen hortik pasatzen zenaren gainean  dretxoen ordainketa  exigitzeko. Horretarako argudiatu zuen  Baiona nausi zela, lege zahar baten araberan, itsas marea gorena igotzen zen uneraino.

.

Exigentzia berri horrek euskaldunen hasarrea piztu zuen. Erraiten zuten marea kontu horrek ez zuela nehongo funtsik. Goardiak laster fueratu zituzten eta segitu zituzten beren lehenagoko tratu komertzialak. Pouyannek mendekatzea erabaki zuen. 1341ko apirilaren 21an, urtero euskaldun asko erakartzen zuen Milafrangako pesta izan zen. Egun hartan, tropa bat gizon armaturekin etorri zen, lurrera bota zuen zubia gailentzen zuen Miotseko gazteluaren atea, pestiliarren artean sarraski bat egin zuen eta bost aitorren seme detenitu zituen: Urtubie familiako bi, Saint Pe familiako bi eta Lahet familiko bat. Zubiraino ereman zituen marea igotzen hasten zen orenean, iragarri zizkien denek elgarrekin egiaztatuko zutela ian marea igotzen zen Baiona hiriak zioen bezain urrun. Zubiaren arkuei  lotuak izan ziren eta bost gizagaizoak urek laster estaliak izan ziren.

Basakeria horrek asalda arazi zuen herri guzia Baionesen kontra, eta, haietarik asko erahilak izan ziren Baiona inguruetan egindako borroketan. Pes de Pouyanne bera garbitua izan zen. Azkenean odol asko ixuri ondoan, Albret jauntxoa (sire) bitartekaritzat hautatua izan zen eta honek bi alderdi arerioei promesa idaz arazi arazi zien bakean biziko zirela: lapurtarrek atxiki zuten beraientzako ziren merkantziak Baionatik kitorik pasarazteko eskubidea eta Baionesek isuna haundiak pagatu behar izan zituzten.

Erabaki horrekin bortizkeriak gelditu ziren, eta, denen gustuko erabakia izan zen : izan ere, gatazka tragiko horiengatik ere, Baionak eta Lapurdik interes komun  garrantzitsuak  baitzituzten, batez ere Nafarroarekiko eta Gaztelarekiko komertziari dagokionez. Komertzio hau egiten zen, batik bat, Errobiaren ibarretik. Horrela mota askotako merkantzia, kalamu, artile, arno, burdin… Baionaraino garraituak ziren barkoz edo mandoz, honek Españara igortzen zituela larru, piper, ezko, intsentsu, zerri, Flandriako mihise eta abar…

Trukaketa komertzial honek garrantzi itzela zaukan: Fontenay le Comte hirian, Vendean, hotel baten korrale zabalean, gordetzen da oraindik, Fontarrabie deitutako barruki  haundi bat, gune tipitan zatikatua. Bertan bildu ohi ziren Euskal herriruntz ilaran abiatu behar ziren mandoak (Poitouko asto famatuak).

.

Trukaketa horien oparotasuna Lapurdik eta Baionak hainbat mendetik zaukaten pribiligiotik zetorren gehienik.

Pribiligio hura atakatua zen aldi oro, batez ere, erregearen diru biltzaleen (fermiers generaux) egitateen gatik, ekonomiaren geldialdia jartzen zen eskualdean. Hau zen gertatu 1760an eta 1770an. Lapurdiko sindikak (sindic) sostengatutako Dupré de Saint Maur Guyenneko Intendentearen (intendant) interbentzioari esker, erregeak pribiligioa indarrean jarri zuen berriro 1784an, bainan ez denbora luzerako, zeren eta Iraultzak eta Espaniarekiko gerlek  dena koloka jarriko baitzuten berriro.

Iraultza denboran zen preseski nabarituko Baionaren eta Lapurdiren arteko etsaitasuna.

.

Estatu orokorren (états géneraux) deialdiaren orduan, lapurtarrek, gaitzituta, jakin zuten Uztaritzeko bailerriak Akizeko, Baionako eta Saint Severeko senekalerriekin (sénéchaussée) batua izan zela, nahiz eta, normalean deialdea igorria izan behar zitzaien erreinuko bailerri eta senekalerri guziei. 

Anomalia horren gatik Lapurdik ez zuen ordezkapenik izanen Versaillen; Biltzarrak Garati agindu zion egoera konpont zezan Parisen, laster egina izan zena.

Bere dolamen kahierrean (cahier de doleances), Uztaritzeko parropiak azpimarratu zuen Lapurdiko tribunala bertan egon behar zela, Baionara lekuz aldatzea zentzugabekeria zitzaiolako. Izan ere, bertan erabiliriko tramite guziak egiten ziren euskaraz, alegia erabiltzaileek ezagutzen zuten hizkuntza bakarraz, eta delako tramiteekk  errespetatzen zuten herriko usadioa, probintzia guzian indarrean zegoena hainbat mendetik ordura arte.

Biltzarrak Versaillera igorri zituen bi ordezkari aginduzko misio batekin, hau da, herriaren pribiligioak, tribunala eta biltzarra mantendu behar zirela ; badirudi beste errebeindikazio guziak garrantzia gutiagokoak zirela harentzat.

Arte haundia bazen bada Lapurtarrek adierazitako desiren eta hautatu berri zituzten deputatuek amestutakoen artean. Aspaldi danik herritik kanpo bizi izan ziren Garat anaiek beren herria maite zuten bainan nahikoa atzeratua kontsideratzen zuten.

Erabat ados ziren, kluben (club), hausnarketa taldeen eta framazonen (franc-maçon)  proiektuekin. Haiek sunsitu nahi zituzten erreinuaren estruktura arkaikoak, bai eta ere, giza-klase eta probintzia batzuek gozatzen zituzten  mota askotako pribilegioak. 1789 eko abuztuaren 15eko Asanblearen (assemblée) gau eroan, ez ziren azkenak izan probintzia guzien eta herritar guzien arteko igualtasun absolutuaren legea jartzen zuen erabakia txalotzeko. Dudarik gabe, ez ziren batere jabetu, horrelako bozkatzeak, epe laburrean edo luzean, izan zitzakeen ondorio guziez.

Horrela, bada, irailaren lehenean, harritua eta hasarre, Lapurdiko biltzarrak jakin zuen bere desagerpena trenkatuta zegoela.

Gutun zakar bat igorria izan zitzaien deputatu deslealei. Sindikari (sindic) mandatu bat emana izan zitzaion, hau da, Lapurdirentzat asanblearen (assemblée) ganik lortzea bere konstituzioa mantendua izan zakion, edo, ezinean, bederen batua izan dadin Baxe Nafaroarekin eta Xuberoarekin. Biltzarrak gehitzen zuen «Baionesen eta euskaldunen artean  bazela ezinikusia bat naturala eta aspaldikoa… ezinezkoa baldinbazen Lapurdi bereber bizitzen uztea, baxenafartarrekin era xuberotarrekin zirela hobekien biziko»

Galdera hau, eztabaidarik gabe, atzera botaia izan zen. Erreinua 83 departamendutan zatikatua izan zen; horien artean bazen «Basses pyrenees» departamendua zeinak batzen zituen Biarnoa, Baxe nafarroa, Xuberoa, Lapurdi eta Baiona.

Entitate berri  hura ez eiki zen batere euskal jendearen gustukoa, beraiek hainbat aldiz errepikatu bezala. Beren hautesleek gordinki  erasiatuak izanik, Garat anaiek, protestatu zuten, Pierre de Haraneder, Makeako bizkondearen laguntzarekin. Dominique Garatek tribunatik aldarrikatu zuen :

«Euskaldunek, beti beren burua gobernatu dutenek, galdatzen dute lehen bezala egoitea, edo behintzat, euskaldunekin bakarrik batuak izaitea. Bada Baionaren eta  Biarnoaren, alde batetik, eta,  eta  bestetik, hiru euskal eskualdeen  artean  murru bat fisikoa eta  ezin gaindituzkoa. Hain diferenteak dira haien hizkuntzak nun ez duten elgar ulertzen eta ez duten elgarri hitz egiten ahal» «departamendu hori litzateke «Babeleko dorre» bat eta hau bezala laster suntsitua»

Hala ere asanbleak (assemblée) onartu zuen proiektua zen bezala. Orduan Garat gazteak protesta egin zuen lege horren kontra, deputatuen gehiengoaren hasarrea sorrarazten zuela. Halaere, bi anaiek lortu zuten ordainsari eder bat Baionesen hasarrea eragin zuena: Uztaritze hartua zen eskualde (district) baten hiriburutzat (chef lieu), eskualde (district) horrek barruan zauzkala Bardotze, Biarritze, Baiona, kanbo, Ezpeleta, Hazparne, Makea, Mugerre, Sara, Donibane Lohitzun, Senpere eta Urruña. Egia erraiteko, paperezko ordainsaria izan zen bakarrik, eskualdearen zuzendaritza egon zen Baionan eta irmoki errefusatu zuen Uztaritzera joaitea.

1789ko azaroaren18an, Uztaritzeko biltzarra bildu zen hondarreko aldean, azken protesta bat aldarrikatzeko bainan ez zuen aurrekoek baino efektu gehiago ardietsi.

Anartean, aurreko urteetan Uztaritzeko tribunalaren kontra zeuden mehatxuak gauzatzen ziren : 1790 eko irailaren 11an, Uztaritzeko udaletxeak Makeako bizkonderen gandik jaso zuen gutun bat nun dekretuz errana zen eskualdeko tribunala Baionan finkatua zela.

Mundutegi, ordura arte iraultzalarien zipaioa bilakatu ez zena, diskurtso hau egin zien bere kideei :

«Betidanik Lapurdiko euskaldunek justizia tribunala bertan zaukaten «Ezpatako errege bailerri» (bailliage royal d’épée) izenaren pean. Nahiz bere jaioeguna iraganean galdua den, ageri da behintzat existitzen zela 7 edo 8 mende Baionakoa baino lehenago. Uztaritzen, eskualdearen hiriburua eta leku zentrala den tokian,  Tribunal horren zerbitzuan, lapurtarrek badute batimendu zabal bat, antzinean beraiek eraikia eta berriki gastu handiz konpondua. Politika arlo orotan haiekiko arrotz den Baionak ez zuen sekulan horretan parte hartu.

Baionak jadanik nasaiki hornitua dago: badu barne eta kanpoko komertzio  sendo bat, Kontsularitza bat (Chambre consulaire), Almirantedegi bat (Amirauté), diru fabrika bat (Hotel des monnaies), eskale aterpe bat (dépôt de mendicité), hainbat ospitale, garnizio bat. Anartean, Lapurdi, porru eginda, ez du ekoizten bere biztanleen beharretik herrena ere.

Baionako biztanleen gehiengoa merkatari edo nabigatzaile izanki, ez dute  beste ontasunik hiriko etxeak baizik. Nabarmen da almirante boltxaren (bourse de l’amiraute)  tribunalek auzietarik bedreratzi hamarrenak bederen  tratatuko dituztela. Anartean lurrak  baizik  ez dituzten  lapurtarrek   arazo arrunteko auziak dituzte bakarrik. Asanble nazionalak ez du alainan pentsatuko justu litzatekeela berrogei ta bost mila lapurtar igortzea hamar mila biztanleko hiri batera, zeina beti arrotz izan  zaien, zeinak tribunala arruntik ez duen behar.

Kontuan hartu gabe gastuen emendaketa pleinitzaile pobreentzat hiri karesti batean nun itzultzaile bat beharko duten beren auziaren prozezuan parte hartuko duten gizon guzien aurrean.

Izan ere, euskaldun gehienek ez dute ulertzen ez eta mintzatzen frantsesa, eta, Baiones gehienek ez dakite euskara.

Akusatu batek ez badu ongi ulertzen egina zaion galdera, edo jujea hitz konplikatuekin  mintzatu dela, edo, itzultzaile merzenario batek ez duela ongi ulertu, zer bilakatuko dira bada herritar akusatuak ?…euskarak baditu esaera eta manera propioenak, gutien imitatuak eta beste guziekiko gutien antzekoa.  Herri bereko biztanleek ez dute berdin hitz egiten, aurkitzen dira laupabost gramatika forma desberdineko mintzatzeko manera. Itzulpen fidela egitea berez gauza zaila dela dakigularik, nola ezar herri oso bateko biztanleen fortuna, ohorea eta bizia itzultzale ordaindu baten onestate eta inteligentzia mailaren mendean ? »

Bukatzeko, badakigu Mundutegik Udaletxeari galdegin ziola ordezkari bat igortzea hau guzia asanble nazionalari esplikatzeko. Ez dakigu nor izan zen igorria, bainan ezetza ukan zuela badakigu.

Horrela, gobernu iraultzalariek erabakita, eta, herritarrek adierazitako  borondatearen kontra, bukatu zen Lapurdiren eta Baionaren arteko influentzia borroka luzea. Alde batetik bere euskal erroak atxiki nahi zituen probintzia bat zegoen, bestetik, komertzio garatua, marina, eta kokapen estrategikoa zauzkan hiri gaskoi bat bere arerioa aspaldi danik garaitzen entseiatzen zena eta azkenean lortu zuena, haren kudeantza demokratikoa eta  tribunala kenduz.

Bilakaera horretan, Lapurdiko probintzia izigarri pobretu zen, galdu zuelako Espaniarekiko komertzioa, bai ta justizia eta adminitrazio estrukturetako langileria. Aurkituriko soluzio bakarra izan zen biztanlegoaren parte haundi baten exilioan joaitea.

«Beharrik» biztanlegoaren tipitze hori konpentsatzeko, nafartarrak eta gipuzkoarrak hona etorri ziren ihes, beren sorterria ere biziki pobretu baitzen bi gerla karlisten ondotik. Horrela lapurdik mantendu ahal izan zituen hizkuntza, ezaugarriak, eta,  folklorea. Erakarri du mundu guziko etnologoen eta hizkuntzalarien interesa, horrebesteraino nun deus antzekorik erakusteko ez zuten Baionako gaskoiak jelostu  baitziren.

Horrela bere nausitasun ekonomiko ezin ukatuzkoa argudiatuz, Baionak, itxura guzien kontra,  bere burua «Capitale du Pays Basque» aldarrikatu  du.


Hemen bukatzen da Michel Duharten letra eta ene itzulpen kaskarra.

Bainan zinez merezi luke itzultzea ere «Ustaritz au temps de la Revolution» liburua. Bertan  argi eta garbi ikusten da katastrofe bat  izan zela gure populuarentzat, honaino irauten duen etnozidoaren hasiera bortitza.

Liburu horri esker, uler daiteke ere  nola oraiko gure erruak eta malurrak ordutik etortzen diren zuzen zuzenean.

Uztaritze, 2018eko abuztuaren 20a.
BC itzultzailea.

Uztaritze, 2018eko abuztuaren 20a.
Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak  Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

8 pentsamendu “Lapurdiren eta Baionaren arteko harremanak 1789ko iraultzaren garairaino”-ri buruz

  • Alots Gezuraga 2018-08-27 10:34

    Mila esker Beñat!

    Pila bat gustatu zait.

  • Orduan, zer leku behar luke Baionak euskal abertzaleen asmoetan? Ezin al da Euskal Herriaren partetzat hartu? Ez ote da inoiz hiri euskalduna izan? Wikipediak hau dio: “Rikardo I.a Ingalaterrakoak 1177an hiria Lapurdiko bizkonderritik at plazaratu eta Uztaritze bihurtu zen hiriburu berri”. Ez ziren halaber erdaldundu EHko beste hainbat hiri nagusi, Gasteiz, Iruñea eta are Bilbo barne direla?

  • Idatzian agertzen da Baionako erakunde guzietan frantsesa erabiltzen zela. Beraz non da gazkoi erabilpen famatua?

  • Benat Castorene 2018-08-28 22:08

    Allanderentzat:
    Ez naiz segur zure galdera untsa konpreniturik.
    Seguraz ere gaskoiaren erabilpenarentzat garai onena izan zela iraultza frantsesa baino lehen, batez ere, hasieran, Anglo normandiarren menpe zirelarik. ( euskararentzat bezala)
    Frantziako erregeak hasi ziren frantsesaren erabilpena piskanaka zabaltzen. Adidibidez Lapurdiko biltzarran debateak euskaraz egiten ziren bainan txostena itzultzaile batek frantsesez egin behar zuen.
    Aldiz gero iraultzalariek alegindu ziren gaskoia suntsitzeko euskara eta bretoia bezala.
    Gaskoiaren erabilpena tipitu da euskararena baino fiteago.

  • Benat Castorene 2018-08-28 22:54

    .
    Galdegiten duzu ian euskaraz inoiz egin den Baionan:
    Eugene Goienetxek dio nehork ez dakiela zuzen ; ez dakigu ere zer dimentsioko hiria zen, egiazko hiria zenik edo phurgu tipi bat.
    Emaiten du erromanoen denboran ez zela soldadorentzako gotor leku bat baizik.
    Soldadoetarik aparte norbait baldin bazen inguruetan orduan bai euskaldunak izanen ziren orduko Akitaniaren parte haundi bat bezala.
    Galdegiten duzu ian Baiona Euskal herriko partetzat har dezakegun?
    Ene ustez, erantzuna da ez
    Iraultza garaian, Iruñan, Bilbaon eta Gazteizen. elebidunak izango ziren behintzat. Baionan ez, frantsesez eta gaskoieraz. Ezdakigu noiz euskara mintzatu zen ere.
    Hiruak probintzia historikoen hiriburu onartutakoak ziren eta dira oraindik ere.
    Frantziarentzat ez Lapurdi, ez Nafarroa beherea, ez Xiburua ez dira existitzen bakarrik existitzen da suprefetura eta ACPBa orai.
    Dakidanez hiruak, (bi behintzat, Iruña, Gazteiz ) entseiatu ziren ihardokitzen Gaztelaren inbasioaren kontra.
    Baionak ihardoki zuen Frantziarren erregeen kontra Inglaterrekoaren basala ( vassal) zelako.
    Galdegiten duzu zer leku behar lukeen Baionak euskal abertzaleen asmoetan?
    Euskal nazioaren ikuspuntutik, ez dut ,historian, deus ikusten Baiona Euskal iparraldearen hiri nausia izaitea justifikatuko lukeenik.
    Menturaz kapaz bagina, gure ahalen araberan, errekuperatu behar ginituzke bertako euskaldunak gure herria bersendotzeko zeren eta, han egonen direnei dagokienez frantziak laster asimilatuko baiditu gaskoiak erabat asimilatu dituen bezala bezalaxe.
    Ahopeka aditzen den Baionaren konkistaren kontu hori ez da serio, inozokeria edo iruzurra.
    Jatorrizko baionesa frantsesa eta pozik. Ez dute alainan , arrazoiz, haien identitatea aldatuko guri plazer egiteko.

  • “Adidibidez Lapurdiko biltzarran debateak euskaraz egiten ziren bainan txostena itzultzaile batek frantsesez egin behar zuen”.

    Beñat, oso interesgarria iruditzen zait datu hori, ze seguru asko gauza bera egiten zen Euskal Herriko beste parte batzuetan, eta, gaiari arau, gehienetan. Non aurki daiteke horren gaineko informazioa? Eskerrik asko.

  • Gilenen ildotik segituz, Xiberoako “Ohidüra Idatzia” François 1a-ren erresuman sartua izan zen 1520an. Alde ona: Xiberoako legedi zaharra erresuman onartua; alde txarra: hortik aitzina biltzarren txostenak eta notarien aktak frantsesez edo orduko frantses zahar/gazkoiera/erromantze kaxkarretan. Biltzarraren arxibak desagertu ziren eta ez dakigu euskaraz egiten zuten edo segitu nahi zuten. 1661an Matalazek “tiers-état” delakoaz mintzatzean “herria” izena erabiltzen zuen.

  • Benat Castorene 2018-08-31 22:12

    Gillen, informazio gehiagorentzat: Eugene Goyhenetchen “Histoire du Pays Basque” eta M Duharten “Ustaritz au temps de la Revolution” eta Uztaritzeko udaletxearen artxiboak…
    Tamalez dena erdaraz
    Allande, ez nuen ezagutzen delako « ohidura idatzia » hau da desagertu dena ? edo nunbait ikus daiteke ?
    Ez dut adidu baliokiderik baden Lapurdin. Aldiz aurrekoan gaizki errana nuen,zuzendu behar dut : debate guti egiten zen L.biltzarrean Parroki baikotzeko bi ordezkariek bazuten mandatu inperatibo bat, hau da, bozkatu behar zuten parrokian aintzinetik deliberatua izan zena. Horrela zen ohitura.
    Horregatik L. biltzarrak ez zuen ulertu Garat anaiek bozkatu zutelarik pribiligioen abolizioa Parisen. Izan ere bidaliak izan ziren mandatu inperatibo batekin, hau da, estatutua defendiatzea, justu kontrarioa.
    Ezdakit interesgarria den zuentzat, senpertar adiskide batek komunikatu dit XVII. menderako parrokien ordezkarien zerrenda.