“Bosgarren espazioak” 2009ko emaitzak hobetu ditu; batuta aurkeztu izan balira lau ordezkari lortuko zituzketen
Euskadiko ezker ez-abertzalearen suizidio politikoa irudikatu da urriaren 21eko hauteskundeetan. 1994tik Eusko Legebiltzarrean izandako ordezkaritza galdu du Mikel Aranak “bosgarren espazio” gisa definitu duen gizarte sektoreak. Ezker Batua-Berdeak izan zenaren bi banaketa (IU-Ezker Anitza eta Ezker Batua) aurkeztu dira bozetan alternatiba ekonomiko ezkertiar gisa. Bi horiekin batera, ñabardura ideologikoetatik haratago iritzi publikoan esparru bera bete duen Equo alderdi berria aurkeztu da. Hiru proposamen ezkertiarrek 58.849 boto lortu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eserleku bat lortu duen UPDk 21.492 besterik ez ditu lortu, “bosgarren espazioaren” babesaren erdia baino gutxiago.
Ezker Batua zatituak 2009 urtean baino bozka gehiago lortu ditu, bitxia badirudi ere. Bizkaian 20.000tik 27.000ra egin du jauzi, Gipuzkoan 11.000 bototik 14.500era eta Araban 5.000tik 7.000ra. Guztira EAEn lortu dituzten 47.500 botoak aise gainditu dituzte 2009 urteko hauteskundeetan erdietsitako 36.300 botoak. Equok EAEn lortu dituen 11.369 botoei Ezker Batuaren zatiketena gehituz gero, aurrez emandako 58.849 botoak agertzen dira kalkulagailuan. Alegia, “bosgarren espazioaren” atomizazioa izan da ordezkaritzarik lortu ez izanaren erru bakarra, boto gehiago lortu baitituzte, are gehiago Equorenak kontuan hartuz. Aipatu behar da Mikel Aranaren Ezker Anitza izan dela hiru alderdietatik boto gehien lortu dituena, 30.179. Atzetik Ezker Batua ia erdiekin 17.301, eta, azkenik, Equo 11.369 botorekin.
Nabarmentzekoa da Equok Gasteizen lortutako emaitzak: 3.696, botoen %3,24. IU-Ezker Anitzatik 300 botora kokatu da Araban Aitor Urresti bozeramaile duen alderdi ekologista. UPD baino 1.200 boto gutxiago lortu ditu Araban Urrestik. Eusko Jaurlaritzaren datuetan ez dute lurraldez lurralde Equok lortutako botoen kontaketa egin.
Eserlekuen balizko banaketa EB-EA-Equo
“Bosgarren espazioak” batuta egin izan balie hauteskundeei aurre 4 eserleku lituzkete Gasteizko Legebiltzarrean: 2 Araban (UPDri eta EAJri bana kenduz), 1 Gipuzkoan (EAJri murriztuz) eta beste bat Bizkaian (EAJ kaltetuz). Izan ere, hiru alderdiek batera, Araban 11.328 boto lortu dituzte, Bizkaian 30.000 bat boto eta Gipuzkoan 17.000 inguru.
Datu hauek eskuan, ukatu ezinezkoa da EAEn badela “bosgarren espazio” izendatu daitekeen sektore bat, %5 inguruk babesten duena, ezkertiarra izanik ideia abertzaleak elkarbanatzen ez dituena. Azpimarratzekoa da banaketak banaketa 2009 urtean baino boto gehiago lortu izana. Sektore horren epe motzeko erronka proiektu berri eta indartsu batean batzea da. Hala ez balitz, hauteskunde anekdotaren mailan gelditu daitezke datozen legegintzaldietan ere.