Bizitzaren alde, berriro, jubilatuok kalera

Bizitzaren alde, berriro, jubilatuok kalera –

Alain Krivine lagun zaharrak esan berri du 68ko belaunaldia fisikoki zein politikoki hila dagoela, baina bere horretan irauten dutenek badutela oraindik borrokan jarraitzeko grinarik, baita  belaunaldi berriekin txertatzeko zioa ere. Bat egiten dut iritzi horrekin.

Bizitzaren alde, berriro, jubilatuok kalera
Arg: Pentsionisten mobilizazioa. LIS TEJIDO / EFE / BERRIA

Orain dela urte bi zendu zen Stephen Hawkingek askotan adierazi zuen ez ziola beldurrik herioari; alabaina, bizitzea merezi zuela eta ez zuela presarik hiltzeko. Irakurle arruntek, segur aski, Krivine eta Hawking-en artean ez dute antzemango lotura handirik. Bata, gauchista petoa, 68ko maiatzean bere une loriatsuena bizitakoa, eta ondorengo borroka internazionalistaren eremu gutxituan askorentzat ispilu izandakoa; bestea, arrakasta handiko zientzialaria, denboraren joan-etorrian fisikoki ahultzen zihoan heinean, intelektualki handitzen joan zena, mundu osoa aho bete hortz utziz. Biak ala biak Prometeoren oinordekoak, iraultzaile petoak fisikan zein politikan. Unibertsoa zein mundua beste modu batera ulertzera engaiatuak, eta egoera okerrenean ere bizitzea merezi duela sinesgarri egin dutenak. Krivinek bere bizitza osoan denbora gutxi egin du kartzelan; halaz ere, bizitza osoa ziega ilunetan gatibu izan zen August Blanqui-ren oinordekotzat du bere burua. Hawkingi gorputza bihurtu zitzaion kartzela. Batak zein besteak adimen irudimentsuari esker gainditu zituzten ezintasunaren mugak gizaki askeak bihurtuz.

Biak ateoak, gainera. Bata, marxista materialista; bestea, «ez dago zerurik edo beste bizitzarik ordenagailu apurtuentzat» adierazi zuen zientzialaria. Biak ere gizarte justuago baten aldekoak. Communard iraultzailea, Parisko Komunaren eta Manifestu Komunistaren jarraitzailea bata; bestea, «denek izan dezakete luxuz beteriko bizitza bat makinek sorturiko aberastasuna banatzen bada, edo gehienek miseria gorrian amai dezakete makinen jabeek lortzen badute aberastasunaren banaketa zapuztea», halako manifestu iraultzailea egiteko gai izan zena.

Eta egunotan heriotzatik bizitzatik baino hurbilago gauden milaka eta milaka jubilatu kalera atera ginen, azkenekoz abenduaren 5ean, Toledoko Itunaren alde kezkagarrien aurka, bizi garen artean duintasunez bizi nahi dugula adieraziz.

Gora gu eta gutarrak, jubilatu martxosoak!

Bizitzaren alde, berriro, jubilatuok kalera

Joxe Iriarte Bikila

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude