Euskal Telebistaren sorrera, dataz eta datuz

Euskal Telebistaren sorrera, dataz eta datuz –

Amatiñok, bere blogean.

1983ko Urteberri eguneko aurrenengo minutuan ekin eta ondoko bizpahiru ordu txikietan igorri zen Euskal Telebistaren lehen informazio-programa. Egun bereko goiz erdian, berriz, umeentzako lehendabizikoa. Artean, 24 orduz oheratzeke geundela, sortzear zen Kataluniako Telebistatik deitu ziguten telefonoz, galdezka: “Goardia Zibilik agertu al da?” Ezetz, erantzun eta: “Orduan, bagoaz gu ere.”

Euskal Telebistaren sorrera, dataz eta datuz1983ko Urteberri eguneko programazioarekin batera amaitzen da Iñaki Agirregomoskortaren “Así nació la televisión del País Vasco” (Alberdania, 2020) liburua. Ez zen, zinez, geroko gerotan uzteko moduko zeregina, orain arte iraun duten dokumentuak nekez galduko badira ere honezkero, protagonisten iraungitze-data artxiboetako agiriena baino aski laburragoa izaten baita.

Izan ere, ez dira geroztik alferrik ia berrogei urte igaro eta, tamalez, ikertzaileak ezin izan ditu elkarrizketatu aldez aurretik betiko joandako zenbait ageriko protagonista, Ramon Labaien, J.J. Azurtza, Imanol Olaizola, Josu Zubiaur, Andoni Areizaga eta Luis Iriondo, kasu. Alegia, EiTB indarrean jarri zuen Kultura Sailburua bera, haren ardurapean telebistaz aritu ziren bi kultura-zuzendari, EiTBren lehen bi zuzendari nagusiak eta ETBren lehen zuzendaria.

Seguru, garai hartako bibliografia eta hemeroteka ezinbestekoak direla zenbait datu eta data doi zehazteko orduan, baina urritxo, behar bada, bastidore artean gertatu zen mirari hura ulertarazteko. Areago, kontuan izanda, aipatu guztiak iritzi berekoak ez izateaz gainera, kontrajarriak –eta kontrara jarriak– ere izan zirela hainbatean.

Nik dakidanez, gerra ostean euskal komunikabideei buruzko lehen hitzaldi-astea Arrate Kultura Elkartean eratu genuen, 1974 urtean, antzerkiaz, bertsolaritzaz, zinemaz, irratiaz eta prentsa idatziaz. Ez, ordea, telebistaz, beste galaxia batekotzat jotzen genuelako, euskaraz behintzat. Hiruzpalau urte geroago, ostera, telebista, guraria ez ezik, seguru-seguru lortu beharreko aldarria zen. Eta, nago, aldaketa hori ez zela hain ezinbesteko gertatu izango, demokrazia iritsi izan ez balitz, Gernikako Estatutuak dioena esango ez balu eta Eusko Alderdi Jeltzaleak hain nabarmen irabazi izan ez balu.

Funtsean, Franco hil zenetik (1975) ETBren lehen programa-igorpen arterainoko (1983) bilakaera da Iñaki Agirregomoskortak bildu duen datu-pila ikaragarria. Historiaz lizentziatua eta hainbat urtez ETBen artxibo-arduraduna izana, Agirregomoskortak gaia hurbiletik jarraitzeko aukera izan du eta, batez ere, 1977-1982 tarteko sei urteetan burutu zen Euskal Telebistaren egitasmo politiko eta legalaren nondik norako zehatza eskaintzen digu, orduko agiriek zein bizirik dirauten protagonistek eskaini ahal izan dizkioten datuak xeheki asko bateratuz.

ETBren historiaz jabetzeko oinarri-oinarrizko dokumentazio-bilduma, datuz eta dataz.

Euskal Telebistaren sorrera, dataz eta datuz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.