“Birpolitizazioa” eta lehentasunak
Irakurri Koldo Saratxagaren elkarrizketa edo Sarasuaren hau (baita Euskadi Irratian eman zuen beste hau ere), eta sentipena, ez ote diren sintomak antzerakoak; ez ote dagoen lausoaldi, ipargaltze antzerako orokor bat, sektoriala zentzu batean, baina aldi berean, subjektu komunago baten norabide galera salatzen duena.
Jon Sarasuak (euskarak) “birpolitizazio” bat behar duela aipatzen du #kontzeptugisa. Gustatu zait kontzeptua, birpolitizazioak, berez, aitortzen duelako, esplizituki, politikaren garrantzia, hots: “Pertsona, talde, enpresa eta abarrek helburu jakin bat lortzeko duten jarduera- eta prozedura-multzoa.”
Jarduera eta prozedura multzoaz ari garela, eta subjektu komun horren norabide galeraz-eta, ebatzi beharko litzateke zein diren subjektu komun horren eta horien misioak eta lehentasunak. Eta nola txertatzen diren larrialdi sektorialak (ekonomia, euskara eta euskararen ekonomia; baina baita zer leku eta joko duten estualdian diren komunikabideek, dinamika antierrepresiboak, erraustegi ez ekologikoen aurkako kanpainek etc…) hor. Eta, ondorioz, nola garatuko diren: helburu horiek gauzatzeko prozedura multzo zibil-eraginkor-etiko-politikoak.
*
Azken denboretan, epaiketa edo atxiloketen aurrean maiz zabaldu da, “herri gisara erantzun beharraren” mantra, hain erabiliagatik, inork ondoegi zer den ez dakiguna. Ez, jakiteagatik, ez dakiguna nola artikulatzen den ere, protestatik harago.
*
Luistxo Fernandez berari ere aipatu izan diot topatu izan garenetan, askotan gogoratzen naizela bere artikulu honetaz. Window of Opportunity edo aukeraren leihoa aipatzen zuen. Ez dakit halako baten aurrean edo emergentziazko egoera batean gauden, edo ez den bietariko nahasketa bat (krisi & aukera) bizi duguna.
Kontuak kontu, unea, aukera edo emergentzia gainditzeko behar politiko, sozial eta kulturala (eta jar nadin dramatiko, pertsonal) agerikoa da.
Eta hor giza kolektibo handi batek, lehentasunak ezarri beharko ditu, ikuspegi sektorialak gaindituz eta haiek kontuan harturik: krisitik ateratzea eta ehun enpresariala ez galtzea (Fagor eta ongizate eredua), 50 urteko fase politiko-armatu bat ixtea (Mario Zubiaga: “Ezker abertzalearentzat garrantzitsuena da aurreko gatazka ziklo hori behar bezala konpontzea da”) edo independentzia izango den, azken batean, askatu beharreko katramila nagusiena, eta nahi bada, kolektiboa (nazionala?)
*
Birpolitizazioa I eta birpolitazioa II
(Sarrera hau nire blogean)
Gure artean zintzotasunez aritzea ezinbestekoa da gure aldeko politika eraginkorra garatu ahal izateko. Bat nator, nola ez, artikuluak aipatzen dituen korapiloen askatzean datzala egun egin behar dugun lanaren muina. Baina zintzotasuna aipatu dut, ezin dugulako hausnarketa honetara ekartzen lagundu gaituztenen lan bikaina gorde, lotsatuko bagina bezala.
Politikaren garrantziaz ohartzeko ez dut uste Sarasuaren tesia baliogarria zaigunik, hain zuzen, espainiar egitura politikoaren azpi-talde gisa hartzen duelako hegoaldea. Ez du euskaldungoa botere politikoaren borrokan sartuta ikusi nahi, eta horregatik ihes egiten dio inolako planteamentu estrategikoari (independentzia). Bere ikuspegitik euskaldunak; homosexualak, langile ebentualak, elbarriak, aktoreak ala
nekazaritza biologikoaren aldekoak, herri baten zati eta estatu (espainiarraren) parte gara eta egin daiteken borroka, ahalik eta “erosoen” bizitzeko borroka da.
Badago aldea, Ane Ablanedok proposatzen digun politizazioarekin “hizkuntza-politikarik ez, euskarak politika behar du” esaten digunean http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-20/008/002/euskarakhizkuntzapolitikaezpolitikabehardu.htm
Politikaren garrantziaz aritu zaizkigu bai Joseba Ariznabarreta (Orreagakoa) http://www.youtube.com/watch?v=ZrRaesxrxpc eta bai Pako Aristi estrategia gabeziaren inguruan http://www.youtube.com/watch?v=C8OLpubk_Os baina badirudi hobetsi behar dela autonomismo zatikatzailearen apologista baten burutazioa.
Zintzoki jokatzeaki, galdera/zalantza hauek agertzerakoan; gernikako akordioa, zutik eh, aiete, munich, eta estrategiatik kanpo aritzeko bultzatu diren itun, akordio eta “alternatiba” guztien (auto)kritika eskatzen du. Halere, eta barruak ederki hustu eta gero, eskerrik asko gaiari lotzeagatik, hortik iruditzen zaidalako hasten dela independentzia berreskuratzeko nazio okupatuaren estrategia.
Beste erpin batetik begiratuta birpolitizazioarena kontzeptua benetan interesgarria iruditzen zait niri ere, sintomatikoa ere bada eztabaida horiek berriro indarra hartzea. Susmagarria baitzen, aspaldiko boladan, zentzu zabalean ulertutako politikatik eman den ihes orokor posmodernoa (ideologia benetan politiko eta nagusiaren garaipena izan dena, bestalde): denak apolitiko, teknokratiko, neutral, ekidistante, “arima eder”, tolerante multikulturalista, etikoki garbi etc. Subjektuarengatik ez nintzateke larregi arduratuko, kaltegarria ere izan baitateke aurretik finkatu nahi izatea. Gogoratzen dut Imanol Galfarsorori ARGIAn egindako elkarrizketa hura, gutxi gorabehera prozesuak berak osatzen duela subjektua aipatzen zuena. Independentziaz ari zen bera, baina berdin berdin balioko luke beste alorretan ere. Azken finean, Badiou gogoratuz, egia batekiko fidelitatean datza kontua… eta hor konpon besteon gainetik dabiltzala uste duten aingerutxoak.