Bi film eta erakusketa bat, bihar kalera ateratzeko
Zinemara edo erakustaretora sartu den bera ez izateko plazera ematen duten filmak eta erakusketa dira Nagore eta Debekatuta dago oroitzea eta Kontraindarkeriak. Minbera, tripak nahastuta, hunkituta, haserre, triste eta amorraturik irten nintzen behintzat hirurak ikusi ostean. Baina nola esan, aktibatuta ere bai. Gertatu direnak alferrik ez direla gertatu esaten nion neure buruari.
Historia ezagunak dira bi dokumentalek erakusten dituztenak. Memoria ariketa ezinbestekoak. Helena Tabernak Nagore Laffageren erailketari buruzko filma egin du, Asun Casasola Nagoreren amaren kontakizunetik abiaturik. “Ni, Nagoreren amagatik etorri naiz filma ikustera”, komentatu zidan malkoak makilatzera ni bezala komunera joan zen andre batek. Ama eta familia horren indarra eta duintasuna, tristura eta amorrazioa jaso ditu Tabernak. Eta gogorarazi zidan epaitua Nagore Laffage bera izan zela auzi hartan, eta Jose Diego Yllanes “homizida” biktimatzat hartua. Eta tamalez, edozein neska izan zitekeela gau hartan Nagore Laffage. Orduko hartan Naiara Elolak Berrian idatzi zuen analisi bikainarekin gogoratu nintzen.
Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Saturrarango kartzelatik atera dute han preso egondako emakumeen memoria. Gogoak eta barrenak mugiarazten dituzte trantsizioak bigarren aldiz isilarazi zituen emakume horien lekukotasunek, eta hor, memorian, iltzaturik gelditzen da haurra kartzelan hil zitzaion andrearen ahotsaren dardara, besteak beste.
Errealitatea gordinegi, eta historia hori bera edulkoratzaile pixka batekin ezagutu liteke Mikel Ruedaren Izarren argia-n ere.
Eta zinematik aparteko proposamena: Koldo Mitxelena Kulturunean dagoen Kontraindarkeriak. Emakumeenganako erasoei buruzko praktika artistikoak erakusketa. Genero indarkeriaren aurpegi ugari erakusten ditu mostrak, egunerokoak, urrutikoak, etxekoak, ikusten ez ditugunak… Lan guztien artean hiru nabarmenduko nituzke nik: Shoja Azariren A room wiht a view , Maya Bayevicen dosi ñimiñotako tortura, eta Alicia Framisek Amberesen, Parisen, Bartzelonan, Berlinen edota Helsingborgen grabatutako bideoak, zeinak Bilbon, Ataunen, Hernanin edo Luhuson grabatuak izan zitezkeen. Bortxaketa bat, etxe barruko tratu txarra eta hirugarrenik, emakumearentzat leku batzuk debekatzen dituen indarkeria estrukturala erakusten dituzte bideoek.
Horra, bihar azaroak 25 genero indarkeriaren kontra kalera ateratzeko arrazoi gehiago.