Zuk zeuk nola jokatuko zenuke?

Mzg3OA==

Sarrera hau idazten dugun tenorean, 400.000 bisitaritik gertu dago Iñaki Perurnari euskalduna ez dela esaten zaionean… delako artikulua. Horrexek astindu ditu gure bazterrak, orain arte beste ezerk ez bezainbeste.

Albistea ezkutuan dago aspaldi gure azaletik, baina sare sozialetan ez da oraindik apaldu eta tantoka baino, zaparradan sartzen dira bisitariak gure zenbagailuan oraindik ere. Iruzkinak ere, ehundik oso gora joan dira sekula ez bezala, tartean gaztelania eta katalanezkoak.

Guretzat oso pozgarria izan da gertaera, asko igo baitira albistari horizontal honen audientzia kopuruak: jende gehiagok ezagutzen gaitu orain, eta askok bertan goxo egitea erabaki du. Antza.

Hastapenean ez ginen ohartu eta pozez hartu genuen gertaera: lehenengo aldiz, euskaraz idazten ez dakien jendea ere hurbiltzen da ZuZeura bere iritziak agertzera, zer eta euskalduntasunaren inguruko gogoeta bat dela medio. Soilik jendetasunik gabe idatzitako bat bota dugu zaborretara, euskaraz nahiz erdaraz, ez baitugu uste halakorik onar daitekeenik.

Bai, bideoa ere gazteleraz egina da, hori ere hortxe dago tartean. Badakigu bestela ez zukeela izanen halako harrerarik, baina ZuZeuren funtsetako bat da euskaldunok euskaraz gain beste hizkuntza batzuk ere badakizkigula konplexurik gabe onartzea eta eraginkortasunez erabiltzea, geuretzat interesgarriak diren informazioak geure plazara ekarriz, dauden hizkuntzan daudela.

Eta hala, geure hurbileko hizkuntza handienetara jarri izan ditugu estekak: gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Baina ez horietara bakarrik: katalanera, italiera, galegoa, portugalera, asturiera… Globalizazioa ez al da, ba, horixe norberarenari tinko eutsiz, bestearena ezagutzea?

“Arrikitaun” erabiltzaileak, ordea, kezka sortu digu: «Zuzeuren erabilera baldintzetan hau irakur daiteke: “Giza eskubide guztiak, gizaki guztientzat” horixe du muga politiko bakar ZuZeu albistariak. Ulertu nahi duenak, uler beza. Eta EUSKARAZ izatearena ere bai, jakina. Azken finean, Internetzale euskaldunok dugun hutsartea arintzea baitu helburu albistari honek. Beraz, neska-mutilok (kudeatzaileok) hasi Perurenaren beri horretan dauden mezuak ezabatzen. mila esker.»

Dezenteko eztabaida piztu duen sarrera baten karietara egindako iruzkinetan izan da, hain juxtu Iker Tubiak Nafarroako gaztelerazko seinaleen ezabaketari buruzko batean.

Zer egin behar dugu? Zer iruditzen zaizu? Nola jokatuko zenuke zuk zeuk?

Eskerrik asko, aurrez.

  • A- Euskarazkoak ez diren sarrerak ezabatu betiko eta etor litezkeenak ez onartu.
  • B- Gauza bera, baina erdal-iruzkin horiek nonbaiten gordez, bihar-etzi norbaitek nahi balitza.
  • C- Orain artekoak utzi eta berririk ez onartu.
  • D- Dena dagoen bezala utzi eta berriak ere onartu.
  • E- Beste zerbait (Zer?)
Irudia | No doubt? | Filtran. | Creative Commons By SA
zuzeu
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

12 pentsamendu “Zuk zeuk nola jokatuko zenuke?”-ri buruz

  • Markos Jutsuriaga 2010-11-24 10:39

    Nik D aukeraren alde egingo nuke.

  • Gonzalo Etxague

    Neuk ere D aukeraren alde nago, oraingoz. Ez dut uste arazo larria denik: Perurenak arrakasta itzela lortu du, baina ezinbestez lehengora itzuliko gara. ZUZEUn euskara da komunikazio tresna nagusia, eta horrela izaten jarraitzen duen bitartean, arazorik ez. Bestelako joera indartuko balitz, ordea, neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke. Bien bitartean, erdarazko iruzkineei euskaraz erantzutea proposatzen dut.

  • Etxaguerekin ados: zoritxarrez, bideo batek sorturiko salbuespen egoera baten aurrean izanik, erdaldunak euskara hutsezko medio batean parte hartzen, ez dirudi zentzuzkoa horren arabera arautzea; eta ABC aukerek balizko egoera horien berri izan eta baloratzea galeraziko lukete… Orduan ere eta, Etxaguek dioenez “arrisku” ez diren bitartean, ez al lirateke aurrepauso bat horrelako bisitak?

  • Gari Garaialde 2010-11-24 16:59

    Ni ere printzipioz Daren alde egiteko asmoarekin sartu naiz hona, baina E proposatuko dut
    Zergatik haseran D?
    Hatz eta Etxaguek emandako arrazoin berberengatik. Behin gertatu da eta ez dira erantzun asko izan. Aurreko astean kontatu nuenez 10% zen erdaretan egindakoa. Egia da Gazteleraz ez direnak poz gehixeago sortzen didatela baina gaztelerazkoak ere baziren. Nik jarraipen bat egingo nioke, baina momentzuz aldatu gabe.
    Beste gauza bat da erantzunen artean debate bat sortuko balitz Euskara erabili gabe…
    Zergatik orain E eta zer da E?
    Nik (batez ere hemendik aurrera, oraingoak eginak baitaude) mespetxuzko hitz eta irainik ez nuke onartuko, eta Manu delako horri esandakoetatik asko inolako errespeturik gabeak izan ziren. Honek ere ez du marra zehatzegia, baina batzuk marra pasatu dutela argi dago.

  • Eztabaida honek duela hilabete batzuetan niri gertatutako pasadizo bat gogorarazi. Laburra izango da. Vocento taldeko egunkari batean, Euskal Herritik kanpo dagoena, Zuzeu eukaldunen topagunea izateari eusten badio.

  • Guztiz ados Garirekin.

    Bestalde eta horren harira, harrigarria egiten zait nolako aldea dagoen orokorrean erderaz eta euskarazko eztabaiden artean: ez dakit kopuru kontua den, komunitate txikia izatearen ondorioa, batzuon hizkunta atrofiatuaren ondorioa, euskaldun fededun… edo zer demontre, baina aldea baino, benetako amildeagia sumatzen dut euskarazko eta erderazko foroen artean iruzkinen maila eta elkar errespetuari dagokionez, salbuespenak salbuespen. Arrazoiak argitzeke ere, harro sentitzera ausartuko naiz.

  • Joseba Barandiaran 2010-11-25 09:16

    Nik D bozkatuko nuke, ezohiko bideo/egoera/berri baten kasua izan delako. gazteleraz, frantsesez, ingelesez edo katalanez ere ager litezke iruzkinak, baina horrek ez du ZuZeuren funtsa eta euskalduntasuna ez aldatzen, ez mehatxatzen.

    Hori bai, Garik dioena zainduko nuke gehiago, irain eta mespretxuena, izan euskaraz, zein erdaraz. Finean, eztabaidak ez daitezela chat ahobero irainmerkeen azoka bihurtu; telebistan gertatzen den bezala, zer den eztabaida eta zer den zarata morbosoa.

    errespetuz egindako noizbehinkako erdarazko iruzkinek ez gintuzkete, oraingoz, kezkatu behar.

  • “Nineu” ere E-ren aldekoa. Hau da, D aukera baina bi gehigarrirekin: erdarazko iruzkinei euskaraz erantzun eta iruzkin iraingarriak ezabaturik (nahiz eta ez den erraza muga non dagoen jakitea).

  • Unaiekin bat nator, erabat.

  • Nik C aukeraren alde egingo nuke.

  • Aldez aurretik iruzkinak egiteko “araurik” argiki azaldu ezean, zaila da egindakoetan atzera bueltatzea, eta idatzi duenaren iritzia kolpetik ezabatzea (beti baita mingarria norberaren esanak zentsuratu direla ikustea).
    Baina atzera egin beharrean baino, aurrerakoetan ezarri beharreko irizpideak zehazterako orduan hona gurean (eztabaida sano batzuen ostean) erabakitakoak
    1. Modu zuzen edo traketsean izan, euskarazko testuak onartuko dira soilik.
    2. Irainak, debaldeko salaketak eta difamazioak onargaitzak dira.
    3. Arauok hausten badira, Aiaraldea Komunikazio Leihoak neurriak hartuko ditu, iruzkina ezabatzea barne.
    4. Azkenik, errespetuz eta zentzuz jokatzeko deia luzatzen dizuegu.

  • C aukeraren alde egingo nuke
    Euskaraz nahi dut Zu Zeu
    Erderaz eskaintza zabala dago, nonahi. Euskeraz ezer gutxi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude