Beranduegi
Behin, Izagirrek (Boris, ez Koldo) erran zuen, gazte zelarik, hautatu behar izan zuela zer izan nahi zuen bizitzan, edo kultoa edo ederra. Ez naiz oroitzen zein aukeratu zuen: dakidana da, neronek dilema horri buru egin nahi izan nuenerako mantsoegi zela; ordurako, nire tripa-zorroak Dukanen jakinduritik eta erremedioetarik haratagoko tamaina zuen hartua, eta horrek kontraste nabarmena egiten zuen kulturaren hainbat alorretan pairatzen nuen anorexiarekin. Ez batak ez bertzeak ez zuen konponbiderik, baina bigarrena disimulatzen errazagoa iduritu zitzaidan.
Edonola ere, ez da gibelatua ailegatu zaidan kontu bakarra. Beranduegi ailegatzen bainaiz gauza guzietara. Errate baterako, hogeita hamar urte inguru nituelarik ohartu nintzen ez nuela nire lehen liburua hemezortzi urterekin argitaratuko, eta oraindik ez dut gainditu itzartze horrek eragin zidan trauma. Motela naiz, zer eginen diogu.
El fáctor Borges liburuan, Alan Paulsek dio Borgesek, 1899an sortu arren, maiz erraten zuela 1900ean jaioa zela, keinu horrek XIX. mendearen nostalgia izateko eskubidea ematen ziolako. Urtea aldatuta, XIX. mendea bihurtzen zen Borgesek inoiz izan ez zuen mendea, galdua zuen mendea: “Sólo se pierde lo que realmente no se ha tenido” idatzi zuen saiakera batean maisu argentinarrak. Sekula eduki ez duguna galtzen dugu soilik, galera gure asmazio bat da, alegiazko iragan bati begira guk geronek josiriko oihal bat da nostalgia.
Egun hauetan, Euskaltzaindiak Nafarkaria gehigarria sarean jarri du: lehendabiziko zenbakia, 1991koa da; hondarra, 2002koa. Egia aitortuko dizuet: bere tenorean, nik ez nuen ale bakar bat ere irakurri: 1991n ez nekien hitzik ere euskaraz; 2002an titulua eskuratu berria nuen (eta nire hizkera orain baino zalantzatiagoa, estuagoa eta erdarakadaz josiagoa zen), baina susmoa dut artean euskaraz irakurtzeak gehiago zuen lanetik, gozamenetik baino. Orain, orri haietan gaur ezagutzen eta, kasu batzuetan, lagun dudan jendearen bisaiak eta sinadurak ikusi ditut: Pello Lizarralde, Mikel Bujanda, Felipe Rius, Juan Kruz Lakasta, Aingeru Epaltza, Mikel Taberna, Juantxo Urdirotz, Patxi Larrion, Joxemiel Bidador zena, Alberto Barandiaran, Jon Alonso, Xabier Larraburu… (Larrabururen artikuluak gustura ari naiz irakurtzen, eta segur naiz baten batek haren estiloan angelerrorismo edota patxilarrionismoaren zantzuak aurkituko dituela –eta horrek, bidenabarkoan, Borgesen teoria frogatzen du: idazleek beren aitzindariak sortzen dituzte–; edonola ere, polita litzateke editore trebe batek Larrabururen zutabe batzuk liburuxka batean bilduko balitu). Eta, bat-batean, inoiz eduki ez nuenaren mina sentitu dut, pentsatu nahi baitut gaur egun parte hartuko nukeela Nafarkarian: ez nahitaez idazten, baina bai irakurtzen eta komentatzen, goraipatzen eta kritikatzen, filiak eta fobiak nabarmentzen.
“Sólo se pierde lo que realmente no se ha tenido”: tupustean, bizi izan ez dudanaren hutsunea sumatu dut, hutsune handi eta mingarria, asmatzen ari naizen oraingo niak behar lukeen eta inoiz izan ez duen iraganaren falta.
Gauza guzietara beranduegi ailegatzen naiz, eta horri esker nire nostalgiak badu galduriko lurralde mitiko bat: Nafarkaria.
berri bat sortzea besterik ez da.
Hori, hori!! XXI. mendeko nafarkaria. Parte hartzaile eta irakurle askoooooz gehiagorekin.