Beha Euskal Herria: herri ikuspegiz aktualitateari begira

Gaindegiak Beha Euskal Herria ataria sortu du, Euskal Herriko garapen sozioekonomiari buruzko informazioa bildu eta gogoeta eragin nahi duen ataria.

BehaProiektu honek bi helburu bete nahi ditu: batetik, gaur egun sakabanatuta dagoen Euskal Herriari eta bere lurraldeei buruzko aktualitate sozioekonomikoa biltzeko eta gunea izan nahi du, eta, bestetik, Euskal Herriaren nazio garapenarekin lotutako gogoeta eremua bihurtu, tokian tokiko errealitatetik haratago Euskal Herriaren kohesioari begiratuko diona.

Izan ere, gaur egun euskal lurralde desberdinetan problematika eta iniziatiba maila garrantzitsuak daude, baina ohiko hedabideen jarraitzailearengana ez dira iritsi ohi, eta beraz, gure aktualitate sozio-ekonomikoaz dugun ikuspegia mugatua izan ohi da. Gaindegiak iturri desberdinetako edukiak jario bakar batean bildu eta eskaini nahi ditu, Beha Euskal Herria atariaren bitartez, hain zuzen ere.beha ataria

Horretarako, Gaindegiak Euskal Herri osoko albisteen jarraipena egingo du, zehazki, herri gisara ditugun erronka eta ekimenen ingurukoetan arreta jarriz, eta astero-astero horien hautapena eskainiko dio irakurleari. Era berean, hilero eduki propioak ere eskainiko ditugu, elkarrizketak edota iritzi artikuluak kasu, ekonomia edo gizarte arloetatik gure etorkizunari begiratuko diotenak. Azkenik, eguneroko titularren jarraipena eskainiko du, bai atarian bai twitterreko @beha_eus kontutik.

Euskal Herrira begiratzeaz gain, munduari ere erreparatuko dio Gaindegiak atari honetan: “Mundua” atalean, Euskal Herriarentzat interesekoak diren informazio eta albisteak eskaintzen dira, hedabide orokorretan irakurri ohi ditugunetatik haratago.

Besteak beste, irakurleak ondorengo eduki motak topatu ahalko digu Beha Euskal Herria atarian:

  • egiturazko gaien informazioa (lan merkatua, sektore ekonomikoak, gizarte politikak, Europa, energia)
  • eduki espezializatuak (txostenak, ikerketak…)
  • herri garapenari eta gure etorkizunari buruzko iritzi eta gogoetak
  • mugaz gaindiko ekimenak
  • tokiko garapenari buruzko informazioa eta albisteak
  • infografia eta bestelako baliabideak

Ataria bi hizkuntzatan jaio da, euskaraz eta gaztelaniaz, baina aurki frantsesez ere eskaintzeko konpromisoa du Gaindegiak.

Informazio gehiagorako: www.beha.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude