Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak –

Herri baten historia-liburuetan badira orri alaiak eta orri tristeak, garaipena islatzen dutenak eta porrotaren berri ematen digutenak, orri ederrak eta ezkutuan edukitzeko modukoak. Eta horixe bera da Euskal Herriaren historian gertatzen dena. Dena den, momenturik txarrenak, larrienak, izaten dira herriaren oroimen kolektiboan hobekien grabaturik gelditzen direnak, eta aunitzetan gertakizun gogor eta lazgarri horien inguruan mistika bat sortarazten dutenak. Ezin dugu gure gogotik aldendu karlistaden inguruan idatzitakoa, edo 36ko gerraren inguruan gure herrikideek hitzez eta idatziz helerazi digutena. Garai hartan etsaia gero eta hurbilago genuen, gero eta ankerrago. Euskadi gorroto zuen, eta berarekin batera gure ikur eta nortasun alor guztiak: euskara, ikurrina,…

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak
Bediaga komandantea bere gudarien artean

Euskadi, edota garai hartan esan eta idazten zuten bezala Euzkadi, egituratzen ari zen. Itxaropenak piztu-piztuak zeuden. Abertzaletasuna gora. Erakunde sortu berriak genituen: jaurlaritza, lehendakaria, ikurrina, gudarostea, ertzaintza… Euskal egituratze berriaren osagaiak hor zeuden, eta etsai gaiztoa gure ateetan, edozein momentutan sartzeko prest. Ez da harritzekoa, bada, une latz haietan sortutako mistika abertzalea eta galtzaileen gogoan utzitako oroitzapen ezabaezina. Euzkadik bizi nahi zuen eta horretarako gerra-zelaietan irabazi beharra zeukan. Gerrak bi aldeak ekarri zituen: gurea eta etsaiena, bi aldeen banderak: ikurrin zuri-gorri-orlegia  eta gorri-horia, gudariak eta milizianoak alde batetik eta falangistak eta erreketeak bestaldetik, sufrimendua, odola eta heriotza, gorrotoa eta irabazteko grina. Beraz, bazen mistika abertzalea sortzeko beharrezkoa zen guztia. Herriak ahoz aho, esamesek eta kontakizunek, bertsoek eta kantuek, artikuluek eta liburuek egin zuten falta zena, hau da, denon bihotzetan zegoena beste arlo batera eramatea, mistikaren arlora, mistifikazioaren arlora, gerra galdu zuen herri oso baten oroitzapen kolektibora, hain zuzen ere.

Mistika honetan murgilduz gero, gauza aunitz, pasarte asko daude oroitzeko, baina bada bat biziki berezia dena, bertan euskal ikurrinaren eta espainiar banderaren arteko lehia gogorarazten baitzaigu. Iñaki Egaña historialari donostiarrak “Ikurriña, 100 años”  izeneko liburuan, 84. orrialdean honela kontatzen digu pasarte hau:

“…Gernikako bonbardaketa izan aurretik, zenbait gatazka odoltsu izan ziren. Gerra guztietan gertatzen den bezala, gatazka hauetan mitoa eta errealitatea nahastu ziren. Gatazka horietako bat izan zen gure gudariek Sabigain mendia berreskuratzeko gauzatutakoa. Mila metro inguruko menditzar honek Otxandiako ibarra babesten du. 1937ko apirilaren 14an, borrokako bi egun ondoren, Felipe Bediaga Aranburu komandanteak Sabigaingo gailurra hartu zuen, eta esku kolpe batez bandera espainola kendu eta ikurrina ezarri zuen haren ordez. Hau egiten ari zela, tiro bat eman zioten eta ikurrinaren itzalpean erori zen zerraldo. Hurrengo goizean, frankistek, ehizako hegazkinen laguntzaz, mendiko gailurra berreskuratu zuten. Hamar egun beranduago, Gudari aldizkariak Juan Briones-ek Bediaga komandantearen omenez egindako erdarazko olerki ederra kaleratu zuen”

Bediaga komandantea bere gudarien artean..

Eta hauxe da, nik oroitzapen kolektibo honen isla gisa, eta gure gudari guztien aldeko oroigarri bezala, orain euskaraturik eskainiko dizuedan olerki edo kantua. Jatorrizkoa ikusi nahi izanez gero, jo ezazue Gudari aldizkariaren bosgarren zenbakira.

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak

 

Arana-Goiri batailoiko gudariek

Sabigaingo gailurra hartu zutenekoa

1937ko apirilaren 14a.

 

 

Sabigainen gora,

gudari adoretsuak aurrera doaz.

Ez daramate inolako babesik,

eta gailurretik

inbasoreek bidaltzen dizkieten balak

desafiatuz,

aurrera darraite.

Gora, gora euskaldunak!

Gora arraza indartsuko mutilak!

Gora sekula inbasoreak menperatu

ezin izan duen lur honek

emandako seme leialak!

Gora gure aberriagatik!

—Modu honetan berotzen ditu

Bediaga komandanteak bere gudariak—

Bera aurrera doa, mendian gora igoz,

atsedenik gabe,

ezerk ezin baitu Bediaga geldiarazi.

Hotzak, haizeak, euriak

gudari gazteak kolpatzen dituzte,

baina bihotza tente eramanez,

lur azalean barrena arrastaka,

lau hanketan,

etsaiaren metraila engainatuz,

aurrera darraite.

Gailurrera ari dira iristen,

Buruz buru ari dira borrokan,

gizonez gizon, baionetaz, tiroz,…

ahal den moduan.

Eskuko lehergailuak ari zaizkie jaurtitzen.

Aurrera euskaldunak!

Aurrera gure aberriagatik!

Aberriaren askatasunak aurrera segitzea

eskatzen digu!

Aberriaren ohore garbiak

honela agintzen digu!

Etsaiak Bizkaiko bihotzeraino

nahi du iritsi.

Aurrera aberkideak,

garaipena gurea da eta!

—oihukatzen du, behin eta berriro,

Bediaga komandanteak—

Eta lehoi baten gisa,

arraza handi baten sorterria den

euskal lur santua

profanatzen ari diren arerioen kontra

eraso egiten du.

Etsaiek, izuturik,

igarotzeko bidea uzten diote,

bera korrika eta lasterka,

denborarik galdu gabe,

gailurrera igotzen da,

eta han zutik eta harro dagoen

espainiar bandera lurrera jaurtiz,

eta bere tokian ikurrin zuri-berde-gorria

airoski ezarriz,

Gora Euskadi askatua”

oihu egin du.

Gudariak,

euren komandantearen adoreak piztuta,

aurrera doaz,

etsaiak mendian behera,

bala eta laino artean,

bidaliz.

Baina komandantea hilik dago,

eta bere gorpua berak ezarritako

ikurrinaren gerizpean datza.

Gorpua etzanda dago,

ikurrina, berriz, zut-zutik.

Euskal ikurrin garbia

haizager   dago,

zuri-berde-gorri,

Euskal Herri osoa agurtuz,

euskal mendi gorenak estaliz.

Euskadi!

Faxismoak ez dezala zurekin

inoiz buka!

Euskal ikurrin santua

segi haizager!

gure lurren gainean kulunkatuz,

aberriaren askatasuna gainezka dadin

gurutzearen eta ezpataren gainetik!

Juan Briones Ortun

 

Badira makina bat kontu eta pasadizo historiaren zurrunbiloetan galtzen direnak, baina badira ere, Herri oso baten oroitzapenetan betiko gorderik gelditzen direnak, eta Bediaga komandanteak Sabigainen egindakoa horietako bat delakoan nago, odolez, izerdiz eta sufrikarioz idatzita dagoelako.

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak

 

Eusko gudariak gera

Euskadi askatzeko,

gerturik daukagu odola

bere aldez emateko.

 

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak

Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak Bediaga komandantea eta Sabigaingo gudariak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude