BBCren hizkuntza eta marmartiak
Michael McInytre umoregile ingelesak chat show-a aurkezten du BBC One telebista katean. Saioa martxoan emititzen hasi zen, afalosteko tarte preziatuan. Estatu Batuetako kateek sortu eta munduan zehar oso ohikoa bilakatu den formatua erabiltzen du programak: hainbat pertsona famatu elkarrizketatzen ditu McIntyre-k umorea baliatuz, platoa betetzen duten ikusleei eta etxean saioa ikusten ari direnei barrea eragiteko asmoz.
Bada, herenegun Alex Jones aurkezle galestarra izan zen gonbidatuetako bat. Jones-ek ere Erresuma Batuko telebista kate publikoan programa bat aurkezten du, eta galesera hutsean aritzen den S4C katean urte luzez egin du lan. Elkarrizketaren une batean McIntrye-k galeseraz hitz egiten dakien galdetu eta hizkuntza horretan zerbait esateko eskatzen dio Jones-i. Honek esaldia bota ostean, aurkezle ingelesak galdetzen dio ea ez ote den Pingu telesailean hitz egiten duten hizkuntza. Umeentzako seriea da Pingu, zeinetan pinguinoek existitzen ez den hizkuntza bat hitz egiten duten. Une horretatik aurrera, galeseraz elkarrizketa izan dezaten galdegiten dio McIntyre-k Jones-i; lehenak marmar egiten du hizkuntza baldarki imitatzen, bigarrenak normal asko jarraitzen du hitz egiten. Ez da ingeles maila alturik izan behar bideoan jazotzen dena ulertzeko.
Gertakizun hau Ingalaterrako elebakarrek hizkuntza minorizatuen hiztunekiko sentitzen duten mespretxuaren isla gordina iruditzen zait. Bestalde, Jones-ek ez du McIntyre-ren jokabidea gaitzesteko imintziorik egiten, eta barre egiten erantzuten dio errespetu faltari. Nondik ikusten den, mendeetako zapalkuntza linguistikoaren ondorioa edo lankide batekin arazorik ez izateko jokabidea.
Lotsagarri, benetan.