Basko zintzoa, tematia, eta ugazaba, kafea hartzen

Basko zintzoa, tematia, eta ugazaba, kafea hartzen

Etxean zeudela, lagun erdalduna heldu da kafea hartzera.

Joana eta Joanes euskaraz ari ziren artean, ohi bezala, baina lagun erdaldunaren aurrean arauak aldatu dira. Joanes ez, baina Joana “edukazio oneko euskalduna” baita. Hala, erdaraz egin dio orain etorri den erdaldunari bai, baina lehendik parean zeukan euskaldunari ere, denbora guztian, lagun erdalduna eroso senti dadin uneoro. Ez dezan instant bakar batez besteen giroa zapuztu izana igarri. Ez dezan euskara jakin beharrik sumatu, eta “ezertarako behar ez duen” hizkuntza bitxi eta galzorian dagoen hori izaten jarrai dezan.

Izan ere, lagun erdaldun hori, herriko beste asko eta asko bezala, jaio zenetik 40 urteak bete dituen arte, beti bizi izan da berton, noizbait Euskal Herria izan ziren lurraldeotan, baina inoiz ere ez du euskararen beharrik izan. Inoiz ere ez.

Are gehiago, ezagutzen dituen euskaldun gehien-gehienek erdarara jo izan dute beti, bere eta beste edozein erdaldunen aurrean, egoera ezerosorik gerta ez zedin, edukazio eta adeitasun osoz. Eta euskaldun tematiren bat suertatu denean tartean, edukaziorik izan ez eta beste euskaldunekin euskaraz jarraitu nahi izan duen horietako bat agertu izan denean, bertan ziren euskaldun edukazio onekoek, euskaldun zintzoek, hizkuntzaz aldarazi diote tematiari, beti.

Lagun erdaldunak badaki jarrera adeitsu hori estimatzen. Horregatik, oso giro euskalduna sumatzen duenetan, “buenas” esan beharrean “egun on” esatera igaro ohi da, eta “adios” edo “hasta otra” esan ordez, “agur” esan izan du askotan.
Berak ez baitauka euskararen aurka ezer… “elebitasunaren” alde baitago, berarekin “zintzo” jokatzen jarraitzen duten artean.

Basko zintzoa, tematia, eta ugazaba, kafea hartzen

8 pentsamendu “Basko zintzoa, tematia, eta ugazaba, kafea hartzen”-ri buruz

  • Guztiz bat nator, ala ere Euskaldun zintzoen alde esan behar da, izugarri nekagarria dela hainbeste jendearekin horrela ibiltzea, ez da bakarrik lagun erdaldunak, Euskaldunak…

    Denda batera zoazenean, medikura… ta azkenean hori higadura sortzen du, ta oso mentalizatua eoten zera edonorekin eztabaidatzeko prest (familia barne), edo amore emango dezu, ta nahiz ta mentalizatua eon, zaila da benetan.

    Hori bai, pena merezi du (nitzako behintzat), zure buruarekin hobeto egoteko, umeak dituzunean amore ez emateko, beste euskaldunak euskaraz aritzeko nahiz ta bakarrik izan zuk hor zaudenean…

    Ala ere niri gehien harritzen nauena, Euskaldun zahar asko Gaztelerara aldatzeko daukaten joera da, nahiz ta Euskaldunekin aritu. Ez dut esaten ohikoa denik, baina niri ohiko bezala gertatzen zait ezagutzen ditudan nahikokin.

    Nik ezagutu ditudan askok behintzat.

  • Bai, Sugar. Zure inguruan eta nirean, eta inguru guztietan.
    Gero eta sarriago euskaldunzaharrek ere erdarara jotzen dute… eta normala da. Erdaraz elikatzen gara / gaituzte oso nagusiki (telebistak, irratiak, egunkariak, internet… hamarretik bederatzi t’erdi erdaraz dauzkagu), eta Arg(u)iñanok esan ohi duen bezala, “somos lo que comemos”, jaten duguna gara (Gara, eta Deia, eta ETB2, eta…).
    Bada, ez baditugu elikagai propioak eta kalitatezkoak ekoizten, gero eta gehiago hedatuko den ohitura izango delakoan nago.

  • Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi!
    http://www.youtube.com/watch?v=6PwIl0vnqhw

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-23 10:11

    Bukaera irekiko ipuina: gatazka aipatzen da, baina bukaera norberak planteatu beharra. Ederki, gustatzen zait ariketa. Hara bukaera bat:

    “Beti hizkuntzaz aldarazten baitzioten, eta ez baitzuen izaten nahikoa gogo-indarrik presio sozialari aurre egiteko, euskaldun tematia garaitua sentitu zen. Zazpi urte eman zituen negar batean.
    Malkoek putzu sakon eta ilun bat osatu zuten, eta, egun batean, euskaldun tematia putzu sakonaren ertzean negarrez ari zela, urpetik azti bat azaldu zen, bizar zuri luzedun azti misteriotsu bat, eskuan makulu lodi bat zuela. “Zer gertatzen zaizu?” galdetu zuen aztiak, eta Joanesek dena azaldu zion, hitzez hitz.
    Hurrengo hilabeteetan, Joanes borrokarako trebatu zuen aztiak, hasieran proba errazak jarri eta mailaz maila zailtasunak handituz. Azken egunean, aztiak giltza bat oparitu zion. Joanesek giltza eskutan hartu eta ongi begiratu zuen. Idazkun bat zegoen grabatuta: “Ulertzen dut…; Hala ere…; Zer iruditzen baldin…”. Formula asertibo bat zirudien. Aztiari formularen esanahia eta zein ateren giltza zen galdetu nahi izan zion, baina begirada giltzatik jaso zuenerako, desagertua zen.
    Joanesek bere burua indartzen segitu zuen, eta prest zegoenean, Joanaren etxera joan zen. Atea jo zuen, baina Joanak ez zion ireki nahi izan, beti gatazkan zebilela eta. Barruan Juanen ahotsa ere entzuten zen, erdaldun elebakarrarea.
    Orduan, Joanesek lepotik zintzilik zeraman giltza asertiboa hartu eta atea ireki zuen, eta honela zuzendu zitzaion Joanari: “Joana, ULERTZEN DUT, lagun artean egonik, gatazkarik sortu nahi ez izatea, eta horregatik jotzen duzula erdarara Juan aurrean dagoenean. HALA ERE, bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea du, eta gu euskaldunak izanik eta euskarak bizi duen egoera kontuan hartuta, nik euskaraz egiteko hartu dudan erabakia errespetatu beharra daukazu, hain zuzen ere, lagunak izaten jarraitu ahal izateko. ZER IRUDITZEN ZAIZU, BALDIN eta norberak nahi duen hizkuntzan hitz egiten badu? Juan euskaltegira joan daiteke eta horrela hark ere nahi duen hizkuntza aukeratu ahal izango du, orain aukeratzeko ahalmenik ez baitauka”.
    Joana hasieran ez zen ados agertu, zintzoa bai baina azken finean euskalduna baitzen. Baina Joanesen jarrera lasaia eta hitz egiteko prestutasuna ikusita, lagunartean onartu zuen berriz ere. Horrela, Joanes, Joana eta Juan afaltzera eseri ziren. Joanesek, probaz proba indartuta, euskaraz egin zuen gau osoan; Joana, orain Joanesekin euskaraz orain Juanekin erdaraz; Juan, ordea, negarrez atera zen afaritik.
    Hurrengo egunean, Juanek euskaltegian eman zuen izena, ez baitzuen lagunartea galdu nahi.
    Handik aurrera, afariak antzerakoak izan ziren: Joanes euskaraz; Joana erdizka; Juan, ariketaz ariketa bere burua indartuta, gero eta gehiago euskaraz.
    Lagunarte hartan, euskararen ezagutza handitu egin zen, bai eta erabilera ere.”

  • Ez baita bukaera irekiko ipuina, orain arte bukaera duinik izan ez duena baizik. Horretan dihardu Joanesek, ekin eta ekin (tematia baita gizona), eta asertiboa gehiago ezin.
    Batere negarrik egin gabe, askotan hitz egin du Joanarekin, eta behin eta beste behin luzatu dio gonbitea: “Joana, ULERTZEN DUT, lagun artean egonik, gatazkarik sortu nahi ez izatea, eta horregatik jotzen duzula erdarara Juan aurrean dagoenean. HALA ERE, bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea du, eta gu euskaldunak izanik eta euskarak bizi duen egoera kontuan hartuta, nik euskaraz egiteko hartu dudan erabakia errespetatu beharra daukazu, hain zuzen ere, lagunak izaten jarraitu ahal izateko. ZER IRUDITZEN ZAIZU, BALDIN eta norberak nahi duen hizkuntzan hitz egiten badu? Juan euskaltegira joan daiteke eta horrela hark ere nahi duen hizkuntza aukeratu ahal izango du, orain aukeratzeko ahalmenik ez baitauka”.
    Eta Joanak, baietz, arrazoi duela eta ahaleginduko dela…
    Baina hain da zaila ohiturak aldatzen… Eta Joanaren etxekoak hain ziren euskarari errefraktario eta erdaldunarekiko abegikor, Joanari asko kostatzen baitzaio urrats hori ematea. Erdaldunekiko sumisioaren arra oso-oso barruraino sartuta baitauka, bere amak edota bere lehengusuek bezala, horretara behartuak.
    Bestalde Juani ez zaio antzematen euskaltegitik igarotzeko batere asmorik. Oso eroso dago bere supremaziaren gainean trostan, batera eta bestera.
    Ipuina ez da hemen bukatu, baina luze joko du…

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-23 10:50

    Ipuinaren hasierako baldintzak aldatu dituzu! Tira, zurea da baloia, eta jolasten segitu nahi nuke, zure baimenarekin.
    Hasierako baldintzetan hau zenioen: “…euskaldun zintzoek, hizkuntzaz aldarazi diote tematiari, beti”. Hots, Joanes garaitua izaten zen. Eta ez zirudien Joanak arrazoia ematen zionik Joanesi.
    Baldintza berriekin, Joanesek hasieratik giltza eta entrenamendua baldin badauka, aztia bera da, eta krisia gainditu beharrekoa, Joana (Joanesi arrazoia eman bai, baina ez du indarrik egoerari buelta emateko). Gaizki ulertu ez badut, antagonistari (Juani) aurre egiteko gakoa Joanaren esku uzten duzu. Bada, aztiak eman beharko dio entrenamendua eta giltza, antagonista garaitua izan dadin.
    Entrenamendua eta giltza eman, ez bakarrik gatazka zein den aipatu. Zeren, bistan da Joana bakarrik ez dela gai aldatu nahi duen egoera iraultzeko.

  • Horretan dihardu Joanesek, bai, ahal bezain ondoen, orain hanka sartu, orain atera…
    Kontua da Joana konturatu ere ez zela egiten egoeraz. Lanak izan zituzten Joanesek eta bere giltzak, Joana egoeraz jabetu zedin. Lan hori arrakastaz burututa, bigarren faseari ekin diote. Joana ahalegintzen da, baina kostatzen zaio. Hala ere, gero eta sarriago, euskaraz mintzatzen zaio Joanesi baita ugazaben aurrean ere. Ez Joanesek nahi lukeen bezain bestetan, baina tira, badoa.
    Edonola ere, giltzagintzan trebatzeko saioak ongi etorriak bitez.

  • Eneko H. Garaialde Etxaburu 2014-05-23 11:04

    Hala bada, hala bedi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude