Lasai edan Cocacola

Lasai edan Cocacola

Labezomorro bat zirudien atzo nire lagun batek, kizkurtuta, jertseko poltsikoan Cocacola lata zeramala. Zertan zebilen galdetu, eta boikotaren kontuaz ezer ez al nekien bota zidan. Gaizki begiratu ziola batek Eroskin, baina ezin izan zuela apeta itzali. Kuriosoa gero euskaldunon konpromisoa; anekdotari lotuta, era ezin lokalagoan erantzunaz. Lasai baina, Gotzon Sanchez aktorearen polemika ez baitzen El Mundo egunkariko kazetarien asmakizun bat (gehiago) baino. Edan Cocacola.

Deigarria egin zitzaidan nola atzo ezin zen Cocacola edan. Nola atzo gaizki begiratzen zizuten Eroskiko freskagarrien sailetik orgatxoan lata gorriekin ateraz gero. Nire lagunak nola kizkurtu behar zuen eztarria freskatzeko. Ez zezaten konplizetzat hartu. Gaur ordea, lasai asko edan dezake estatubatuarren asmakizuna. Batere lotsarik gabe edan ere. Zut eta irriz, iragarkiko protagonista, Gotzon bera balitz bezala.

Hausnartu behar genuke gure borroken inguruan, gure zilborretik independizatzeko. Pentsatzeko une batez ea zergatik ez ote dugun Cocacola edan edo Zara jantzi behar. Zein daitekeen hurkoari gaizki begiratzeko, kidea lotsagorriarazteko arrazoia. Gaizto jarri eta tortillari buelta emanda: Ez ote litzatekeen Gotzon bera boikoteatu beharko
eta ez utzi presoen aldeko promoetan parte hartzen. Cocacola multinazionalaren iragarki batean parte hartu duelako, eta Cocacolak langileak kaleratzen dituelako ugari, Fuenlabradan. Cocacolak langileak esplotatzen dituelako, munduko hegi askotan.

Pentsatzeko ematen du kontuak, ezta?

Lasai edan Cocacola

Ekaitza bainuontzi batean

6 pentsamendu “Lasai edan Cocacola”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-05-22 23:40

    Klaro, eske Gotzon “artixta” da, eta “artixtak” jende berezia dira. Artixtek ez dute guk, arruntok, ditugun bezalako kezka mundanoak ezagutzen, esate baterako, norberaren ofiziotik bizi ahal izatea, hilabete bukaerara lasai ailegatzea, soldata egonkorra edukitzea familia proiektuari eutsi ahal izateko, eta horrelako gauza prosaiko eta bulgarrak. Egiazko artixtek, Gotzon bezalako sasiartixtek ez bezala, nahiago zubiazpian gosez hil, publizitate agentzia batentzat lan egin baino.

  • Eskerrik asko, horixe pentsatu dut nik ere … Coca Colaren iragarki batean parte hartzea onartzen duen bati “Gora Gotzon!” esaterainoko elkartasuna adieraztea ez zait batere egokia iruditzen. Lehendik ere bazeuden hamaika arrazoi Coca Cola boikotatzeko, baina euskaldun abertzale bat tartean egon ezean ez zen nahikoa, nonbait.

  • Santi Leone 2014-05-23 07:44

    Zorrotza eta egokia iduritu zait Oierren iruzkina (hain egokia, ezen neronek iganderako idatzia nuen aldatu behar izan baitut). Eta bai, egia da milaka arrazoi daudela Coca-Colari boikota egiteko. Baina, beharbada, hemen kontua ez da Coca-Colak zer egin duen, edo Gotzon Sanchezen hautuak egokiak diren edo ez, baizik eta elkarte jakin batek uste duela eskubidea duela norbaiten kontra sorgin-ehiza bat martxan jartzeko. Herrira-ri babesa eman izana da Sanchezi leporatzen zaiona, eta horren ondorioz haren parte hartze hutsa iraingarria omen da biktimendako. Eta Espainia aldean -eta Euskal Herritik atera gabe ere bai- bada lintxamendu horrekin ados dagoenik. Nire ustez, hori da auzi honetan benetako izugarrikeria. Coca-Colarenak larriagoak dira naski, eta Gotzon Sanchezen lan-hautuak akaso eztabaidagarriak (edo akaso ez). Baina iragarki horren inguruko polemikan zenbaitek Dignidad y Justiciari aitortzen dioten eskumena iduritzen zait kezkagarriena.

  • J. Garmendia 2014-05-23 09:17

    Eta harrigarria, baita ere, aktorearen rola istorio honetan: fake-aren biktima eta protagonista, aldi berean. Berak ere prentsatik jakin omen du diskriminatu egin dutela eta, ondorioz, protestaka hasten da. Gero jakingo dugu,ezetz, ez dutela diskriminatu, gertatu dena spotaren ibilbidea bukatu dela, besterik ez.

    Oierren mezuaren haritik: “Vascos…la vuestra es una revolución de taberna”.

  • Ekarpen polita, Oier. Galdera deseroso askoak luzatu dituk, bete-betean udailera doazen horietakoak.
    Gure iraultzak erronka gogorrei egin beharko die aurre aurrerantzean, zeren coca-colaz haratago, … zer egingo dugu orain kalimotxoarekin? Pepsirekin ez da berdin!

  • Hogeitazazpi 2014-05-24 21:00

    Kaixo Amonamantagorri, kaixo Loretxo, kaixo Santi Leone, kaixo J. Garmendia eta Kaixo Itzain:
    Lehenik eta behin argi esan nahi dizuedana zera da, errespetu osos eta iñor iraintzeko asmorik gabe galderatxo batzuk egin nahi dizkizuedala. Momento honetan, hau irakurtzen ari zareten momentu honetan, begiratu zaitezte mesedez soinean jantzita daramazuen erropa edota zuen logelako armairu barruan duzuen erropa, edota kirolerako zapatila nahiz botak eta galdera honako hau da. Badakizute non eginak dauden erropa horiek, zer nolako lan prekarioetan eginak dauden, ze adineko pertsonek egin duten? Seguru nago, jantzi guzti hoietatik, bat baino gehiago direla, benetan non eginak dauden jakin ez nahiko genukeela bada ez bada. Orduan guk zergaitikan dauzkagu lasai asko egunero jantzita eramatea eta. aktore hauek kritikatuak izaten dira CoCaCola edota antzeko enpresen publizitatean lan egiteagaitik? Eta beste gauzatxo bat, aipatuko ahal zenidakete aktoreren bat nahiago .duena zubi azpian bizi, honelako eskaintza bati baiezkoa eman baino? Gainera jakin ezazue, aktoreen lana, askoz ere lehenagotik zegoela krisian murgilduta eta oraingo egoeretan. zeinek esan ezetz. Lagunok, hemen beharrak agintzen du beti, denok norbere burua babesten dugu lehenengo, jatekoa larri dugunean, nahi ez baduzue ere. Ez ahal da horrela?
    Argi geratu dadila ni ez nagoela, ez baten alde eta ez bestearen alde, bakoitzak egin dezala ahal duena, ahal dugun bitartean, zeren eta dagoeneko honek ez du atzera bueltarik. Laister zuntzituko da mundua.
    Beno ba, besterik gabe, eskerrik asko, zuen denbora nire mezua irakurtzen erabiltzeagaitik.