Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak!

Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak! –

Sorta honen azken idatzia duzu hau, irakurle… Neuri luze egin zait, zenbat buelta eta errebuelta… eta aldi berean motz; izan ere, jakin badakit txoko asko bisitatu gabe utzi ditudala. Ezin, halere, denera heldu…

Artikulu hau idatzi dut Mikelatsengan pentsatuz eta, berak bezala, baserritik bizitzeko ametsa dutenengan. Izan ere, hark, azaroaren 15ean, etxe honetan utzitako iruzkina darabilkit buruan, maiz. Hauxe iruzkina:

Hegoaldekoa naiz, gipuzkoarra zehazki. Etorkizun ez hain urrun batean bigarren mailako jardueratzat (8 orduko lanaz gain) abeltzaintza (haragitarako ganadua eta gaztarako ardiak) hartzea pentsatzen ari naiz kide batzuekin batera. Eta agian, luzera begira, hortaz bizitzea. Arazorik handiena lurra dugu, eta oraingoz ez dugu iparraldeko Lurzaindiaren baliokideren baten berririk. Han hemenka gazteak lehen sektorera erakartzeko proiektuak badirela dakigu, baina ez dakigu nondik heldu gaiari. Eskerrik asko berriz ere erantzuteagatik, ondo izan!”

Baserritik bizitzeko amets horren atzetik dabiltzanen artean, beharbada, familian baserria duten horiek dute errazenen. Oinarria badute, behintzat: lurra. Gero… gainontzekoen pare, lan handia egin behar.

Oso gertuko dugu adibidea, Antzuolan bertan. Bi gazte, Aitzol eta Andoni, Andoni eta Aitzol, baserritik bizitzeko ametsean daude murgilduta, baratzea lantzen dute. IKUSTENDAk Hi, gazte! Izeneko sailean eskaini zion erreportaje eder hau gazte horien proiektuari.

Beste batzuek topatu zuten ametsa aurrera eramateko lekua beste baten etxaldean, alokairuan. Urteak pasa ahala, ordea, jabeek erabaki dute lurrak, ukuilua eta gaztandegia saltzea. Gordina da egoera: bizilekurik eta lantokirik gabe geratzen zara, kale gorrian. Ederra da bizi zaren toki berean lan egitea, baina galtzekotan, biak batera galtzen dituzu, nahitaez. Zer gertatzen da orduan erosteko adina diru ez baduzu? Espekulazioaren esku geratuko ote da baserria ala beste aukeraren bat azalduko?

Halako egoera batean zegoen Anne Lavis. Ahuntzaina eta gaztagilea da Zuberoan, eta bere lantokia salgai dago: 72100 €ren truke. Lurzaindia elkarteak kanpaina publikoa abiatu du diru hori biltze aldera, eta etxalde hori eskuratzeko. Edozeinek eman ahal du laguntza –20 euro da gutxieneko kopurua–. Salerosketa burutzen denean, etxaldea ez da Annerena izango, baizik eta Lurzaindiarena, eta Anne maizterra izango da.

Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak!.

Lurzaindia elkarteak Iparraldean sortu zen, 1980an; eta helburu ditu hiru ardatz:

  • Laborantza lurrak eta bastimenduak kolektiboki erostea

  • Lurra nekazari askoren esku uztea epe luzerako alokairuaren bitartez

  • Laborantza lurren atxikitzearen garrantzia erakustea

Helburu horiek lortzeko bidean, Ipar Euskal Herrian hainbat baserri eta lur eskuratu du dagoeneko, eta orain martxan duen kanpaina horrekin, Eskanda etxaldea espekulazioren arriskutik atera eta Anneri aukera eman bertan lanean jarraitzeko. Interesgarria da oso euren webgunean arakatzea. Aipatzeko modukoa da euren Barne Araudi Etikoa, are gehiago nekazaritzari lotuta dagoen heinean; denon jatekoari lotuta dagoen heinean, alegia. Hona ekarri dizuet ataltxo bat, laburtuta:

HELBURU BAT: LURRAREN ELIKAGAI EKOIZLE FUNTZIOA BABESTU, HERRIALDE BIZI BATEAN LAN SORTZAILE DENA.

Ondoko printzipioetan oinarritzen den laborantzaren beharra eta aukera baieztatzen dugu :

  • Elikadura burujabetza : Lurra, laborantzarako lan tresna bat da. Giza elikaduraren oinarri, ondorioz denen ontasun izan behar duena, funtzio horren betetzeko.
  • Enplegu sortzaile
  • Etxaldeen Banaketa eta transmisioa :
    • Ezinbestekoa da laborari kopuru handi baten ukaitea, lurralde osoan banaturik, beren ofiziotik duin bizi direnak, giza heineko etxaldeetan; ekoizpen bolumenak neurtuz eta banatuz
    • Gaur egun, gero eta gazte gehiagok, besteak beste laborantzatik ez datozenak, instalatu eta formatu nahi dute, baina beharrezkoa zaien lurrik ez dute lortzen.
  • Naturarekin lana eta kalitatezko ekoizpenak
  • Lekuko garapena :
    • Babes hau, lurralde antolaketa orekatu eta ekonomo baten baitan kokatzen da. Baserri aldeko ekonomia garapen honek herrixka, herri eta hirien bizia ahalbideratzen du.
  • Interes orokorreko laborantza:
    • Laborantza mota honek, jendartearekin batera, baserri eskualdeak bizirik mantentzen parte hartzen du. Denen interesa babesten duen laborantza honek jendarte osoaren sostengua behar du

Hirugarren adibide bat ekarri nahi dizuet, bukatzeko. Honetan ez dago familiaren lurrik, ez dago Lurzaindia bezalako elkarterik. Patua dago. Iragarki atari batean topatu zuten Yasek eta Albertek euren proiektua gauzatzeko tokia: Circus Granja Familiar, Catalunyan.

Artzain eskolako praktikak egitera etorri ziren gure etxera Aniol txikia zela, 2013an. Gironara itzuli ziren lau hilabete beranduago, hazarkume batzuk hartuta. Gurasoen lur batzuetan izan zituzten latxa arrazako hazarkume haiek, probatze aldera; denek esaten baitzieten latxak ez zirela moldatuko euren lurretara eta klimara. Hurrengo urtea ia osorik lur bila eman zuten, denetarik probatu zuten: higiezin bulegoak, ezagunen artean, hango artzain eskolan, Terra Franca elkartean eta baita herriz herri joan eta kartelak jarri “Lur bila gabiltza, esnetako artalde batentzat”. Halako batean, milanuncios atarian ikusi zuten euren herriko batek jarritako iragarkia: bere lur batzuk kudeatuko dituen baten bat behar duela. Ur putzua duen 70 hektareako eremua –baso eta belardiak– eskura baldintza bakar batekin: ezin lurra higatu eta kutsatu. Kontratua sinatu zuten 10 urtetarako.

Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak!Artegia eta eraiki duten guztia mugikorra da; egunen batean joan behar badute, desmuntatu ahal izateko. Dena ordaindu dute diru-laguntza publikorik gabe, lan, sakrifizio eta pazientzia handiz. Orain, azken pausuan daude: gaztandegia egin. Horretarako fruta-kamioi zahar bat erosi dute, haren kutxan egin ahal izateko. Crowdfunding kanpaina bat abiatu dute Goteo izeneko fundazioan.

Hiru proiektu, hiru egoera eta hiru bide urratzeko. Zer ezberdin eta zer antzekoak aldi berean… Ezberdinak abiapuntuan eta bidean –besteak beste–. Halere, oso antzekoak lanean, sakrifizioan, ilusioan, gogoan, eta ametsetan. Hiruretan baserria dute amets, baratzea izan, ahuntzak izan ala ardiak izan. Hiruretan dago konpromisoa inguruarekiko, jendartearekiko, euren herriekiko… Hiruretan dago xumetasuna, pertsonaren neurriko proiektuak, inoren mendekoak izan nahi ez dutenak, euren lanetik bizi nahi dutenak, duin. Hiruretan apustu egin dute euren ingurukoak elikatzeko, hirurek jaten onena eman nahi digute, ez iragarkietan azaltzen den hori, baizik eta benetakoa: joan, ikusi eta dastatu; ez dago trikimailurik.

Haiek bere garaian egin zuten euren apustua, eta euren buruaren alde egiteaz gain geurearen alde ere egin zuten, gure elikaduraren ardura hartu zuten neurrian –beste batzuen artean–. Orain, gainontzekooi falta zaigu horri erantzutea, bakoitzak duen arduratik:

  • Baserritarrok gure etxaldeen transmisioa erraztu behar dugu, zintzoki, espekulazioa alboratuz; zenbat kostatzen den baserria aurrera ateratzea ahaztu gabe. Eskuzabaltasunez jokatu behar dugu datozen horiekin; ez dira etsaiak, dira guri eta gure ondorengoei jatekoa emango di(gu)etenak. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta aberatsagoak.

  • Hiritarren papera askok uste dutena baino garrantzitsuagoa da. Kontsumitzaileak baino askoz gehiago gara; izan ere, geure euro bakoitzarekin erabakitzen ari gara zer nolako jendarte nahi dugun; bai, horixe! Erosketa bakoitza ekintza politikoa da, eta, zenbaitetan, gure ideologiaren kontra egiten dugu jatekoa –eta abarra– erostera goazenean. Ala ez?

  • Eta erakunde publikoek… zer esan? Lehenik eta behin, nekazari-lurren gainean dagoen espekulazioa mugatu beharko litzateke, lur horiek espekulaziotik eta porlanetik babestu egin beharko lituzkete; gure jatekoa hortxe baitago. Bigarrenez, inbertsiotarako diru-laguntzak, bai, baina ezin ditugu erraldoiak sortu, gerora transmisioa ezinezkoa bilakatuz. Pertsonaren neurrira egindako baserriak behar dira, ez makinen eta finantzen neurrira egindakoak. Hirugarrenez…

Mikelats eta gainontzekook, ez dut uste zeuen proiektuari heltzeko modua eman dudanik –nahiko nuke!–; geratzen zait, ordea, lagun batek dioena… Zaindu ametsak!

Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak! Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak! Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak! Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak!
baserria, elikadura burujabetza, erreleboa, Ez ahaztu etorkizuna, gazteak, nekazaritza
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Baserriaren Jarraikortasuna (eta III): zaindu ametsak!”-ri buruz

  • Lurzaindia laguntzea beharrezkoa iruditzen zait. Bakoitzak gutxienez 20 euroko ekarpena egiten badu lurzaindiak baserriak erosteko aukera izango du. Gainera, nahi ezkero, dirua berreskuratu daiteke baserrian lan egiten dutenek alokairua ordaintzen dutenean.
    Lurzaindia eta basherri moduko ekimenak oso interesgarriak dira, batak baserriak erosi eta aloka dezake eta besteak km 0-ko produktu naturalak eskaintzeko sarea sortu dezake.

    Bertoko produktuak erosten baditugu, EH-ko historian hain garrantzitsuak izan diren baserrien biziraupena bermatu eta gurean enplegua sortuko genuke.

  • Eskerrik asko artikuluagatik Josebe! Plazer bat zure artikuluak irakurtzea, lehen sektorearen egunerokoa ezagutu eta kalekumeoi zabaltzeagatik. Jarraitu lanean, bidean elkartuko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude