Sarean egiten duzun lana ikusgarriagoa egin nahi al duzu?

Sarean egiten duzun lana ikusgarriagoa egin nahi al duzu? –

Galdera honi erantzuna emateko, Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntuk.

Datorren urtarrilaren 24an, arratsaldeko 18:30ean, negozioek/proiektuek sarean ikusgarriak izateko gakoak landuko dituen jardunaldia antolatu du TaPuntu Kooperatibak. Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, sare sozialen eta web-orrien inguruan lan egiten duten profesional ezberdinak bilduko dira hitzaldiak eman eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko.

Enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, interneten ondo posizionatzeko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean egoten jakitea eta bide horretan lagundu ahal izatea.

Hizlariak

Bi zati nagusi izango ditu jardunaldiak; hizlariak eta mahai ingurua. 2 pertsonen hitzaldiek osatuko dute saioaren lehen zatia, arratsaldeko 19:30ak arte luzatuko dena. Hasteko Weaddit enpresan Social Media estrategiak garatzen diharduen Nagore Ciarekin web-orriaren barne lanketaz arituko gara, eta AuditorSEOko Xabier Iglesiasekin sare sozialetan ikusgarritasunaren lanketari buruz gehiago ikasiko dugu.

Mahai ingurua

Mahai inguruaren zatian berriz, lau kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean, euren esperientziaz ikasteko helburuz. Azken zati hau arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko da eta David Agirrezabalaga (Mr Euskaldun), ZuriƱe Maguregi (Gaztezulo), Xabier Agirre (Juantxo Taberna) eta Gloria Urkola (MeitaiMaitie) izango ditugu solasean bertan, euren lan egiteko eraz hitz egingo digutelarik.

Izen-ematea

Bertaratzeko interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez egin beharko dute. Partehartzea doakoa izango da eta interesa duen orori irekia da. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, TaPuntuko kideek saio honetan parte hartzeko interesa duten guztiak ahalik eta azkarren izen ematera gonbidatzen ditu.

Sarean egiten duzun lana ikusgarriagoa egin nahi al duzu?

TaPuntu Kooperatiba

TaPuntu kooperatiba e-marketing, formazioa, diseinu grafikoa eta multimedia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gaztea da. Gure metodologiak bezeroen online nortasuna modu integralean lantzen du, horretarako beharrezkoak diren ekintzak gauzatuz. Kooperatibari buruzko informazio gehiago, eta orain arteko ibilbidea ezagutzeko: TaPuntu.eus

Laguntzaileak

Urtero bezala, jardunaldi hau posible egiten duten gure laguntzaileei esker beroena: Antza komunikazio grafikoa, Pastain Irudi Zerbitzuak, Berria, Bira Produkzioak, PuntuEus Fundazioa.

Sarean egiten duzun lana ikusgarriagoa egin nahi al duzu?