Barrura begiratzeko bisaiak

Barrura begiratzeko bisaiak

Zinea.eus atarian Ritxi Lizartzak “ETAren jarduera armatuaren eraginaz” berba egiten duten filmak hartu ditu ahotan, jazotakoaren puzzlea osatzeko ezinbesteko piezak direla iritzita.

Hainbati entzun diogu esaten goizegi dela, oraindik ezin dela hitz egin herriak azkeneko 50 urtetan bizi izan duen gatazka politikoaren alderdi batez, ETAren jarduera armatuaren eraginaz. Ezin dela konklusiorik atera, ezin dela objektibo izan, historiaren zati hori ez dela amaitu eta antzeko kontuak.

Hala izango da, beharbada. Azkeneko urte hauetan, ordea, “gaia” jorratzen duten gero eta film gehiago ari dira argia ikusten. Ez daukate historia kontatzeko helbururik, norbera protagonista izan den bere historia txikia baizik.

Julio Medem aitzindari izan zen, ederki erakutsi baitzuen historia handi bat kontatzeko pertsonen adierazpenak biltzea dela modurik onena. “Euskal pilota, larrua harriaren kontra” lanak helburu hori izan zuen. Eta makilakada galantak jaso zituen zuzendari donostiarrak den-denei ahotsa eman nahi izateagatik.

Medemen bidetik, beste formatu batean, ordea, “Barrura begiratzeko leihoak” (zilegi bekit titularrean parafraseatu izana), “Sagarren denbora”, “Itsasoaren alaba”, “Asier eta biok”, “Heriotzaren Triangelua”, “Bisaiak”,Galdutako objektuak” eta beste film batzuek ez digute 50 urteko analisi sakona egingo, baina, puzzle baten moduan, “mapa” osatzen laguntzen diguten bizipenak hurbiltzen dizkigute. Eta bakoitzak du bere egia. Film horiek, jasotzen dituzten historiak bezala, txikiak, apalak, aurrekontu handirik gabekoak dira. Eta hori ere beren egiaren zati bat da.

Eta zer edo zerk batzen baditu, horixe da, testigantza biltzea eta ez aurreiritzirik izatea, ez joerakerian amiltzea eta ez tesi baten defentsa egitea. Protagonistek historia orokorraren beren zatia nola bizi izan duten kontatzen zaigu. Besterik ez.

Eta ahots horiek ere oso eskertzekoak dira, ez baitute aurpegirik izan, ezkutatu egin baitizkigute, munstro baten parte izan omen dira. Eta ez ditugu ezagutu. Eta bisaia jartzea zinez da eskertzekoa. Falta dira beste bisaiak, eta betoz. Ongi etorri. Edozer iritzi edo planteamendu defenditzen dituzten pertsona eta elkarteenak. Baina hauek ere ezinbestekoak dira historia handia hobeto uler dezagun. Horiek ere memoriaren zati bat direlako. Eta orain arte ezabatuak izan dira. Hala, nork bere mapa egiteko aukera izan dezala.

Barrura begiratzeko bisaiakBetoz halako asko eta bestelako asko ere bai, eta ez gaitezen zain egon, historia handia noiz kontatu ahal izango den, nork kontatu ahal izango duen esaten diguten arte. Eta osa dezagun pixkanaka eta etenik gabe bizipen horien guztien mosaikoa.

Eta normalizazioa ez da etorriko historia horiek denak zineman, telebistan, Interneten, eskoletan eta edozer eratako eztabaidaguneetan normaltasunez kontsumitzen ez ditugun bitartean.

Izan ere, zineak honetarako ere balio du. Bestela ezin kontatu daitezkeen edo batzuek kontatzea nahi ez duten historia horiek ere kontatzeko.

PD: Gaiarekin loturik, “Nola irakurri diren ETAren jarduna eta estatuaren errepresioa zineman” aztertu berri du Josu Martinezek Jakin aldizkariaren 209. alean, “Ispilu hautsien memoria” izeneko artikuluan.

Barrura begiratzeko bisaiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.