Barkamenaren irakurketa interesatuak
Barkamenaren irakurketa interesatuak –
Barkamena eskatzea umilazio bailitzan hartzen dugu sarri. Borroka batean, garaileak azken kolpe gisara erabiliko du galtzailearen kontra. Azken ostikoa, mingarriena, morala eta harrotasuna zulatzen duen zaplazteko hori bihurtu da: barkamena eskatzea. Galtzailearentzat porrota onartzearena izango litzateke barkamena. “Garaitu egin nauzu, eman bakea mesedez” esango lukeen bezala.
Halere, nik bestelako esanahia emango nioke barkamenari. Nik uste dut askatzen gaituela, gizakia gizakiago egiten duela. Guztiok erratu ohi garela, perfektuak ez garela, aitortzea besterik ez da. Gainera, barkamenak erantsi pertsonala badauka. Inork ezin dit exijitu barkamena ematea edo eskatzea. Zerbait intimoa izan behar da; barrutik ateratzen den sentimendua; propioa, zintzoa. Bestela, tramitea bilakatuko litzateke, keinu honek daukan ausardi eta hausnarketa baliogabetuz; makinak bagina lez.
Hori dela eta, Álvarez Santracristinak idatzitako gutunari ez diot balio politikorik ematen. Batzuk amore eman duela diote, besteek, aldiz, traidore hutsa dela. Nik uste dut irakurketa biak okerrak eta interesatuak direla, izan ere, Txelis ez da politikaz mintzo; baizik eta barneko sentimenduez. Eskutitzari hortik datorkio indarra; bere buruarekin bakea egoteko premiatik. Berak hutsa ikusi eta aitortu egin du, inori ezer exijitu barik.
Zaila da nork bere erruak aitortzea eta nork bere biktimari barkamena eskatzea. Halere, hutsa sentituz gero, barkamena eskatzeak askatuko gaituela uste dut. Indartsuago egiten gaitu; gizakiago ere. Ez naiz ETAz edo politikaz ari, baizik eta bizitza orokorraz, lagun bati nahi gabe egindako minaz, adibidez. Oker txikiak ezin zuzenduz, ez ditugu inola ere handiagoak erreparatuko.