Benetako heroiak zer diren

El Correo Ia Espainia osoak esna eman du gaua, bihotzak sutan, kalean gora eta kalean behera festaz festa, beren futbol selekzio kuttunak 2012ko Eurokopa irabazi duelako eta horrekin batera, inongo selekziorik lortu ez duena lortu duelako: Hiru garaipen segidan lau urtetan.

Meritua badute jokalariek, bai; hori ez dago ukatzerik. Baina garaipena nahiko une txarrean heldu da: Krisia, langabezia, murrizketak, miseria, erreskatearen itzala, bankuen gehiegikeriak, murrizketa gehiago… Laburbilduz: Espainia kristo eginda dago, tontoenak ere ikus dezake hori.

Eta bitartean, espainolak espainol izateaz inoiz baino harroago. Kontraesan bitxia. Futbol Selekzioak herriak behar zuen baselina eman dio Gobernuaren murrizketak uzkitik hobeto sar daitezen (barka baldarkeria).

Gaur goizeko egunkarietako ia azala guztietan heroitzat jo dituzte futbol talde gorriko jokalariak. Baina futbol txapelketa bat irabazteak ez du inor heroi bihurtzen. Benetako heroiak pertsonak salbatzen dituzte, gutxien dutenei aurrera segitzeko falta zaien apurra ematen saiatzen dira, gaizkileak akabatzen dituzte, bidegabekerien kontra borrokatzen dute, gizarte zuzenago baten alde egiten dute egunero beren bizitzak arriskatuz.

Berriki aditzera eman dute Espainiako Selekzioko jokalariek poltsikoratuko duten saria: 300.000 euro jokalari bakoitzeko, guztira 7 milioi euro baino gehiago. Eta ziurrenik, aurrekoetan bezala –eta bandera espainolaren koloreekin jokatzen duten eliteko kirolari gehienek egiten duten modura–, diru hori atzerrian sartuko dute, zerga gutxiago ordaintzeko. A zer nolako heroiak!! Eta gero zeuk Espainiako bandera erre eta atxilotu egingo zaituzte!! Hankaz gora dago mundua.

Espainiak dirua inoiz baino gehiago behar duen honetan, Selekzioari benetako heroien modura jokatzeko aukera sortu zaio: Garaipenarekin irabaziko dirua herriari eman, murrizketak arintzeko eta itolarrian dauden familiek arnasa egin dezaten, luzeagoz bada behintzat. Change.org webgunean eskaera hori egin dute, eta zabalik dago edonork sina dezan:

A la Selección Española de Fútbol y @rfef_es: Pide que donen sus primas a Fines Sociales

Zerbaiterako balioko duen ez dago seguru, baina alarmak piztuko ditu behintzat, eta hori ez da gutxi.

Espainiako selekzioa, futbola, krisia

UDAZKEN KOLOREAK

2 pentsamendu “Benetako heroiak zer diren”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-07-02 15:38

    Alfons Godelek esaten duen bezala (Barça-ko ohizko presidente-ordea): “L´estil i els jugadors apàtrides i mercenaris del Barça faran guanyar Espanya. Ens fotrem! La culpa és nostre per no tenir un Estat propi.” Guztiz ados. Gure jokalari nabartarrekin…gauza bera. Noiz arte?

  • Amonamantangorri 2012-07-03 14:03

    Zenbat jarriko dute orotara erakunde publikoek (Bilboko udalak, diputazioak eta jaurlaritzak) Athleticen Sam Mames Berria egiteko? Ah ez, ez da gauza bera: hori neurri erabat keynessianoa da. Futbolak Gran Villako ostalaritzari sekulako dirutzak emanen dizkio…
    Athleeeeeeeeeeeeeeetic! Eup, eup, eup.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude