Balea esan eta belea izan

kakalardoa - Balea esan eta belea izanModan dago metamorfosia edo, Kafkak nahiago zuen moduan, itxura aldaketa.  Modan, uste irmoen kapulua atzean uztea, beldar baten azala bailitzan . Hondakindurik. Gregor Samsarena egitea, baina atzekoz aurrera, zomorrotik, tximeletara pasatzea, alegia. Izan ere, bat hautatzekotan, nor hautatuko zenuke, harra ala mitxilikota ederra?

Gure atsotitzen artera jo dut gaztelaniazko “Donde dije digo, digo Diego“ren ordezkoak topatzeko. Ez dakit frantsesak ere baduen antzekorik, izanen du, seguru. Badakizu, esana eta izana bi direla adierazteko balioko duen zerbait. Eta badira baten batzuk: “Urrea esan eta urdea izan” esaterako.

Esan nahi dudana argitzeko, hara hemen hiru adibide, era kronologikoan emanak.

Lehenengoa, Urkullu Lehendakariaren “Euskadi forala“ren kontua. Ez “Euskadi gure aberria da” eta ez antzekorik. Ez eta audeterminaziorik, ez, Ibarretxek dioen bezala, “gure esku dago”rik. Aberri eta Alderdi egunetan, ahoa beterik urrea esan, baina urria izan. Horixe dago hemen. Eskoziako Alex Saldmon baten antzera jokatu ordez,  bere herriaren abangoardia eta aitzindari izan beharrean, hara hor askatasun gosearentzat balazta ikaragarri bilakaturik, betiere estatuarekikoak pitzatzeko beldurretan. “Akordioa da gure bidea”. Norekin, baina, zapaltzen eta debekatzen zaituenarekin? Erreforma eta hausturaren arteko aldea betidanik azpimarratu izan du PNVk. Horixe du estiloa, gutxinaka eta pausoz pauso joatea. Helburua garbi, pausoa bare eta ziur. Omen. Populuaren gaineko paramezio bilakaturik, ustezko gehiengo epel baten tenperaturan dantzatzen etorkizunerantz. Norantz, baina? Herri aske baten aldeko aldarria, orain bezain indargabeturik ikusi gabeak ginen  gaurdaino.”Gora Euskadi askatuta!” folklorerako irrintzi bilakatuta, azkenerako. Lehenagoko balea, oraingo belea.

Bigarrena, Garzon epaile jaunarena. Arnaldo libre egotea hobea omen. Horixe genioen geuk ere haren aldeko bilera eta manifestazio ugarietan. Areago, kartzelan ez sartuta denontzat izango zela hobea, batez ere, odola irakiten zigulako frogatu gabeko deliturik egon gabe, jendea hala tratazeak. Milagarrenez. Ez orain, ez iaz, Garzon bera jaun eta jabe zen garaietan esaten genuen hori. Tortura salaketa bakar bati bidea ireki ez arren, munduan ospe eta loria bikainenak lortu dituen Falcone eredugarri bat, Salomon berritu bat. Azkenean, Entzutegi Nazionala bidegabekeriaren antzirudia dela aitortzen amaituko du gaixoak. Lehenagoko belea, orain balea.

Eta hirugarrena, Nafarroatik datorkigu. Uxue Barkosen igelaren gobernu horretatik, Leoné estimatuak izendatu bezala. Zer eta Jose Luis Mendoza euskaldunon esperantza xuriaren metamorfosi batengatik. Kakazeta eredugarri den Navarra.comek eginiko presioei istant batean men egiteagatik. Berak izendatutako Imanol Haranburu herritarra, azkar baino lehen kendu zuen erabakitako lekutik, kakazetakoen lagunak ez daitezen gehiegi haserretu. Izan ere, ETAkoa izatearen ordaina ederki pagatuta ukan arren, marka garbiezina baita hori baita Mendozarentzat  ere. Hala dirudi, behinik behin. Lehenago tximeleta zitzaigun Mendoza jauna, hara orain beldar bihurturik, Nafarroan garai berriak zabaltzen zirelako itsuturik geundenoi begiak irekitzen, betikoa betikoan betikoturik dagoela erakusten. Funtsean, ez dagoela ilusionatzeko arrazoirik. Lehenagoko balea, bele, berriz ere.

Eta hala bizitzen gara, geure historia moldatzen dihardugula pentsaturik, eraldatzea moda eta lege den garai honetan. Esaten den guztia norberaren aitzakiko erretorika huts baizik ez den denboretan. Ez bale eta eta ez bele, azkenean euli kaka baino ez ezpainetan.

Balea esan eta belea izan

Garzon, Mendoza, urkullu
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Balea esan eta belea izan”-ri buruz

  • Eta horrela bizitzen gera
    moztuz ta okertuz gure aukera,
    atsedenik hartu gabe:
    lana eginaz goaz atzera,
    kate horretan denok batera
    gogorki loturik gaude.

  • A ze irukotea! Garzonziloak txokatiletaraino jaitsi dituzte Mendozak eta Urkulluk.
    Ibarretxe bezalako JELtzale abertzaleak gozoak egongo dira!
    Geroa Bairi aldaketa gidatzeko bozka eman ziotenak, ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude