Bakoitzari berea, Jaunaren legea
Bakoitzari berea, Jaunaren legea –
Hori dio, bederen, atsotitz batek. Baina noski, munduak ez du horrela funtzionatzen. “Ataunen eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman”, eta, bistan dena, hori ez da soilik Ataunen eta Zegaman gertatzen, ez eta gauez ere. Batzuek egunez ikusi eta egunez lapurtzen dute, azken hamarkadetako inmatrikulazioekin Elizak Hego Euskal Herrian orohar, eta Nafarroan bereziki, egin duen bezala.
Erregistro zibilean ondasun bat inskribitu nahi duenak ondasun horren jabetza justifikatu behar du idatzi, froga edota lekuko bitartez. Denoi ezartzen zaigu betebehar hori orain, baina ez da beti hala izan, Elizari ez baitzaio erantzunkizun bera exijitu 1946-2015 artean. 1998an Aznarren gobernua harago joan zen, Elizari eraikin erlijiosoak inmatrikulatzeko aukera emanaz. Elizak majo probestu du tarte hori bereak ez ziren makina bat ondasun isil-isilik inskribatzeko.
Duela bi urte eskas Hego Euskal Herriko zerrendak publiko egin ziren, eta ikusi zen Elizak 1592 inmatrikulazio egin zituela: Nafarroan 1087, Gipuzkoan 368, Araban 69 eta Bizkaian 64. GARA egunkarian Ramon Solak egin zuen eragiketa argigarria da: lau herrialde hauetan 523 udalerri daude, eta beraz, Elizak 3,04 inmatrikulazio egin ditu herriko.
Inmatrikulazio zerrendak:
Agerikoa da Nafarroan gertatu dela lapurreta handiena. Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformak beti salatu du egoera hau, eta gertutik jarraitzen ditu Elizak ezkutuan egindako inmatrikulazioak. Duela gutxi jakinarazi dute 1998tik hona zerrendatutako 1087 inmatrikulazio horiei (Nafarroako Parlamentuak Justizia Ministerioaren eskutik lortuak) beste 74 gehitu behar zaizkiela, hainbat udaletatik jaso duten informazioaren arabera. Hau da: 1431 inmatrikulazio 1998 arte, eta 1161 1998tik hona. Orotara 2592 inmatrikulazio, Nafarroan soilik.
Inmatrikulazioak Nafarroan:
Plataformak salatzen du espainiar gobernutik eskaini zitzaien zerrendetan maiz ohar sinpleak agertzen direla (hots, “terreno bat Allinen”, “baratza bat Araizen” edo “etxe bat Baztanen”), eta horrela ezinezkoa dela ondasun hauen kokapena eta ezaugarriak ezagutzea.
1998 aurreko inmatrikulazioen erdia landa-ondasunak dira: laborantza lurrak, baratzak, bazkalekuak… eta plataformak susmatzen duenaren arabera, herri-lurrak lirateke gehienak. Ondasunen %43,7 urbanoa da: etxeak (parrokia-etxea edo ez), eraikuntzak, elizatariak, orubeak, lorategiak, lokalak… Aznarren gobernuak erreforma aurretik egindako inmatrikulazioen %5ak soilik dauka zerikusia gurtza tokiekin; 1998-2007 bitartean, ordea, proportzioa %80koa da.
Orohar, 1946-2007 tartean egindako inmatrikulazioen herenak soilik (%37,2) dauka zerikusia otoitzerako eraikuntzekin. Inmatrikulazio hauek justifikatzeko Elizak erabili zuen argudioa izan zen toki erlijiosoen erabilera erlijiosoa bermatzeko egin zuela egindakoa; beraz, ondarearen plataformak azpimarratu duen gisan, “arrazoi hori, faltsua izateaz gain, inmatrikulazioaren herenari besterik ez dio eragiten”.
(2017ko mobilizazio bat)
Guzti honi gehitu behar zaio inmatrikulatu diren ondasunak hirugarren pertsona bati salduz gero ez direla ez zerrendetan ez ohar sinpletan agertzen, eta Elizak salerosketa aktibitate bizia daukala jakinda, plataformak hori ere ebatzi beharreko kontua dela deritzo. Pauso handi bat emango da iaz Nafarroako Parlamentuak adostutako erresoluzioa bete eta hainbat ohar sinple publiko egiten direnean.