Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa –

GURE BIZIMODUAK BIRUSAREN HEDATZEAN IZAN DUEN ERAGINA ETA KRISI SANITARIOAK PLANETAREN ETORKIZUNEAN IZAN DEZAKEEN ERAGINA

Gure mugikortasun eta produkzio ereduak ingurugiroan sortutako efektu kaltegarriek gaixotasun berrien sorkuntza eta hedatzea errazten du, eta naiz eta koronabirusaren krisiak atsedenaldi unea ekarriko dion planetari epe laburrean, ekonomia birsustatzeko beharrak igorpen mailak handitu eta politika eta inbertsio klimatikoak bertan behera utziko dituen errebote efektua ekar dezake.

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

COVID-19ak ekarri duen sistema globalaren kolapsoak gure hiri, bizimodu eta instituzioen ahultasuna utzi du agerian. Orain, egoera konplexu batean murgilduta, gure bizimoduak pandemiaren hedatzean izan duen eraginaren eta krisi honek planetaren etorkizunean izan ditzakeen ondorioen azterketa beharrezkoa egiten zaigu.

Zelako eragina izan du planetaren egoerak koronabirusean?

  1. Ekosistemak suntsitzeak animalia basatiekin dugun elkarrekintza handitzen du.

Gaur egun ezagutzen diren giza-gaixotasunen %75a animalietatik datoz eta gaixotasun berrien %60a espezie basatietatik heldu dira gizakietara. OMEaren arabera, jatorri hau duten 200 gaixotasun baino gehiago ezagutzen dira, dengue, malaria, GIB, amorrua, ebola, SARS edota sukar horia, adibidez, baina baita ere urtero ikusten ditugun gripe arruntenenak.

Basoak planetako biodibertsitatearen %80arentzat habitat dira. Ekosistema hauetan milioika espezie bizi dira eta horietatik zati handi bat guztiz ezezaguna da zientzialarientzako, birusak barne. Organismo hauek inguruarekin eta beste espezieekin orekan bizi dira, ekosistema bezala eboluzionatu dutelako hasieratik. Hala ere, ekosistema hauen suntsiketak, laborantza intentsiboa edo tenperatura eta fenomeno klimatikoen hazkundea dela eta, espezie basati hauek eta gizakien arteko halabeharrezko hurbilketa dakar. Hurbilketa honen ondorioz, logikoa denez, errazagoa egingo zaie animalia basatiekin bizi diren patogenoei gizakietaraino heltzea.

Hurrengo hamarkadetan planetan bizi diren 8 espezieetatik 1 galtzeko bidean gaude, eta momentu honetan planetako basoek betetzen zuten azaleraren erdia suntsitu dugu. Gaixotasun ezezagunengandik babesten gaituzten ekosistema egonkor eta funtzionalak desorekatzean, birusen aurrean ahulagoak bihurtzen gara eta birus hauek pandemia bihurtzeko probabilitateak handitzen ditugu.

  1. Tenperaturaren hazkundeak espezie bektoreen ugaritzea dakar.

COVID-19a ugaztun batetik heldu da gizakietaraino, seguruenik, eta azken ikerketen arabera ez da transmititzen gizaki batzuetatik besteetara eltxoen ziztada dela medio. Eltxoak, hala ere, munduan gertatzen diren 725.000 mila pertsonen heriotzen errudunak dira, dengue, malaria edota sukar horia bezalako gaixotasunen bektore baitira.

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

Aldaketa klimatikoak eragindako tenperatura globalaren igoerak akain edo eltxoak bezalako espezie transmisoreen ugalketa errazten du et aurretik habitatu ezin zituzten eskualdeak kolonizatzen dituzte. Planetako tenperaturak gora egiten jarraitzen badu, tropikoetan eta tropikoetatik kanpo, urte osoan zehar, bizi diren eltxo kopuruaren hazkundea ere aurreikusten da. Honek dakarren ondorioetako bat gaixotasunen hedapen arriskuaren handitzea da.

  1. Airearen kalitateak eragina dauka heriotza- eta kutsadura-tasan.

Ibilgailuek, zentral termoelektrikoek eta industriek burutzen duten erregai fosilen errekuntzak planetaren tenperatura handitzen duten berotegi efektu gasak askatzen ditu (CO2-a, horien artean), baina, horretaz aparte, NO2, metal pisutsu, errauts eta kedar partikula txikiak sortzen dira prozesu horietan ere bai.

Konposatu hauek hiri eta industrialde handietako aire kalitatean aurkezten diren arazoen arduradunak dira. Airearen kalitatea, populazio dentsitatea eta birusaren transmisio indizea bezalako faktoreekin batera gaixotasun honen hedapenaren beste errudun bat izan daitekeela uste da. Besteak beste, kutsadura erraztu eta birusaren hilkortasuna handitu dezake.

Lehenik eta behin, 2003an Txinan agertu zen SARS-aren inguruan egindako ikerketa batzuek azpimarratzen dute birusaren hedapen indizea handiagoa izan zela poluzio maila altueneko egunetan. Hau da, faktore ezberdinak direla eta, aire kalitatea zenbat eta okerragoa izan, are eta erraztasun handiagoarekin hedatu zela SARS-aren birusa. Airearen kutsadura tontorrak ikusi eta egun gutxitara, ospitaletan arnas infekzio kasuen hazkundea sumatzen zen.

Gainera, zenbait erakunde internazionalek adierazten duten moduan, airearen kalitateak eragin handia izan dezake birusaren hilkortasun tasan. NO2-ak eta partikula metalikoek hipertentsioa, diabetesa eta arnas aparatuko beste gaixotasun batzuk eragiten dituzte, Espainiar estatuan 7.000 eta Europan 400.000 heriotza goiztiar sortuz urtero. Konposatu hauek biztanleriaren arnas aparatua kaltetzen dute eta, honen efektuz, COVID-19-aren hilkortasuna handiagoa da hirigune eta industrialde populatuenetan.

Lombardiako iparralde eta Emilia-Romagnan, Europako eskualde kutsatuenetariko bi, hilkortasun tasa, martxoaren 21ean, %21koa zen eta Italiako beste eskualde guztietan hilkortasuna %4,5era ez zen iristen.

Zein izango da koronabirusaren eragina planetaren etorkizunean?

  1. Berotegi efektu gasen eta beste kutsatzaileen igorpenen hazkundea

Mundu mailan eman den industriaren eta ibilgailuen gelditzeak berotegi efektu gasen igorpenen murrizketa oso nabarmena ekarri du. Lehenengo ikerketen arabera, koronabirusaren krisiak Txinaren igorpenak atmosferara %25ean murriztu zituen martxoan, eta datuak antzekoak izango direla espero da Estatu Batuak eta India bezalako beste potentzia mundialetan.

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

Honetaz aparte, historian zehar antzeman diren CO2 igorpenen murrizketak krisi ekonomiko garaiekin bat egin dute denboran. 2008ko krisian, esate baterako, igorpen globalak %1 jaitsi ziren.

Hala ere, epe luzera begira, koronabirusaren krisiak atmosferara egiten diren igorpenen hazkunde esponentziala ekar dezake, errebote efektua dela eta. Aurreko krisi ekonomikoaren ondoren etorri ziren urteetan gertatu zen moduan, aurreikus daiteke krisiaren ondorengo igorpenen datuak krisiaren aurrekoak baino okerragoak izango direla. Mundu osoko gobernu eta gobernuarteko erakundeek  ekonomia berpiztuko duen kontsumismo basatia sustatuko dute, eskaintza eta eskaria handituko dituzten estimulu ekonomikoak bultzatuz. Honek, energia berriztagarrietan egindako inbertsioak geldiarazi ditzake eta baita ere trantsizio ekologikora bideratutako funtsak txikiagotu.

Koronabirusaren krisiaren berreskuratze fasean aurkitzen den Txinak, ikatza, petrolio eta industria astunek jasotzen dituzten inbertsioak areagotu ditu, haien aldeko apustu argia eginez herrialdearen ekonomia suspertzeko asmoz.

Beste alde batetik, karbono dioxidoaren igorpenekin gertatzen den moduan, Espainian birusaren hedapena gelditzeko hartutako neurriek ekarri duten trafikoaren gutxitzeak airearen kutsatzaile diren NO2 eta partikulen murrizketa nabarmena ekarri du. EAE-an kutsaduraren txikiagotzea azken hamarkadako urte sasoi berdinarekin alderatuz %54koa izan da Gasteizen eta %40 ingurukoa Bilbo eta Donostian. Estatu Espainiarreko bi hiri populatuenek ikusi dituzten kutsadura mailaren jaitsierak oraindik ere handiagoak izan dira (%56koa Madrilen eta %64koa Bartzelonan).

Hala ere, berotegi efektu gasekin gertatzen den moduan, ekonomia berpizteko beharrak ibilgailu garbiagoen aldeko laguntzak txikituko ditu, eta baita diesel edo kutsakorragoak diren ibilgailuak zirkulaziotik kentzea zailduko du ere, prozesu guztia mantsotuz.

  1. Politika eta inbertsio klimatikoetan atzera pausoak

Ziurgabetasuna eta duda ugari utzi zituen COP25aren ondoren, Europak Lege Klimatiko Europarraren lehen zirriborroa aurkeztu zuen orain dela aste batzuk. Lege klimatiko honen helburua kontinentea neutraltasun klimatikora bideratzea da, 2050 urteari begira. Bruselaren esanetan, helburu hau lortzeko, epe luzera, EBaren aurrekontuaren %25a krisi klimatikoari aurre egiteko erabiliko da.

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

Era berean, trantsizio mekanismo hauek Gobernu Espainiarraren estrategia berdean aurreikusita zeuden ere bai. Gobernuak Aldaketa Klimatikoaren Legearen bultzakada garrantzitsu baten berri eman zuen orain dela gutxi. Testu biak, tamalez, bertan behera geratu dira eta litekeena da ekonomiaren kolapsoak esfortzu hauek aurrera eramateko beharrezkoak diren borondate politikoa eta dirua xurgatzea.

Gainera, balore merkatuen erorketak hurrengo egoera ekarriko du: enpresa handiek zailtasun gehiago izango dituzte eredu jasangarriagoetara bideratutako trantsizio-proiektuak aurrera eramateko, zaila egingo zaielako horretarako behar duten finantziazioa lortzea. Horretaz aparte, Txinaren produkzioan ikusi den jaitsierak eguzki panelen, turbina eolikoen eta litiozko baterien urritasuna ekarriko du, munduan zehar energia berriztagarri proiektu asko geldiaraziz.

Zer ikas dezakegu krisi honen inguruan?

Aldaketa klimatikoak, OMEaren arabera, urtero 4 milioi bizitza baino gehiago kentzen ditu, baina honen efektuak eta koronabirusarenak ez dira era berean antzematen. Birus hau kontzientzia globala era askoz azkarrago eta eraginkorrago batean esnatzeko gai izan da.

Esan den moduan, esperientziak esaten digu krisi honek epe luzera ekar ditzakeen ondorioak kaltegarriak izango direla planeta eta aldaketa klimatikoari begira. Nolanahi ere, egoera honek erakutsi digu munduko gobernuak erabaki eta neurri azkar eta sendoak hartzeko gai direla eta gizakiak bizimodu eta ohitura berriei egokitzeko kapaz direla ere bai.

Frogatu da, baita ere, biztanleriaren zati handi bat etxetik lan egin dezakeela, ez dela beharrezkoa hegazkin bat hartzea bi orduko bilera presentzial bat egiteko. Ikusi da berebiziko garrantzia duela bertako produktuen sustatzeak edota gure aisialdi denboran egiten dugun kontsumo maila hain altuak ez direla ezinbestekoak.

Argi dagoena zera da, krisi honen ondorioak epe luzera aztertzen diren bitartean, epe laburreko inpaktua (ingurugiroan) begi-bistakoa da: kontsumo eta mugikortasun murrizketak ingurugiroan eragindako kalteak txikitzen ditu. Aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko neurriek produkzio eta kontsumo ereduaren erabateko berrantolaketa eskatzen digute eta koronabirusaren krisi honek agerian utzi duena horrelako aldaketak aurrera eramateko prest gaudela da.

Gure esku dago aukera hau baliatzea.

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa
Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa  Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa  Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa

 

12 pentsamendu “Koronabirusa eta ingurugiroaren arteko erlazioa”-ri buruz

  • Unai Garcia Martinez 2020-05-19 11:34

    Oso artikulu interesgarria Galo. Funtsezkoa da ekonomiaren berpizte-prozesuan jasangarritasun irizpideak kontuan hartzea. Ea aukera baliatzen dugun bai!

  • Galo Barquilla 2020-05-19 11:50

    Eskerrik asko Unai. Ez dezagun egoera honen aurrean gure ingurumena ahaztu. Zain dezagun planeta!

  • Unai Garcia Martinez 2020-05-19 12:26

    Zuk komentatzen duzun ildo beretik doa duela pare bat egun argitaratu den artikulu hau: Setti, L. (2020) The Potential role of Particulate Matter in the Spreading of COVID-19 in Northern Italy: First Evidence-based Research Hypotheses.

    Hau da, faktore epidemiologikoak soilik kontuan hartuta ezin da Italiako iparraldean eman den transmisio eta heriotza tasa azaldu. Autoreen ikerketaren arabera erlazio zuzena igertzen da aireko materia partikulatu kantitatearen (PM10 konkretuki) eta pandemiak eragindako kaltearen artean.

  • Bruno Barquilla 2020-05-19 13:38

    Oso artikulu ona Galo, zorionak.
    Batez ere politika klimatikoen inguruko erreflexioak gatibatu egin nau. Aurrera pausoak emateko momentua da, eta Europa aldean kontzientzia klimatikoaren sustraiak nahiko sakonak direla uste dut, baina zer gertatuko da garapenerako bidean dauden herrialdeetan? Nork behartuko ditu India, Brasil edo Kolonbia politika klimatikoak besarkatzera? Esfortzua mundu mailakoa izan behar da, eta hori gauzatzea ezinezkoaren hurrengoa ikusten dut.

    Beste alde batetik, Unai, zure azken iruzkinari begira hurrengo kezka sortu zait: ba al dago erlazio zuzenik aireko materia partikula kantitatearen eta berotegi efektuaren artean?

    Zuen iruzkinengatik ala dela imaginatzen dut, baina hau frogatzen duen artikulu edo ikerketa zientifikorik ezagutzen ahal duzue? Ez dut zuen hitza kolokan jarri nahi, ezta pentsatu ere. Puzlearen pieza guztiak eskura izatea gustatuko litzaidake, besterik ez.

    Besakarda bero bat,

  • Unai Garcia Martinez 2020-05-19 13:59

    Aupa Bruno,

    Lehenik eta behin, zure lehen ikuspuntua interesgarria iruditzen zait. Mendebaldeko herriek erregai-fosilak (merkeak) erabili genituen aurreko harmakadan oso arin hazteko, hirugarren munduko herrien baliabideak ustiatuz. Orain, behin garatuta, energia eredu berri ez-kutsakorrera pasatu gaitezke, baina, zein aurpegirekin exijitu dezakegu gainontzekoek merkeak diren baliabide hauek ez erabiltzea arin garatzeko?

    Horregatik, bireraikitze prozesua globala izan behar du. Herri garatuek azpigaratuei era garbiago batean garatzeko laguntza eskaini behar diete. Arazoa globala da, eta beraz, ez dago bakoitza bere bidetik joaterik.

    Bestalde, materia partikulatuaren eta aldaketa-klimatikoaren erlazioaren inguruan, ez dut zalantza oso argi ulertu. Hala ere, garrantzitsua da jakitea partikulek ez dutela berotegi-efektua (eta beraz aldaketa klimatikoa) areagotzen. Partikulak erregai-fosilen konbustioan eragindako metal astun eta materia organiko ale txikiak dira, eta gizakien eta ekosistemen osasunean kalteak eragiten dituzte. Berotegi-efektuko gasek ez bezala, ez dute lurretik espaziora eskapatzen den erradiazioa (beroa) isladatzen. Aldaketa klimatikoa eragiten duten molekulen artean CO2-a, metanoa eta NOx-k dira nabarmenenak.

    Espero dut lagundu izana.

  • Galo Barquilla 2020-05-19 14:25

    Eguerdion,

    Hasteko, aitortu behar dut horrelako eztabaida mamitsu eta aberaskorrak sustatzeak poztasun handia ekartzen didala. Horretarako idazten dira artikulu mota hauek eta hau da hauei “xukua ateratzeko” biderik onena.

    Mamian sartuta, azpimarratu nahiko nuke Unaik aipaturikoa, Brunoren zalantza primeran argitzen duena, nire iritzian, airean suspentsioan aurkitzen diren partikulek ez dute berotegi efektua areagotzen, ez diezaiegun, beraz, merezi ez duten kalterik egotzi. Epe luzera (eta ez hain luze) gure arnas aparatuetan sortzen dituzten sarraskiak beste artikulu batean eztabaidatzeko gaia izango litzateke.

    Lehen munduko biztanle moduan krisi klimatikoaren inguruan daukagun ikuspuntua ezin da, inola ere ez, herrialde azpigaratuetan daukaten ikuspuntuaren berdina izan. Hezkuntza eta formazioa falta da herrialde horietan, eta beraz biztanleriaren erantzuna krisiaren aurrean ezin da berdina izan. Hala ere, 2017ko datuak begiratuz, atomosferara CO2 gehiago igorritako hiru herrialdeen artean Estatu Batuak agertzen ziren. Honek erakusten digu krisiaren ulerpen eta ezagutzak ez direla nahikoak, borondatea behar da, Estatu Batuek erakusten ez dutena, esate baterako.

    Dena dela, artikulu honekin argi izpi berri eta itxaropentsuak badirela aurkeztu nahi nuen. Borondatea eta kontzientzia badago, badaukagu arazoak bideratzeko ahalmena, arriskua ikusi eta erreakzionatzeko gai garela. Espero dudan bakarra jada beranduegi ez ibiltzea da.

    Besarkada bana, lagunak.

  • Bruno Barquilla 2020-05-19 14:41

    Arratsaldeon,

    Guztiz ados, Unai. Puntu honetan Garapen Iraunkorra deituriko kontzeptua plazaratzea gustatuko litzaidake. Arlo pribatu zein publikoan aldaketa sakonak behar ditugu, ondo ezagutzen dugun modelo sozioekonomikoaren ez-jasangarritasunari bidea moztu nahi badiogu.
    Esate baterako, gaparenerako bidean dauden herrialdeen matrize energetikoen dibertsifikasio prozesua sustatzeko inbertsio garrantzitsuak egin beharko lituzkete garapenerako banku eta erakundeek, eta bereziki ikerkuntza lanei bultzada ekonomiko eta instituzionala eman behar zaie, sorkuntza bereizia, energia biltegiratzea…

    Beste alde batetik, nire galderari uko egin diozula iruditu zait. Nolanahi ere, gomendio bat zure hurrengo artikulu eta iruzkinentzako: oso erraza da datuak eta iritziak plazaratzea (edonork utz dezake iruzkin bat), baino emandako informazioa frogatutako oinarria izatea komeni da. Besteei lezioak eman aurretik, bibliografia lan sakontxoagoa egitea aholkatzen dizut, Unai.

  • Unai Garcia Martinez 2020-05-21 10:03

    Aupa berriro Galo!

    Astearte honetan argitaratu den artikulu baten esteka uzten dizut, koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendu neurriek momentuz eragin duten emisio murrizketaren ingurukoa.

    https://www.nature.com/articles/s41558-020-0797-x

    Ikerlari hauen arabera, 2019ko isuriekin alderatuta urtarrila-apirila bitartean %17a murriztu dira, eta mundu mailan konfinamendua ekain inguruan amaitzen bada urte osokoak %4 jaistea espero dute aurreko urtearekin alderatuta.

    Nabarmentzekoa da herrilade batzuetan konfinamendu egoera zorrotzeko egunen bitartean isuriak %84 inguru murriztu zirela.

    Hala ere, esan behar da emisioak urtero %1-2 inguru murriztuz atmosferan berotegi-efektuko gasen kontzentrazio murrizketa esanguratsu bat antzemateko 10-15 urte beharko liratekela. Hau da, ezin da krisi honek zeharka eragin dituen ingurumen-onurak aurreko produkzio eta garraio-ereduetara itzultzeko aitzakia bezala erabili.

    Zuk esaten zenuen bezala Galo, konfinamenduak erakutsi du, behintzat, garraioa eta kontsumoa murrizteak zuzenean emisioak jeistea eragiten duela.

    Besarkada bat, Galo.

  • Martin Gregorio 2020-05-22 00:28

    Oso artikulu interesgarria. Zuzeuko irakurle ohia izanik, ez dut iruzkinetan erantzunik uzten, baina azken hausnarketa irakurtzerakoan nire iritzia elkarbanatzeko gogoa piztu zait.

    Artikuluak erakutsi digu nola gizakiak ez dituen eskura dauzkan gauzak aldatzen beranduegi den arte. Kasu honetan, koronabirusa izan da adibide argia.

    Pixkanaka pixkanaka hurbiltzen zen pandemia Euskal Herrira, Italian konfinatu ziren… eta hemen bitartean, manifestazioak, partiduak eta ekitaldiak aurrera eraman zituen gobernuak. Covid19-a etxeko ateari joka egon den arte, ez gara mugitu.

    Nire etxean, aitak zorua bernizatu berri du, eta alfonbra zapaltzen dugun bakoitzean laban egiten dugu. Norbait jauzi arte, aitak ez du anfonbrak geldirik uzten duen goma jarriko.

    Aipatutako bi adibideek, aditzera eman nahi dutena zera da, gizakia hondamendia gertatu den arte ez dela mugitzen. Horrela, aldaketa klimatikoarekin ere, honek dituen ondorio arriskutsuak begibistan eta gizabanakoari kalte egin arte, ez dugu ezer egingo. Arriskuei ondoren erantzutea gizakiaren ezaugarria dela uste dut, eta horregatik esaten da gizakia dela harri berdinarekin bi aldiz behaztopatzen duen animali bakarra.

  • Unai Garcia Martinez 2020-05-22 08:57

    Ze ona Martin. Kasu honetan alfombra mugitzea saihesten duen gomazko pieza biodibertsitatea da!

  • Bruno Barquilla 2020-05-22 09:17

    Egun on guztioi,

    Oso ekarpen interesgarria Martin, gai hau serio hartzen duten euskaltzaleak badaudela ikusteak poztu egiten nau.

    Unai, ez dut uste artikulu hau idatzi duen pertsonaren helburuetako bat iruzkinetan txisteak irakurtzea izan daitekeenik.
    Beraz, mesedez eskatuko nizuke txantxak zure lagunentzat gordetzea, eta hona fundamentuzko iruzkin eta iritzi garatuekin etortzea.

    Besterik ez, agur bat

  • Bruno Barquilla 2020-05-22 09:53

    Barkatu Unai, lehengo iruzkinagatik, ez nuen minik egiteko asmorik.
    Beste alde batetik, benetan aberasgarria ikusi dut zure aurreko esteka. Halako datuek gure aktibitate “arruntek” ekartzen dituzten kutsadura bolumenak erakusten dizkigu. Kontzientziatzeko era erraza eta azkarra iruditzen zait.

    Bide batez, hemen utziko dizuet euskal kanturik ederrenen artean ederrenetarikoa. Ostiral ona opa dizuet:
    https://www.youtube.com/watch?v=tkWjxuBBu1U