Bakea denen artean
Bakea denen artean –
2016-ko abendoaren 16-an, bost bakegile arrestatu zituzten Luhuson, ETAren armen neutralizatzen ari zirela. Irailaren 30-ean, berriz Luhuson, Kulturgile Ekimena artista kolektiboak 12 ordu bakearentzat deitu mobilizapen eguna antolatu du, kantaldi, bertso, hitzaldi eta kontzertuak eskainiz. Abenduaren 9an Parisera joateko deia zabaltzeko. Hara karia hortara egin mintzaldia eta Bakegileen abenduaren 9ari begirako bilkura publikoen berri.
Lehenik erran nahi dautzuet zenbat garrantzitsua den zuek denak hemen izatea: Bakea denen artean eraikitzen baita. Bakea bide luze eta zaila da. Batezere mahaiaren inguruan izan behar luketen batzuek ez dutelarik hor izan nahi.
Sei urte pasa dira Aietez geroz, eta ETAk borroka armatua betirako uztea erabakiz geroz. Bakearen bidean ezinbestezko urratsak ziren perspektibak ireki baitituzte.
Bainan biolentzi eza ez da berez bakea. Euskal Herriko prozesua laguntzeko antolatu foro guzietan azpimarratu da armagabetzea dela bake bidea oztopatzen duen harri haundi baten baztertzea. ETAk argiki jakinarazi zuen hortarako prest zela. Hori gauzatzeko egin behar guziak egitera saiatzen zen, bainan estadoen erantzuna arrestazio eta kartzela zen: Estadoek bakerik ez zuten nahi. Edo, hobeki erran, garaileek garaitueri inposatuko zuten pazifikazioa zuten bakarrik nahi. Alde ezberdinen aldetik egin saiakerek ez zuten lortu panorama hori aldatzea. Bainan lan horiek guziek agerian ezarri zuten bake bidean aurreratzearen beharra eta urgentzia.
Jendartearen inplikazioa ezinbestezkoa bihurtu zen gauzak desblokatzeko.
Fruitua ontua zen, usteltzeko hirriskua zuen. Denbora iragana zen, eta egun berri bakoitza karioegi agertzen zen. Hola etorri zen Luhusoko ekintza, abendoaren 16-koa.
Luhusok apurtu du ustez egoera betirako kontrolatzen zuten estadoen logiziela. Ekintzaren indarrak eta jendarte zibila ta hautetsien mobilizazioak, transbersalitate eta aniztasun osoan, armagabetzea atzera itzultzerik ez den bidean ezarri zuten.
Luhuso urrats bat gehiago izan zen eta, urrats horrek permetitu du apirilaren 8-ko bertze pausoa: armagabetze osoa eta egiaztatua.
Apirilaren 8-ak alde guziak bazituen: alde instituzionala eta Herriarena. Egun hortako urrats historikoak behar zuen Herria lekuko. Hunen mezua zen: “Ez gira galtzaile/irabazle eskeman. Guk ere ‘gure’ egiten dugu egungo urratsa. Hosto berri bat irekitzen dugu”.
Baldintzarik gabeko armagabetzea , Euskal Herrian dugun alde bakarreko prozesua bezala, desafio bat da: bururadino joango den bidearen desafioa. Apirilaren 8-ko urratsak beste urrats bat eskatzen du: “Eta orain presoak” diogu. Hortako gira hemen. Hortako gira Parisera joanen, milaka, abendoaren 9-an. Baitakigu armagabetzeak bakea laguntzen badu, ez da oraindik bake osoa.
Presoen gaia desblokatu behar dugu. Gai hunen konponbide orokorrean, preso eta iheslari bakoitzari aterabidea ekarriko duen konponbide orokorraren barnean, sabuespen neurri guzien ezeztatzea izanen da lehen urratsa. Gaur lortzen ahal dugun urratsa, gaur lortu behar dugun urratsa. Ezin da gehiago soportatu dispersioa, eri direnak beti kartzeletan atxikitzea, askatuak izaiteko baldintzak betetzen dituztenak beti preso atxikitzea.
Atzo arma gabetzea blokatzen zuten, presoen eskubideak ukatzeko. Gaur aitzaki hori ez da. Hemen ere sobera denbora pasatu da eta egun berri bakoitza garestiegi da.
Abendoaren 9-an lortu behar dugu hori. Eta lehenago ere seinaleak nahi ditugu. Salbuespen neurrien ezeztatzea, beste urrats bat izanen da. Eta urrats horrek ondoko urratsa errextuko du. Eta hunek, bestea… Urrats berri bakoitzak aintzineko urratsari zentzu osoa ematen dio, eta ondoko urratsari bidea irekitzen dio. Hola dugu eginen bidea bururadino.
Urrats horietan bitimek ere leku osoa behar dute. Bitima guziek. Errana izan da hori apirilaren 8-an. Lan haundia egiten da jada sail hortan, eta Iparraldeak ere bere aportazioa eginen du. Iniziatibak izango dira. Bitima guzien aitortza eta erreparaziorik gabe, ez da bake biderik, ez elgar bizitzarik.
Gatazkaren ondorio guziak tratatu behar dira, eta jendetasunez tratatu.
Gatazkaren arrazoiak ere hor dira: denak tratatu behar dira modu demokratikoan.
Bakea ez da gelditasuna. Bizia, askotan, konfrontazioa da. Konfrontazio horrek demokratikoa izan behar du. Hori da nahi dugun Euskal Herria, eraiki behar dugun Euskal Herria. Bainan, eginkizun bakoitza bere momentoan egin behar baita, orain datorkiguna da Pariseko eguna gure agendetan ematea, izenak ematea.
Parise behar dugu mugiarazi. Eta Madrile ere eginen da.
Mikesker guzieri! Milesker Euskal Herriko artisteri!
…
BAKEGILEEN BILKURA PUBLIKOAK ABENDUAREN 9ARI BEGIRA
…
Euskal Herrian, bake prozesua gizarte zibilaren esku dago. ETAk 2011an borroka armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuen. Frantses eta Espainiar estatuen inplikazio ezaren aitzinean, 2016ko abenduaren 16ean, bost bakegileek, armagabetzearen inguruko lehen urratsa burutu zuten Luhuson. Gertakari honek blokeatua zen egoerari bultzada eman zion, eta lau hilabete geroago, apirilaren 8an, gizarte zibilak masiboki parte hartu zuen, Baionan burutu zen ETAren armagabetze egunean. Armagabetzeak ez du bakea erran nahi. Bake prozesua aitzina segi dadin, bestelako urrats batzuk daude oraindik gainditzeko: Preso eta iheslarien egoera konpondu eta alde guzietako biktima guzien errekonozimendua.
Apirilaren 8ko armagabetzeko eguna sustengatu zuten bost bakegileek, denei irekiak izanen diren bilkura publikoak antolatuko dituzte, orain arte gertatutako esplikatu eta Euskal Herriko biztanleria guzia biltzen dituen erronkak aurkezteko. Bilkura horiek, Bake Bidea eta Luhusoko ekimenean parte hartu duen batek (Jean-Noël Etcheverry ‘Txetx’ edo Michel Berhokoirigoin) dinamizatuko dituzte.
Bilkurak 20 minutu irauten duen filma batekin hasiko dira. Horren ostean eta bukatzeko eztabaidarako tartea irekiko da.
Lehena, Irailaren 29an, Garindainen iragan da, geroztik Donibane Lohizunen, Hazparnen eta Donapaleun iragan dira.
Ondoko bi hitzorduak :
• Urriaren 24ean, asteartearekin, 19:00tan, Baionan(Glain elkarteen etxean)
• Urriaren 27 ostiralarekin, Garazin 20:30tan (Laborantxa Ganbaran)
Apezak, meza.
Bakea ez da alde batek armak ixiltzea, bakea justizia egitea da. Eta horretatik oso hurrun gabiltza oraindik. Gaur egun bizi duguna gure lurren okupazioa da bi estatu arrotzen partetik, euskaldunon etnozidioa eta etekin ekonomikoa ardatz. Has gaitezen gauzei beren izenez deitzen