Obabakubak

Obabakubak –

Aste honetako asteazken goizean irteera bat izan genuen institutuarekin. Batxillergoko 2. mailako  bi ikasgela “Obabakoak”, Bernardo Atxagaren liburu ospetsuenetakoaren antzerkia ikustera joan ginen Bilboko Arriaga Antzokira. Egia esan, antzerkiak ez zuen zerikusirik izan nik hari buruz neraman pentsamenduarekin, nire aitak aurreko egunean liburuari buruz apur bat hitz egin zidan arren.

Antzokira metroz joan ginen denok batera. Ni ez nintzen bertan inoiz sartu, edo ez dut horren oroitzapenik bederen. Sarrera nagusiko atea gurutzatu bezain pronto oso ikusgarria iruditu zitzaidan eraikinaren barneko egitura, eta ikusteko zorian geunden antzerkia bikaina izango zela pentsatu nuen nire baitan, halako leku eder batean oso jende profesionalak antzeztu beharko lukeela pentsatuz.

ObabakubakOso dotore jantzitako bertako langile batek lagundu gintuen Erromoko ikasleok, ikuskizuna ikusteko hartuta genituen jesarlekuetara. Geure lekua goiko solairuan zegoen, eta eskilara dexente igo ostean eszenatokia  osorik ikusten zen toki batera iritsi ginen. Antzokia jendez gainezka zegoen, eta burrundara izugarria zegoen bertan, ikusle gehienak hainbat eskolatako ikasleak baikinen. Are gehiago, aktore eta aktoresak eszenatokian agertu zirenean tartetxo txiki bat itxaron behar izan zuten ezer esan gabe, gazteak isildu arte.

Antzerkiaren lehenengo eszena hasi bezain pronto, begiak eta garuna eszenatokian gertatzen ari zenari arreta jarrita geratu zitzaizkidan, antzezlana amaitu zen arte. Hasieratik hainbat aktoreen aurpegiak ezagunak egin zitzaizkidan, eta euren lana ezinhobe egin zutela esan beharra daukat. Pertsonai desberdinen  sakoneko sentipenak, hausnarketak eta iritziak primeran antzeztu zituzten, hain ondo ezen une ugaritan hunkitu egin bainintzen. Hala ere, eszena eta istoriotxo ugariren mezua eta zentzua harrapatzeko ez nintzen gai izan. Hau liburua lehenagotik irakurri izan banu askosaz ere errazagoa egingo litzaidakela uste dut.

Dena dela, Atxaga zaleak diren pertsona guztiei gomendatuko nieke antzezlan hau ikustera joatea, benetan txundigarria eta sakona baita. Hori bai, obra hobeto ulertzeko liburua aurretik irakurtzea gomendatuko nioke edozeini, niri gertatu zitzaidana ez gertatzeko, hau da, zenbait eszena ez ulertzea.

Obabakubak
antzerkia, obabakoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude