Bada tenorea!
Bada tenorea!
Udaberria heldu da eta, loraldiarekin batera, ailegatu dira gure herrietako bestak ere. Aurten, iaz bezala, Mutildantzaren doinu gozoa aditzeko aukera dugun plaza guztietan elkartuko gara berriz ere, plazak dantzan jarriaz.
Denek dakigu Mutildantzak, gainontzeko tradizioak bezalaxe, etengabeko egokitzapen eta eraldaketen fruitu izan direla jaio zirenetik, etengabeko aldaketak egiten baitu tradizioa tradizio. Alta, horixe da tradizioaren ezaugarri nagusia, ez baitu irauteko bertze modurik. Hortaz, pertsona askeak egingo gaituen tradizioa sortzea dugu helburu; zamarik gabeko tradizioa, bazterketarik gabekoa. Horixe Plazara Dantzaren nahia, horixe gu guztien beharra.
Ohitura segurtasuna dugu, heldulekua. Baina behar al dugu itoko gaituen heldulekurik? Gizartearen erdia baztertuko duen tradiziorik? Emakumea, historikoki, gizarteko alor guztietan, eta doike, dantzetan ere, baztertua egon da. XVI. Mendean, elizak ikaragarrizko ahalegina egin zuen emakumea plazatik kanporatzeko. XXI. Mendean, gizon batzuek berriz ere elizaren babesa behar izan dute plaza pribatuan dantzatu eta emakumea baztertzeko. Hori al da idatzia utzi nahi dugun Baztango historia?
Berako makildantza, Zuberoako maskarada, Tolosako bordon dantza, eta nola ez, Baztango Mutildantza, adibide nahikoak dira frogatzeko emakumeen parte hartze normalduak ez dakarrela inolako kalterik, ez tradizioaren hausturarik, ez kalitate galerarik. Aberastasuna dakar, horra diferentzia!
2013.urtean Plazara Dantzaren agerraldi batean zoriondu genuen Baztan, mamuak uxatu eta gibelat bueltarik ez zuen bidea abian zelako. Hiru urte beranduago, berriz ere Baztandarrak zoriontzeko arrazoiak soberan ditugu. Gure ondarea partekatuz, gure altxorra gozatuz, dantzatuko gara berriz elkarrekin Baztango plazetan mutil, neska, neskato, gizon zein emakume. Urte osoan elkar ikusi ez dugun barride, lagun, gertuko edo sekula ikusi ez dugunarekin ere, aske eta umorez, dantzatuko gara. Hori baita dantza, hori baitezake dantzak. Aunitz urtez!
Bada tenorea!