Identitatea eta kontzientzia

 Identitatea eta kontzientzia

Pasa da maiatzaren lehena. Han eta hemen entzun dut jendea langile borrokaz hizketan; prekarietateaz, kaleak hartu beharraz, ezkerraren krisiaz, kapitalismoaren basakeriaz, indibidualismoaz.

Langile-identitatearen “desagerpenaz” irakurri nion aurreko astean Kattalin  Minerri eta buruan bueltaka darabilt ordutik. Krisi garaian hazi eta hezi ez banintzen ere, bete betean harrapatu ninduen gaztaroan. Beraz, eta nire poltsikoa beti, beti, beti krisian egon denez, apenas gogoratzen ditut gurasoei entzundako “bonanza” garaiak.

identitatea eta kontzientziaNire belaunaldikook prekarietatean egin ditugu lan munduko lehen hastapenak. Kapitalismoaren ajeak geure azalean sufritu ditugu; langabeziaren igoera soilik ez, lehenengo sektorearen suntsiketa, ongi izate estatuaren gainbehera, giza eskubideen urraketak eta ezkutuko ekonomia ere ekarri baititu besteak beste Kapitalismo neoliberalak.

Langileen eskubideen defentsan egindako zenbait aldarrik lortu dituzte egungo zenbait eskubide. Baina krisi garaietan, gerra garaietan bezala dena da balekoa. Krisi garaietan gerra garaietan bezala errazagoa da lapurtzea. Krisi garaietan, gerra garaietan bezala nabarmenago antzematen dira zapalduak eta zapaltzaileak.

Krisian omen dago langile identitatea, eta bat nator ideia horrekin, izan ere, gure bizitza laborala prekarietatean eta krisian bizi izan dugunok, baldintza hobeak geure larruan ezagutu ez ditugunok; ez gara, beharbada, historiako liburuetan irakurritako langile-borrokarekin behar beste identifikatu. Birplanteatu beharko dira borrokak eta kontzeptuak, gaurkotu eta berritu. Heterokapitalismo akomodatu batean bizi izan ginen akaso egungo krisia baino lehen, eta kapitalismoak dakarren indibidualismoarekin, basakeriarekin, botere harremanekin bukatzeko makillaje pixka bat baino gehiago beharko dugu.  Geu jarri beharko gara erdigunean, zaintza lehenetsi beharko dugu, babeserako tresna kolektiboak sortu beharko ditugu, produktibitate eta erreproduktibitate aitortza lehenetsi eta, nola ez, bizitzari merezitako balioa eta lekua eman.  

Esanguratsua da krisi garaian langile identitatea gainbeheran egotea. Arrautza barrutik apurtzea beti izaten da hobea eta, beraz, hasiera eraginkorra izan daiteke identitate krisia gainditzea, horrela gainerakoak amiltzeko. Orain kontzientzia sortzea falta zaigu, berrasmatzea, egokitzea, birplanteatzea; eskema indibidualak kolektibizatzea.  

identitatea eta kontzientzia

Zer duzu buruan “Identitatea eta kontzientzia”-ri buruz

  • Heterokapital…zer? komunismoa homosexuala al da? Sozialdemokrazia bisexuala agian? Heterosexuala izatea pekatua ote da XXI mendeko ezkerrarentzat?