Ba al da euskal argazkilaritzarik? (I)
Ba al da euskal argazkilaritzarik? behin baino gehiagotan neure buruari egin diodan galdera da hau. Hitza edo hizkuntza ardatz ez duen edozein sormen ariketa egiterakoan, esan al daiteke ‘euskal’ diren edo ez?
Zer da euskal kultura, euskaraz egiten dena? euskal herrian egiten dena? euskaldunok egiten duguna? euskal herrian bizi den edonork egiten duena?
Hitza eta hizkuntza ardatz duen literatura bezalako sormen ekintza batekin euskal literatura eta euskarazko literatura gauza bera diren ebazteko orduan ados jartzen ez bagara, nola zehaztuko dugu zer den euskal argazkilaritza?
Ez naiz galdera hori egiten duen lehena, Ikor Kotx argazkilari gipuzkoarrak ere eman dizkio bueltak buruari gai horren inguruan, eta ez dakit xirikatzeko asmoz, ariketa bezala edo erabat konbentzituta zegoelako, baina erantzun bat ematera ausartu da; Argazkigileak.com webgunean argazki serie bat aurkeztu du Euskal Argazkigintza izenburupean, eta bertan sartu dituen argazki guziek daukate testuren bat, eszenan present zegoen afixa, seinale edo iragarki batean idatzita, eta testu guzi horiek euskaraz daude idatzita.
Baina nahikoa al da hori argazki bati ‘euskal’ tituloa jartzeko? edo euskarazko testu bat behar ote du argazki batek ‘euskal’ izendatzeko?
Ba al dago euskal argazkilaritzarik?
Zerk zehazten du zer den euskal argazkigitza eta zer ez?
Ba al du zentzurik euskal argazkigintzaz hitz egiteak?