Autobusetan Film Pornoak Jartzen Zituztenekoa
Ez naiz sekulan egunkari irakurle ona izan. Gazteago nintzelarik –edo gazte nintzelarik, irakurleak erabaki dezala–, Diario de Navarra erosten zuten gurasoek; orduan ere kosta egiten zitzaidan prentsa irakurtzea, baina egunkari horretan –edo panfleto horretan, oraingoan ere irakurleak erabaki dezala– zuzendariari igorritako gutunak egunero irakurtzen nituen behin ere hutsik egin gabe. Geroago, baina artean gazte nintzela, intelektual itxura egin nahian edo, The Times Literary Supplement hasi nintzen erosten –bai, posible zen Iruñeko liburu-denda batean hori enkargatzea eta astero-astero puntual jasotzea–, eta zuzendariari igorritako gutunak nituen horretan ere sail gogokoenetarik: testu motz haietan, TLSko irakurleek ironia, understatement-a eta mota guzietako perifrasi dotoreak erabiltzen zituzten aitzineko alean publikaturiko zerbaitekin beren desadostasuna adierazteko edo, beharrezkoa bazen, finezia ezin handiagoaz elkar iraintzeko.
Gustuko izanda ere, gutun britainiar haiek ez zieten inoiz Diario de Navarrakoei hauek nire bihotzean zuten tokia kendu. Azken hauek, beren kutrean, bai baitzuten xarma; konparaziorako, autobuseko film pornoarena zen tarteka azaltzen zen klasiko bat: Bartzelonatik edo Madrildik heldu ginen, zioen testuaren egileak, eta hara non autobusean film porno bat paratu ziguten, eta ni familia osoarekin heldu nintzen, seme-alabei zer erran ez nekiela ibili nintzen, ez dago eskubiderik, eta abar. Uste dut garai hartan bihurtu nintzela autobuszale eta bidaia luzeak egin zale, akaso noizbait nire autobusean ere behingoz film famatu hura ikusaraziko ziguten esperantzarekin. Urteak pasa ahala, itxaropenak iraun du nire baitan, baina alferrik: orain artio ikusi dudan gauzarik eskandalagarriena –tren batean, ez autobus batean– Messiri buruzko dokumental bat izan da –Alex de la Iglesiak zuzendua!–; bi aldiz, gainera, Bartzelonarakoan eta etxerakoan.
Zentsurak beti behar izaten du zer zentsuratu behar den nabarmentzen duen begiratu bat, zerbaitek zentsura merezi duela dioen ahots bat. Nafarroako Unibertsitatean ere bazen –eta, imajinatzen dut, bada– zentsura. Liburutegian, adibidez: ikasleek ezin dute edozein liburu eskatu, badira e.s.l. siglak daramatzatenak –excluido sala de lectura, irakurtzeko aretora, ikasleak egoten diren lekura alegia, ezin dela eraman–; baina horretaz Berrian aritu nintzen behin, eta ez dut berriz komentatu nahi. Interneten ere bada zentsura, edo bazen ni han nintzelarik –90eko hamarkadaz ari naiz–: orrialde pornoetarako sarrera blokeatua zegoen. Segur aski gauzak konplikatuagoak ziren, edo bertze manera batean egiten ziren, baina tenore hartan, Interneteko zentsura hura zela-eta, nik beti imajinatzen nuen Opuseko apez bat, gela mehar batean sartua eta zilizioa koska bat edo bi estuago jantzia, libreta txiki batean txukun-txukun apuntatzen nola erraten den hainbat hizkuntzatan alua, ipurdia, titiak, zakila, barrabilak, uzkiko penetrazioa…; eta, gero, bertze zutabe batean, perbertsioak tituluaren azpian, hitz gako batzuk: high heels, femdom, pegging, strap on… Alde irri-emangarri horrekin batera, zentsurak alde iraingarri bat ere badu: 90eko hamarkada hartan, irakasleek eta tesia egiten ari zirenek baizik ez zuten Internet erabiltzen ahal Nafarroako Unibertsitatean; hortaz, zentsura horren bidez susmagarriak zirela –ginela– erraten ari zitzaigun.
Batzuetan, azalpena da iraingarria. Historia garaikideko irakasleak Karl Marx ez irakurtzeko erran zidan: 19. mendeari buruzko libururen bat irakurri behar genuelarik, Luis Bonaparteren brumarioaren 18a leitu nahi nuela erran nion irakasleari, eta hark ezetz, Marxek jende anitzi aldrebestua omen baitzion pentsamoldea. Ez dakit nitaz zer iritzi zuen irakasle hark, baina bistan da ez zuela konfiantza handirik nire ahalmen intelektualean, liburu bat irakurrita marxista amorratua bilakatuko nintzela uste bazuen. Eta arraroa da –eta are arraroagoa irakasle baten ahotik etorrita– liburu bat irakurtzea eta liburu horrekin ados egotea berdintzen duen ikusmoldea.
Berriki, polemika txiki bat izan dugu ETBk Barrura begiratzeko leihoak dokumentala eman zuelako. Lehendakariak berak errana du dokumental hori emititzea ez dela egokia izan, eta ETBren konpromisoa “terrorismoari zilegitasuna kentze prozesuan” berretsi du. Hemen, azalpenak dira iraingarriak, bai ETBrendako bai ikusleendako. Film bat emititzea film horrek defendatzen duen tesiarekin –tesirik defendatzen baldin badu– ados egotea da? Telebistako kate batek Rambo ematen badu, Rambok gorpuzten dituen balioekin bat egiten du? Are makurrago, Stallone aktore ona aditzera ematen ari da? The Walking Dead telesaila eman duen katea ados dago zonbiak gupidagabe kalitzearekin, ez-hildakoak eskubiderik ez balute bezala? Film bat ikustea, film horrek defendatzen duen tesiarekin –tesirik defendatzen baldin badu– ados egotea da? Ikusleek ez dute beren gogoetak egiteko ahalmenik –eta hausnartutakoan, adostasuna, desadostasuna edo milaka ñabardura adierazteko ahalmenik–, edo tontotzat hartzen ari dira Barrura begiratzeko leihoak ikusteko aukera emateagatik haserretu direnak eta, ondotik, hain azalpen traketsak eman dituena?
Ez naiz zernahi noiznahi eta nonahi erakustearen aldekoa. Baina bitxia egiten zait kontu eskandalagarrien eremua, hedabideetan eta, batez ere, telebistan, sexura eta politikara mugatzen dela ikustea. Kaka estetikoa eta ideologikoa tonaka botatzen diguten bitartean, titiak behar den bezala pixelatzen dizkigute, eta preso batzuei eginiko elkarrizketak suntsipen handiko armak balira bezala tratatzen dituzte.
Hondarrean, ez nuen sekulan autobuseko film porno hura harrapatu –beharbada pornoa ez zelako–; Luis Bonaparteren brumarioaren 18a irakurritakoan ez nintzen marxista amorratua bihurtu –akaso horretarako libururik egokiena ez zelako–; eta ez naiz asaldatu Barrura begiratzeko leihoak eman dutelako –segur aski film hori emititu izanak deus asaldagarririk ez duelako–. Bai aztoratzen naiz, ordea, politikari batzuek uste dutelarik erabakitzen ahal dutela zer ikusten ahal dudan eta zerk minduko duen nire mintz delikatua. Horrelakoetan, gela mehar batean irudikatzen ditut, zilizio ideologikoa normalean baino bi koska estuago lotua, libreta batean txukun-txukun apuntatzen baztertu beharreko kontzeptuak: preso politikoa, independentzia, erabakitzeko eskubidea… Hori alde irri-emangarria da; oraingoan, alde iraingarria, dudarik gabe, Urkulluren azalpenak izan baitira.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Erabat ados, iraingarriak eta salagarriak Urkulluren eta EITBko arduradunen azalpenak izan dira. Gero eta argiago ikusten dut PNV sorgin-ehiza honen onuradun ikusten duela bere burua, eta ez duela aurka egiteko inolako asmorik.