Atez atekoaren “gerra” etxeko postontzian

Atez atekoaren "gerra" etxeko postontzianEtxera heltzean, postontzia ireki eta bi orri aurkitu ditut, DIN A4 formatukoak, erditik tolestuta. “Publizitate nazkagarri gehiago!”, pentsatu dut. Baina arreta gehiagoz begiratu ditut eskaileratan gora nindoala, eta ezin izan diot barreari eutsi. Biak atez atekoari buruzkoak ziren: Bata PSE-EEk bidalia, “ATEZ ATEKO bilketari EZ! Gipuzkoari atzerabidea ekarriko dio” zuen idatzita azalean, zabor piloarekin batera. Bestea, Lazkaoko Udalak (Bildu) bidalia, atez atekoaren funtzionamendua eta onurak deskribatzen, marrazki alaiez lagunduta. Kasualitatea? Auskalo, baina bata bestearen ondoan jarri ditut, batek eta besteak ematen dituen argudioak aztertzeko. Eta barrez hasi naiz berriz ere.

 

ATEZ ATEKOA PSE-EE-REN ARABERA

“Edukiontzi guztiak kenduko dut zure kaletik, eta Udalak egindako inbertsioak alferrik galduko dira”.

Atez atekoarekin gehiago birziklatuko badugu, ez al du merezi? Gainera, autoa uzteko toki gehiago izango da kalean.

“Etxalde guztietako zaborra zutoinetan eseki eta erakusgai jartzen ditu, higiene, intimitate, estetika eta osasun gaietan atzera eginda”.

Ez dut uste oraingo edukiontzi handi horiek bezain zikina izango direnik guztiok kontu gehixeagorekin jardungo bagenu. Estetika? Oraingo edukiontziek diseinu eta edertasun lehiaketarik irabazi dute akaso?

“Elikatzeko eta erosteko ohiturak baldintzatzen dituen egutegia inposatzen du, eta sukaldea hondakin biltegi bihurtzen dizu, gainera”.

Gure etxean lau pertsona bizi gara eta ez dugu zakarra egunero ateratzen, poltsa betetzen denean baizik. Sukaldea hondakin biltegi? Orain bezalaxe!

“Oso sistema garestia da. Udalaren kostuak bidertu egiten ditu eta langile gehiago kontratatu beharra sortzen du; beraz, zabor-tasa garestiagoa izango duzu”.

Udalak langile gehiago kontratatu behar baditu, itzel. Jende asko baitago langabezian. Zabor-tasa garestiago? Ba al dakizue errauskailu bat eraikitzea zenbat balio duen?

PSE-EEren aukera:

Oraingo lau edukiontziak errespetatzea eta beste berri bat ezartzea zabor organikoa biltzeko.

  • Sistema garbiagoa eta iraunkorragoa
  • Merkeagoa
  • Erosoagoa, estetikoagoa eta ordenatuagoa
  • Oraingo birziklatze-maila igoko du

ATEZ ATEKOA UDALAREN (BILDU) ARABERA

“Gaur egun hondakinak bereizi egiten dira: organikoa, kartoia, ontzi-arinak, beira, pilak, olioa, trapuak eta errefusa. Bilketa sistema honetan, egun bakoitzean biltzen dena gai ezberdina da, gehien sortzen denari egun gehiago eskainiz (…) 3tan organikoa, 2tan ontzi-arinak, behin kartoia eta beste behin errefusa. Olioa, pilak eta trapuak larrialdi guena batean dauden edukiontzietan jasotzen dira”.

Hau da, orain arteko berbera birziklatzen jarraituko dugu. Zein desberdintasun daude ba, gaur egungo sistema eta atez atekoaren artean?

“Oraingo sistemarekin, Lazkao, zaborren %43 birziklatzen da. Atez ateko sistemarekin, %80”.

Tira, ez dago gaizki, gehiago behintzat birziklatuko dugu, beste erremediorik ez zaigu geratuko eta. Baina, zeren ordainetan?

“Bost edukiontziekin, errefusaren edukiontziak, gaika bildu arren, gaizki eta ondo egiten dutenen poltsak elarrekin nahasten dira. (…) Birziklatzen ez dutenei, edukiontziek ematen dizkieten erraztasunak atez atekoak kentzen dizkie”.

Bai, orain nahitaez zaborrak bereizi beharko ditugu, beraz, hondakinen kalitatea hobea izango da eta ezertxo ere birziklatzen ez zutenak behartuta egongo dira. Baina guztiok esfortzu txiki bat egingo bagenu eta zaborra dagokion ontzian botako bagenu, ez genuke atez atekorik beharko.

“Kaleko itxura ere desberdina da, atez ateko sisteman zintzilikarioak daude herrian zehar eta ordua iristean kubotxoz betetzen dira. Bost edukiontzien sistemak herriko gune desberdinak okupatzen ditu”.

Ordua iristean… eta ez badut ordu horretan zakarra ateratzerik? Orain ditugun edukiontzi guztiak kenduz gero, nora eraman dezaket zaborra orduz kanpo banabil? Tira, behintzat kotxea aparkatzeko toki gehiago egongo da auzoan…

Ondorioa

“Errauskailurik ez dugu nahi, baliabideak pozoi bihurtzen dituelako. (…) Ez gaude baliabideak eta dirua alferrik galtzeko garaietan. Atez ateko sistema da gaur egun bilketa sistema eraginkorrena”.

Atez atekoaren “gerra” etxeko postontzian

atez ate, Atez atekoa, Lazkao

UDAZKEN KOLOREAK

15 pentsamendu “Atez atekoaren “gerra” etxeko postontzian”-ri buruz

  • Nire etxera ere iritsi da propaganda, baina PSOE-rena soilik. Gustatu ez zaidan lehen detailea hizkuntzen ordenarena izan da, hori beste kontu bat da, badakit, baina komentatu egin nahi nuen.

    Bestetik, azaleko argazkia pixka bat prestatuta dagoela iruditu zait, fijatu Eroskiko esne-sortan, ireki gabe dagoela dirudi.

    Azkenik, ematen dituen arrazoiak absurdo xamarrak iruditu zaizkit; herritarrok lan pixka bat ez hartzearren jan dezatela erraustegia Zubietakoek! Pertsonen intimitatea babestea, gaizki eginak ezkutatzeko ez da zilegia. Sistema garestiarena, berriz, nik nahiago dut hiruzpalau (edo dena direlakoak) langileri dirua ematea, erraustegiaren inguruko lobbiei ematea baino. Ingenuo xamarra iruditu zait bosgarren edukiontziarena, jakinda (eta beraiek ere badakite) zer nolako emaitzak ematen dituen.

    Interneten askotan irakurri dut Zarauzko eredua litzatekeela egokia, hau da, bosgarren edukiontzia, eta beronen erabiltzaileei hobariak jartzea zergetan. Beste nonbait ere jarri nuen, baina berriz ere idatzi egingo dut. Eredu horixe bera jarri zuten martxan Azpeitian, eta jende dexentek hartu zuen bosgarren edukiontziko giltza. Kontuak egiten hasita, ordea, konturatu ziren zegoen giltza kopururako oso organiko gutxi biltzen zela. Jendeak giltza hartzen zuen hobariak lortzeko, baina gero bosgarren edukiontzia erabili ez. Akabo hobariak, bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek berdin ordaintzen dute zergetan gaur egun.

    Nire gurasoen etxean orain dela urte askotatik egiten da autokonposta, edukiontzi berdeak (autokonpostarenak) banatu aurretik edukiontzi inprobisatu batekin, ordutik aurrera, banatu zituzten edukiontziekin. Ez daukagu inolako arazo higienikorik, eta etxetik bost metrora dago edukiontzia. Astean zabor poltsa bat (errefusena) betetzera ez gara iristen, eta paketeak erabiltzen dituen amona daukagu etxean.

    Lehengoan Hitzan irakurri nuen argudio bat, egokia iruditu zitzaidana. Alkohola edan eta ez gidatzeko zenbat sentsibilizazio kanpaina egin dira? eta azkenean zein izan da fruituak eman dituena? Alkoholemia kontrolak, isuna eta karnetaren erretiratzearekin (emandako tasaren arabera). Gaur egungo gizarte honetan, eta tristea bada ere, horixe da nik ikusten dudan irtenbide bakarra.

  • Galder Gonzalez 2012-03-16 16:27

    Ez dakit nola egiten duten zaborra botatzearena atez atekoa dagoen herrietan, baina arraroa iruditzen zait 4 botila esne oso-osorik, edan gabe, tapa eta heltzekoa eta guzti botatzea zuzenean…

  • FCC-ri zeinek eman dio errausketa eraikitzeko baimena?

    Ta birtziklatu daitekeen guztia bertziklatzen bada, zer erre nahi dute erraustegian?

  • Hizkuntzen ordenean fijatu naiz ni ere. Ez zait gustatu… eta kanpainarako nahiko prestatua dagoela dirudi….

  • Xabier Eskisabel

    Zallan bizita, Kastrexanako eremuan dagoen Zabalgarbiko errausgailua 14km.tara +/- dugu etxetik: http://g.co/maps/g7qwn

    Hau horrela izanda eta Gipuzkoako zaborren kontuari lotuta hainbat galdera bururatzen zaizkit:

    Gipuzkoako zaborra zergatik erretzen jarraitu behar da Kastrexanan?

    Gipuzkoako zaborra bertara ekartzea “ekologikoa” al da? Zaborra dakarten kamioien gasoila akaso biodiesela al da?

    Ximaurra herrialde bizilagunei esportatzea epe motzeko irtenbidea izateaz gain, Gipuzkoan zaborraren berreskuratze ziklo integralari uko egiten dioten herritarren berekoikeria baino ez dit adierazten.

    Debagaraiko North Facearen burges iraultzaileen zaborra, bizilagunei bidali gabe beraiek kudeatu dezatela.

    http://arabatik.files.wordpress.com/2012/03/417018_365866456780699_100000720420794_1148383_1313066233_n.jpg

  • Amonamantangorri 2012-03-17 03:57

    Xeskisabel: uste dut jarri duzun pegata PSEko gazteek egin zutela. Hagitz aurrerapauso inportantea iruditzen zait PSEko gazteek EHren lurraldetasuna aitortzea.

    Lehengoan ikusi nuen ETB2ko debate bat kontu honen inguruan. Zazpi gonbidatuetatik, sei politikariak ziren. ETBren estilo-liburu bihurriari jarraiki, ordezkari bat Gipuzkoako Batzarretan den alderdi bakoitzeko, gehi “tekniko” bat.

    Ez zegoen dialogatzeko modurik. Beharbada, beste perfil bateko jendeari hots egin izan baliete, eztabaida aberasgarriagoa izanen zitekeen.

  • Xexkisabel, lehendabizi esan beharko da zergatik den beharrezko Gipuzkoako zaborrak kanpora eramatea. Organikoen kasuan, aurreko gobernuaren utzikeria da arrazoi nagusia, aurreikusitako 3 plantetatik bakarra eraiki baita. Birtziklapen tasa hoberenak atez atekoak ematen dituela ez dago dudarik; hainbat udalek egoskorrean horri muzin egin badiote, beraiek jakingo dute zergatik egin duten. Besteen kasuan, logikoa iruditzen zait denbora mugatu batez (ahalik eta denbora laburrena), planteamendua osatu eta funtzionamendua zehaztu arte probisionalki kanpora eramatea. Eta presaz errauskailu erraldoi bat eraiki eta egoki birtziklatzeari muzin egitea ez zait logikoa iruditzen.

    PSE eta EAJk gaur egun planteatzen duten galderaren afera ere azpimarratu nahi nuke; galdera ez litzateke izan behar atez atekoaren alde gauden ala ez. Galderak, nire ustez, honakoa izan behar luke: zer nahiago duzu, zure herrian atez atekoa ezartzea ala errauskailu planta bat eraikitzea? Ze bestela beti berdinek jaten dute (dugu) marroia, herri txikietako biztanleok, zabor gehiena hirietan sortzen den honetan. Errauskailua etxetik, herritik, urruti baldin badago ez zaigu iruditzen hain txarra.

    Amonamantangorri, nik ere ikusi nuen ETBko “de boca en boca” saioa, 15 minutuz, ezin izan nuen gehiago jasan.

    “Moderatzailea” berak argi utzi zuen bere iritzia, eta hori, kazetaritza ikuspuntutik onartezina da. “Teknikoa” entzun nuen Bilduren presak direla eta gizartearen boikota eragingo zela ondorioztatzen; neurri batean egon naiteke ados, baina nire ustez, gaur egun boikota elikatzen alderdi politikoak (oposiziokoak) eta komunikabideak (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa; uda honetan lanean egunero irakurri ditut)ere ari dira. Erantzukizunaren parte handi bat dute, beraz (hainbeste aipatzen duten zaborraren turismoan, esaterako).

  • Guztiz negargarria PSE-ren noraeza kontu honetan. Esne botila beteena aparte lagata, kuriosoa nola diptikoan zaborra Iparraldera joango dela dion. PSE-ren hizkeran, nahikoa arrotza delakoan nago horrelako terminologia edo gutxienez beste garai batekoa. Hauek ez dute bost minutu hartu zer banatuko zuten berrikusteko.

    http://www.socialistasguipuzcoanos.com/descargar2011.php?documento=@Folleto_A5_PAP_GIPUZKOA.pdf

    xeskisabel: Zure kezkentzako konponbidea Gipuzkoatik dator hain zuzen. Hasi Bizkaian ere zaborra atez ate jasotzen eta itxi erraustegia! Edo Gipuzkoarrok baino gutxiago izango zerate Bizkaitarrak?

  • Ze graziosoak diren Pegatarenak! Euskal Presoak Euskal Herrira pegata hartu eta aldatu, eta “Gipuzkoako zaborrak Euskal Herrira” lelo katxondoa jarriko dugu!
    Ze gauza graziosoa! Bihar nire lagun bat hiltzen bada preso bat bisitatzera jasotako istripu batean, graziosoagoa izango da. Ez dakit nork egin duen pegata nazkagarria, baina Gipuzkoako zabor guztia, eta nire etxekoa ere eramango nioke nik bere etxera, eta hala ere ez nuke estaliko bere grazietari darion kiratsa.

    Bestetik, zeinek egin zuen (bi aldeetan) (Xeskisabalek dizit) “Debagaraiko North Facearen burges iraultzaileen zaborra” Bizkaira eramateko kontratua? Benga pista batzuk: “PENEz hasi eta UVEz bukatzen du” “Gipuzkoako azken hauteskundeak galdu zituen partidua” “Debagoineko proletariadoaren interesak defendatzen dituen alderdia” “Burgesiaren boterea berreskuratu eta langileoi ematea helburu duen alderdia” … Pista gehiago? Ez dira Bilduko burges, kakazale, prebarikadore eta abarren lagunak…
    Ez dakit ba, ez dakit nork egingo zuen hori guztia, ez dakit zein den Apartheid legeak aprobetxtu eta ez zegokion errepresentazio maila aprobetxatuz Inzineradora bat eraikitzea erabaki zuen alderdia. Ez naiz oroitzen…

  • Amonamantangorri 2012-03-17 16:57

    Beste bat, beste bat! Egibarrek esana: “Bilduk badu zerbait kontainerrekin. Lehen ez zitzaizkien gustatzen, eta orain ere ez”. jajaja. Beste bat!! Izaskun Bilbaok dio gustatuko litzaiokeela Ezker Abertzaleak, garai batean, kutsaduraren kontrako sentsibilitate hori gehiagotan agertu izan balu, EHko kaleetan PVCzko kontainerrei su ematen zitzaienean.

    Bo, nibel horretan gabiltza…

  • Jeltzale garbizale hori:
    Zabalgarbi (sic) puta hori gure etxetik zuretik baino askoz hurbilago daukat. Baina horrek ez nau inondik inora itsutzen: izan ere, badaki noren interesak dauden zaramaren kudeaketaren atzean. Ez gara atzo jaioak txotxo! Ah, portzierto! Bizkaian ere hasi dira kontuak mugitzen. http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=ezb8D9XDaas

  • Xabier Eskisabel

    @arrikitaun: Bideoa ikusi dut. Beasain aldean hilabeteak martxan daraman kontenedore marroiaren soluzioa da bertan ikusten dudana, salbuespena zera da, Beasainen norberak botatzen duela zabor organikoa kontenedore marroira, Berrizen udal langile batek etxe atarietik jasotzen du. Funtsean gauza berbera dira.

  • xexkisabel, nik uste zergetan hobariak proposatzen dituzten alderdien kasuan, Berrizko eredua eraginkorragoa dela, errazagoa baita organikoa nork bereizten duen eta nork ez kontrolatzea, eta beraz, betiko listilloek ezingo lukete tranparik egin (gorago jarri dut Azpeitian gertatu zenaren adibidea)

    Halere, nik uste kontainer berdea bai ala bai kendu beharra dagoela kaleetatik, bestela jendeari aukera ematen zaio guztia nahastuta botatzeko, eta badirudi onargarria dela hala egitea (hori transmititzen dela, alegia)

    Hortik aurrera eztabaidatu daiteke zein den zaborra gaika biltzeko sistemarik egokiena, baina funtsezkoa da denetarik onartzen duen kontainer hori kentzea.

  • “Baina guztiok esfortzu txiki bat egingo bagenu eta zaborra dagokion ontzian botako bagenu, ez genuke atez atekorik beharko”. Kontua da egiten ez dugula. Beraz ametsak utzi eta irtenbide errealei heldu behar diegu.
    “Ordua iristean… eta ez badut ordu horretan zakarra ateratzerik? Orain ditugun edukiontzi guztiak kenduz gero, nora eraman dezaket zaborra orduz kanpo banabil? Tira, behintzat kotxea aparkatzeko toki gehiago egongo da auzoan…” Atez atekoareki larrialdi gune izenekoak jarzten dira. Beharra daukanak hara eraman ditzake hondakinak orduz kanpo. Ez dago beste herrietara eraman beharrik, lasai

  • Inaki Irazabalbeitia 2012-03-23 12:34

    Itsasondoko esperientzia ezagutzera gonbidatzen ditut alde batekoak zein bestekoa. Konponbidea horretan oinarritu daitekeelakoan nago: edukiontzi tradizionalak – errefuxarena ontzia+ bosgarrena +atez atekoa (errefuxa zatirako). Jendearen egungo ohituretatik gertu, aldaketa txikia eta egiteko errazagoa beraz, eta emaitzak ikusgarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude