Aste Nagusia, espazio-denboran arrakala

Aste Nagusia, espazio-denboran arrakala

Aste Nagusia, espazio-denboran arrakalaBilbon hiru aldiz aldatzen dugu ordua urtean: udaberri hasieran, udazkenean eta txupinazo egunean. Lehenengo biak inposatzen dizkigute eta hainbat arrazoi daude ordu estraren atzetik: arratsaldeko argia aprobetxatzea, energia aurreztea, aisialdiaz gozatzea. Bilbotarrok hirugarren ordu aldaketa geure buruari opari egiten diogu eta egunak normalean 24 ordu baditu, Aste Nagusian bizpahiru ordu gehiago irauten ditu. Zaila da zientifikoki neurtzen, baina ziur nago EHUk ikerketa bat abiatuko balu, arrakala bat aurkituko lukeela espazio-denbora ekuazioan, zortzi egunez gertatzen den pitzadura.

Aldaketa txupin eguneko lehen orduetatik igartzen da. Mamu bat dabil Alde Zaharrean barrena- Mari Jaiaren mamua. Nork bere kamiseta janzten du eta zapi urdina eramaten du lepoan, ordu aldaketaren iragarleak direla, eta denbora kontzeptu malgua bilakatzen da, nork bere neurrira moldatzen duena. Ordutik aurrera litekeena da eguna sukaldaritza lehiaketa batean hasi eta Bilbin bukatzea, eguzkia berriz ere irteten ari dela, eguerdia Iparralde Egunean, arratsaldea zezenketetan edo erromerian eta gaua txosnagunean eman ostean, hauxe guztia siesta eginda eta aisialdiaz gozatu eta argia (eta iluna) aprobetxatuz gero.

Ordu aldaketak eragin handia du bilbotarrengan eta jendeak sekula egingo ez lituzkeen gauzak egiten ditu. Barrako gizonek Mari Jaia kantarekin gerria astintzen dute, arduratsu diruditen gurasoek umeak astinaldi ederra jasotzera bidaltzen dituzte Alde Zaharrera, Andoni Ortuzarrek Sam Malonerena egiten du Gogorregin, klaustrofobikoek Zubizuritik ikusten dituzte suak, erdaldun peto-petoak bere Ramadana egiten du txosnetan euskaraz eskatzen, sofako sedentarioek Hiri Krossa korritzen dute, eta, finean, nork bere katxi-edate marka olinpikoak hausteko ahalegin guztiak egiten ditu.

Igandean Mari Jaia erreko dugu eta espazio-denbora ekuazioan sorturiko arrakala itxiko da. Bilbok 24 orduko egunak bizi izango ditu berriro eta Andoni Ortuzar Cheers utzi eta Sabin Etxera itzuliko da. Lanaste gogorra izango dugu aurretik eta jet-lagaren ondorioak pairatuko ditugu: desoreka, tripa hausteak, logura, ezinegona, buruko min kronikoa, insomnioa, nostalgia eta Facebookeko argazki bildumak. Izan ere, hurrengo gauak ohean bueltak ematen eta teletxoa irakurtzen emango ditugu eta egunak logurarekin, errealitatea lanbrotsu eta urruna dirudiela. Inork ez du esan parrandazale izatea erraza denik.

.

PD: Argazkia Bilboko Konpartsek egina da eta hemendik atera dut. Creative Commons lizentziapean dagoen argazkia da eta hauexek dira dagozkion eskubideak.

Aste Nagusia, espazio-denboran arrakala

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.