Zenbat balio du ume batek?

Zenbat balio du ume batek?

Orain dela hilabete batzuk Lagundutako Ugalketa Klinika batean lan egiten hasi naiz. Niri betidanik ugalketa arloa asko gustatu zait eta horretarako ikasi nuen unibertsitatean eta espezialitatean. Baina aitortu behar dut nire ikuspuntua nahiko aldatu dela lan egiten hasi ostean. Errealitatea ez da unibertsitatean ikasten den bezalakoa…

Lagundutako Ugalketa klinika kopurua asko handitu da azken urte hauetan. Gorakada honek gizartearen behar berri bati erantzuten dio: gero eta arazo gehiago daude seme-alabak edukitzeko. Osakidetzako Ugalketa Zerbitzuak itxarote-zerrenda oso luzea dauka (urte bat gutxi gorabehera) eta ondorioz, jendeak zentro pribatu batera joateko premia du. Eta noski, klinika hauek oso negozio emankorrak dira… Baina, hemen ez da edozein gauza saltzen. Hemen umeez hitz egiten ari gara. Zure bizitza aldatuko duen gauza bat saltzen da. Ume bat. Eta hori, hain zuzen ere, alde garrantzitsuena da. Hau ez da beste enpresa bat bezalakoa.

Zenbat balio du ume batekZu noraino helduko zinateke ume bat lortzeko? Zenbat ordainduko zenuke? Eta are inportanteago, ordain zenezake? Denok dakigun bezala, gizartea aldatzen ari da. Lehen emakumeek ez zuten lan egiten eta seme-alabak lehenago edukitzen ziren. Gaur egun, emakumeek bere karrera profesionala garatu nahi dute eta askotan hori eta familia bat sortzearen artean erabaki behar dute. Kasu batzuetan, haien lana gal dezakete haurdun egoteagatik. Horrez gain, krisiagatik bikoteak gero eta beranduago emantzipatzen dira. Egoera hauek amatasuna atzeratzen dute eta hori gure biologia eta fisiologiaren kontra doa. Emakumeak zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta zailtasun gehiago daude ama izateko. Eta hori ezin dugu aldatu. Ezin dugu denbora berreskuratu.

Arazoak agertzean, jendea gizarte-segurantzara doa, eta hor dago itxarote zerrenda, eta berriro itzultzen gara gauzarik inportanteenera: denbora! Gainera, adin baldintza batzuk bete behar dira, bestela, Osakidetzak ez dizu tratamendua burutuko. Orduan, zentro pribatu batera jo behar. Normalean hor ez daude adin baldintza hain zorrotzak. Baina, klinikaren arabera, tratamendurik merkeena, 6000 bat euro izaten da. Hori gutxienez… gaur egun edonork ezin du hori ordaindu… ez al da hori kontraesana? Denbora gehiago itxaroten da, gure egoera ekonomikoa ona izan arte, familia bat sortzeko; eta hain zuzen ere, itxaronaldi hori gure zigorra da.

Beste aldetik, gauzak ez dira ondo ateratzen lehen aldiz beti, tratamendu hormonalak gogorrak dira, psikologikoki oso zaila da ere… Bikote askok denbora, saiakera eta diru mordo bat inbertitzen dute haurdunaldia lortu arte. Nik malko asko ikusi ditut. Orduan nik nire buruari galdetzen diot: pena merezi du? Ez goaz biologiaren kontra? Normala da 45 edo 50 urterekin ama izatea? Ez dakit ezer ez adopzioari buruz, baina ume behartsu dezente daude munduan… gure seme-alabak izateko, gure antzekoak izan behar dira? Haurdunaldi bat jasan behar dute emakumeek? Pertsona batek behin esan zidan: “15.000 euroko kotxe bat erosten badut, nola ez dut hori ordainduko ume batengatik?” Bale, ondo, baina zer gertatzen da dirua ez duen jendearekin? Haiek ez daukete eskubide berbera?

Amaitzeko, esan oso bidegabea dela gizarteak eta ekonomiak emakumea egoera honetara bultzatu izana. Gauzak aldatu beharko lirateke. Dena dela, nire lana asko gustatzen zait eta oso zoriontsua egiten nau bikoteak laguntzeak. Zientziari eskertzen diot teknika hauek garatu izana. Oso gogoko dut umeak klinikara etortzen direnean eta nire bulegoaren horma umetxoen argazkiz beteta dago. Baina ezin diot pentsatzeari utzi zer egingo nukeen nik arazo hauek edukiko banitu…

Zenbat balio du ume batek?