Aspertzen nauzue betikoarekin

Ez da oraingo kontua, baina egia esan behar badut, sekula ez naiz  aspertu egunotan beste ZuZeuko iruzkinekin. Ematen du jatortasunaren labelik labelena lortzeko lasterketa bat hasi dela gure artean.

Aspertzen nauzue betikoarekin

Agian Iruña-Veleiako munduko errekorra izan ziren iruzkin haiekin hasiko nintzen konturatzen, ZuZeuko iruzkinetan gaian sakondu baino gehiago, beste zerbait bilatzen dugula askotan. Eta neure burua ere sartzen dut, egindakoa naizelako halako iruzkinak, aspaldi bada ere.

Gaia euskara bada, edo politikagintza, esaterako, kontua ez da jada denon artean korapiloa argitzen joatea, baizik eta “ni zu baino jatorragoa, benetakogoa, euskaldunagoa…. naiz” erakustea, edo horretan saiatzea, deusetarako balio ez duen arren. Ala ezagutzen duze norbait iritziz aldatu duenik halakorik irakurrita?

Gainera gehienak gaitzizenaren atzean ezkutaturik. Baina zein bizio klase ernetu zaigu? Zer dago irabaztekorik elkarri horrelako makila-salda ematen ibilita?

Hara hemen ospetsu egin zareten batzuen sinadurak: I. Larrea, Peru Dulantz, Darta, Fermin Kalparsoro, Makazaga, Itzain… eta, nola ez bada, Bittor Hidalgo handia.

Hasiera batean gose handiarekin sartzen nintzen zuen lerroetara, baina gaur daitort ez dela halakorik gertatzen. Irakurri baino lehen, gutxi edo asko, asmatzen dut zer esango duzuen.

Gailurra Askegunea eta Ondarroako Zubiarekin jo duzue. Alde batera Ezker Abertzalekoek piper-potoa jartzen duela kontraesan pairaiezinen artean, beste alde batera EAJko ustel horiek Madrilgo Audientzia Nazionalaren aginduei men egiten dietela… Zatitutakotik zati, horixe egiten da hemengo iruzkinetan.

Eta jartzen naiz pentsatzen hori ote den benetan ZuZeuko erabiltzeok nahi duguna, abertzaleon arteko orbanak zabaltzen saiatzea, kolore guztietako abertzaleen arteko zubigintza deuseztea…  Baina, norekin batzeko, zer lortuko dugulakoan?

Galdera zaharra da zerk batzen ote duen gehiago, klase sozial berekoak izateak ala aberri berekoak izateak. Europako  Gerra Handiek eman izan diote erantzun egokia galdera horri: Alemaniako klaseak, ez langileak eta ez burgesak, ez ziren batu Frantziakoekin gerra egiteko orduan. Nongotasunak agintzen du holakoetan, alemaniarrak alemaniarrekin batzen dira frantziarrei aurre egiteko, eta alderantziz.

Zer behar ote dugu konturatzeko betidaniko gerra honetan ezer irabazi nahi badugu, nahitaezkoa dugula euskaldunon arteko batasuna, izan alde bateko edo besteko?

Esaten ibili beharra ere!

Aspertzen nauzue betikoarekin

Airetik bizi naiz. Ia.

14 pentsamendu “Aspertzen nauzue betikoarekin”-ri buruz

  • Ea nor ausartzen den hemen iruzkinak egiten!!! (kar, kar) Anonimotasuna, bakoitzak jakingo du zergatik ibiltzen den ezizenez ala bere izenez. Kontu zilegia irutzen zait, beti ezizen bera erabiltzea zintzoa iruditzen zait (nik beti berbera erabiltzen dut). Arrazoiak? bakoitzak bereak izango ditu.
    Eta beste guztia, tira, arrazoi osoa duzu. Saiatzen naiz eztabaida antzuetan ez sartzen, eta nire iruzkinak aportazioak izaten, eta ez eraso pertsonalak. Hala ere aitortzen dut batzuetan, gehiegitan antza denez, berotu naizela eta kontu-garbiketa pertsonaletan sartu naizela, ala ezer aportatzen ez zuten iruzkinak egin ditudala.
    Saiatuko naiz zuzentzen, bitan pentsatuko dut ezer idatzi baino lehen. Mila esker artikuluagatik, noizean behin parte hartzen dugunoi zer pentsatu emango digu!

  • Aupa!

    Ba nik kasualidadez irakurri dut sarrera hau, azken boladan (agian bolada luze xamarrean) sarrera gehienak ez bait ditut irakurtzen, eta iruzkiñak oraindik gutxiago. Gogoratzen ez dudan uneren batean Zuzeu entretenigarri izatetik astuna izatera pasa zen niretzat.

    Bat nator planteatzen duzunarekin Iñaki. Hala ere ohartu naiz Zuzeuko eztabaidak ez direla nire koadrilan egiten diren eztabaidak baina astunagoak: bakoitzaren iritzi eta argudioek norberaren ideiak indartzeko soilik balio izaten dute gehienetan. Larunbat gaueko programak dirudite.

    Gai batzuekin gaztelaniaz esten den “está todo el pescado vendido” gertatzen dela iruditzen zait.

    Zer iruditzen?

  • Zuzeu-rentzako iradokizuna barne arauak ezagutu gabe. Barkatu atrebentzia, boteprontoan etorri zaidan burutazioa da:

    Zuzeulariek sarrerak idazteaz gain, euren sarreretan egindako iruzkiñen dinamizatzaile ere izan beharko lukete: eztabaida modu positiboan burutu dadila saiatu, galdera berriak plazaratu… Nolabait iruzkiñak bideratu.

    Ez dakit zer iruditzen zaizuen

    • ZuZeu

      Auskalo, guztiz interesgarria da diozuna, baina bi egoera desberdin ikusten ditugu, segun eta nork idatzi duen sarrera, gure erredakzioak ala zuzeulriek (erabiltzaileek). Ea asmatzen dugun esaten:
      a- Sarrera ZUZEUko erredakzioak egiten duenean, zela edo hala saiatzen gara eztabaida bideratzen edota mugitzen ez bada, xaxatzen. Baina hori denbora eta lana da eta ez gara beti iristen.
      b- Sarrera ZUZEULARI batek egiten duenean ere, berdintsu jokatu nahi genuke, baina, esan bezala, ez gara beti risten. Beste kiontu bat da, sarrera egin duena bera arduratuko balitz bere sarreraren dardara kudeatzera. Guri primeran iruditzen zaigu, baina ez da geure egitekoa, erabiltzailearena baizik…
      Beraz, ahal duguna egiten dugu, ahal dugunean. Hala ere, gogoetarako tartetxo bat hartzen dugunean, gogoetatuko 😉

      • Honi buruz nire ekarpen batzuk.
        .
        Apur bat arriskutsua ikusten dut artikulugileak berak eztabaidaren dinamizazioa egitearena; erabiltze arauak interpretazioa, eta beraz iruzkinak ezabatzea, norberaren harrikada subjektiboaren menpe egongo litzatekeelako. Arazoak biderkatzeko bidea metodoa daiteke.
        .
        Beste aldetik, deigarria egiten zait artikuluak idazten dituzten ZUZEUlari guztien artean oso gutxik idazten ditugula iruzkinak ohiko eztabaidetan….. bere artikulugilearen izenarekin behintzat. Agian oker nago baina horrek eraman nau ondorioztatzera ZUZEUlari ugarik izen bat erabiltzen dutela artikuluak sartzean eta gero beste izen bat (ala gehiago) eztabaidetan iruzkinak idaztean. Horrela bada zuzendu beharko genukela uste dut.
        Honekin lotuta pentsatzen dut agerian geratu beharko liratekeela izen desberdinak erabiltzen dituztenak gai berberari buruzko eztabaida guztietan eta baita eztabaida berean ere.
        .
        Amaitzeko, gune honetan faltan nabaritzen dut beste blog eta web batzuetan eskaintzen duten iruzkinak jasotzeko harpidetza egin ahal izatea. Batzuetan gertatzen da parte hartzen ari zaren eztabaida batean egun batzuk sartu ahal izan gabe pasatzen direla eta berriro sartzen zarenean artikulua azaletik desagertu dela eta bilatu behar duzu ea zuk idatzi eta gero norbaitek erantzun duen. Niri nahiko deserosoa egiten zait.

        Blog eta web batzuetan iruzkin bat sartu eta gero sartuko dituzten hurrengo iruzkinak automatikoki jasotzeko aukera ematen dute; “Jaso honen ondorengo erantzunak email bidez” edo antzeko esaldi baten bitartez. Oso praktikoa iruditzen zait.
        .
        Besterik gabe, ondo izan.

  • Desatsegit bozkatu dut baina biei emango nieke,, leku guztiyetan bere hiritarrak mokoka daude elkarrekin, gauz batzuentzako batzen dira eta beraien arten suntsitzeko ere gai dira, hemen bezala, eta adibide ugari daude.

    Nitzako gauza da ez dela berdina burujabea izanda hiritarreak mokoka egotea, edo burujabe izanda zure hirkidekin mokoka egotea gai batzuetan behintzat, gutxigo , etsaia gu baino askoz indartsuago denean , beraz “Nere etsaiaren etsaia nere laguna da”, esaldia maizago aplikatu beharko genuke.
    Baina zaila da oso ados jartzea eta hori gure hondamendia ere izan like.

    Ezizen aferan ez nago batere ados, azkenean NANa jarri beharko da iruzkinak bidaltzeko?

  • Burujabe izanda edo burujabe ez izanda.

  • Lander Arretxea
    Lander Arretxea 2013-05-17 14:56

    Bat nator diozunarekin, eztabaida askoren (honena ere bai ziur asko) antzutasunari dagokionean, ni ere ez naiz alderdien diskurtsoen bozgorailu lana egiten dutenak irakurri zalea. Aldiz, euskaldunen batasun inkondizional horren diskurtsoa ez zait batere aberasgarria ez zuzena iruditzen. Izan ere, batasun hori finkatutzeak zein onura ekarriko digu? Abertzaletasunarekin loturiko gaietan indartsuago jarduteko gaitasuna bai, baina trukean zer? Gai ekonomiko, sozial, kultural eta bestelakoetan ezin ezer egin izatea?

    Batasun nazional horretan, botere ekonomikoa dutenak izaten dira azkenean norabidea markatzen dutenak, eta ez dago hori baino partidista, klasista eta banatzaileagorik.

  • Peru Dulantz 2013-05-17 14:56

    Bueno, ez dakit bada, nik neure aldetik ahal dudan onena ematen saiatzen naiz, nire iritzi benetako eta zintzoa, plazaratzen diren gaiei buruz. Zuk gauza bera egin ezazu, gogorik baduzu…

  • Nik baditut lagun batzuk, solas arinak egiteko gauza ez direna, berehala lerratu behar dute prisma politikora.
    Maite ditut, lagunak ditut, baina astun xamarrak dira.
    Kontua da hemen Zuzeun (eta agian gizarte osoan) gai politikoen proportzioa handiegia dela (edo, behintzat, eztabaida politikora eraman gaitzaketen edo eraman ditzakegun gaien proportzioa).
    Eta gai horietan sartzen garenean, normalean baino irmoagoak eta flexibilitate eskasagoak izan ohi gara herri honetan.
    Zuzeulariak maite zaituztet, baina batzuk astun xamarrak zarete. (Edo gara).

  • “Europako Gerra Handiek eman izan diote erantzun egokia galdera horri: Alemaniako klaseak, ez langileak eta ez burgesak, ez ziren batu Frantziakoekin gerra egiteko orduan. Nongotasunak agintzen du holakoetan, alemaniarrak alemaniarrekin batzen dira frantziarrei aurre egiteko, eta alderantziz.”

    Hemen zure kontzientzia burges-ttipi txobinista agerian uzten duzu.

    Sineskaitza egiten zait gerrate inperialistak bidezkotzeko halako argudioa jaurtitzea, non milioika langile hiltegira bidaliak izan ziren (ala aberaskumeak doazte gerrara?)

    Beste aldetik, nabaria da burgesia inperialistaren klase-diktaduran gainontzeko klaseak eramaten dituela, nahi izan ala ez. Horrek ez du inondik inora bidezkotzen klase kontzientzia duen langileria “bere” zapaltzaile propioen alde ipintzea, baizik eta armak esplotatzaileen aurka bideratzea, Errusiar inperioan boltxebikeek egin zuten bezalaxe.

    Alemanian ere badira Karl Liekbecht komunistarena bezalako kasuak, zein nahiz eta frontera joatea behartua izan tiro bat ematearen aurka ipini zen.

    Bigarren mundu gerrateaz ez dut hitz egingo, burgesia frntziarra ez baitzen alemaniarraren inbasioaren aurka azaldu eta “langileak” faxisten alde ipintzearen alde bazaude beste gauza batetaz hitz egiten ariko ginelako.

  • Aupa Iñakito Garay
    .
    Zure artikuluan beste batzuekin batera aipatzen nauzunez erantzuten dizut.
    .
    Lehenengo kontua da leporatzen didazula: “Irakurri baino lehen, gutxi edo asko, asmatzen dut zer esango duzuen”. Bueno, nahiko logikoa iruditzen zait aurreikusteko gaitasun hori; gai berberei eztabaidatzen dugunean nire/gure iritzia ematen dut/dugu eta iritzi hauek egunetik egunera aldatzen ez direnez normala da jakitea gutxi gorabehera zer esango duen bakoitzak. Horrek aspertzen zaituela? Zer egingo dugu, ba! Batetik nik ez dut idazten zu dibertitzeko eta bestetik agian antzeko zerbait gertatuko zaie beste batzuei zure diskurtsoarekin.
    .
    Egia esanda ni ere apur bat aspertuta nago zure artikuluan eta beste ZUZEUlari batzuen artikuluetan errepikatzen den argudio “buenista”rekin: “abertzaleak gure artean mokoka gaude eta hori txarto dago eta batu beharko ginateke eta abar eta abar”rekin hain zuzen ere.
    Horrela (batasun nazionala) izan dadila nahiko nuke, noski, baina zuk abertzaleak ikusten dituzun lekuan nik Espainiaren zanpaketa politikoki eta indarrez laguntzen duten autonomistak ikusten ditut. Argi dago bietako batek oker egon behar duela, zuk ala nik.
    .
    Nahiko nahaspila ederra egiten duzula iruditzen zait klase eta nazio kontuak Munduko Gudekin nahastuz. Zatika joan gaitezen.
    .
    Diozu: “…zerk batzen ote duen gehiago, klase sozial berekoak izateak ala aberri berekoak izateak” Bueno, nire ustez eta Hego Euskal Herriari dagokionez kapitalaren sektore desberdinak ordezkatzen dituzten EAJ eta UPNren jarrerek, desberdinak izan arren, nahiko garbi uzten dute zure galderarako erantzuna. Lizarra-Garaziko Ituna izan zen Batasun Nazional eredutik hurbilen izan den esperientzia eta argi dago egun EAJk norekin eta zertarako bilatzen dituen itunak.
    .
    Historiari “zepillada” ederra ematen diozu esaten duzunean: “Europako Gerra Handiek eman izan diote erantzun egokia galdera horri: … Nongotasunak agintzen du holakoetan, alemaniarrak alemaniarrekin batzen dira frantziarrei aurre egiteko, eta alderantziz.”
    Bueno, ejem! Historialari ez naizen arren ñabardura pare bat gehituko dut: I. Mundu Gudan boltxebikek Errusiako langileei dei arrakastatsua egin zieten guda horretan ez borrokatzeko kapitalisten eta aristokraziaren mesederako guda zela argudiatuz.

    II Mundu Gudan Frantziaren okupazioaren aurka borrokatu zuten frantziarrak izan ziren eta baita Alemaniarren zanpaketa lagundu zutenak ere (milioika) eta antzekoa gertatu zen Italia, Grezian eta abar. Eta Alemanian bertan alemaniar nazien aurka Erresistentzian borrokatu zuten joera politiko desberdinetako alemaniarrak ere izan ziren.
    .
    Badirudi zuk aipatzen duzun “nongotasuna” ez dela hain erabakigarria, eta Ondarrun nork jasotzen zuen egurra eta nork eta zertarako banatzen zuen ikusteak, guztiok euskaldunak izan arren, antzeko zerbait iradokitzen du.
    .
    Sentitzen dut nire iruzkinak aspertu bazaitu, baina poeta ez naizenez gero ez dut txalorik espero (joer ! hau artea !!)

  • Peru Dulantz 2013-05-18 07:11

    Kontua da, hemen Zuzezeun, politikari eta euskarari buruzko artikuluek izaten dutela arrakastarik handiena, egiten diren iruzkinen kopuruari dagokionez. Nik horietan ematen dut iritzia, ematekotan. Neure iritziak ditut hemengo eta gaurko egoerari buruz, eta analisia eginda nahiko garbi daukat nor ari den ondo eta nor ari den gaizki. Dena dela ez dut uste nire iruzkin guztiak irakurri dituzunik; izan ere, kritiko ere azaldu naiz nire iritzian “ondo” ari direnekiko, horrela iruditu zaidanean.

    Bestalde “aspertzen nauzue” horrela esatea, barkatuko didazu, baina nahiko jarrera itsusia iruditzen zait, kondeszendentziaz beterikoa; hemen zu dibertitzeko egongo bagina bezala, noiz eta horrelako gai serioez ari garenean. Ni ere nahiko aspertuta naukazue beti hurrats bat atzeragotik, inola ere inorekin edo ezerekin konprometitu gabe, halako begirada kritiko, impartzial, neutro, eta konpromiso-gabea erabiliz egoten direnei, bereaiek zoologikoko bisitariak eta gu kaiolako tximinoak izango bagina bezala.

  • “flame”ak pizten dabilen “troll”ak eztabaidagunetik at uztea da sareko usadioa. Eztabaidarik nahi ez dutelako, probokazioa, manupulazioa edo debate desitxuratzea baizik. Hara argudio “buenista”, pesimismo antropologikoarekin eta errealitatearekin talka egiten duena: Besteen Egoa, beti arrazoia bereganatzeko antsia, dibismoak, kontu-garbiketa mikatzak….giza mixeria salatu aurretik geure jarrera aztertuko bagenu? Nork otzantzen ditu bere baitako “flame” eta “troll” Intimoak iruzkintzeari ekin aitzin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude