Arralde, fikzioa eta errealitatea

Arralde, fikzioa eta errealitatea

Gogoratzen duzu non zeunden 1994ko urriaren 3an?

Seguruenera telebistaren aurrean, orduan ezagutu baikenuen lehenengoz euskal kostaldeak ezkutuan mantendutako herria, Arralde; “Goenkale” telesailaren lehen kapituluan.

Ordutik hogeitabat urtez antenan izan da “Goenkale” telesaila, harik eta atzo, 3.707 kapitulu eta gero -1.854 emisio ordu!- agur esan zuen arte. Europa osoko telebistetan fikziozko telesail zaharrenetakoa zen, eta oinarrian oraindik orain ere emititzen den “Pobol y Cwm” galeserazko telesaila izan zuen.

Lasatarren afera luze horretan 700 antzezle inguruk hartu dute parte, Goenkale” Euskal Telebistaren ikur ez ezik, euskal aktoreen eskola izan baita. Pertsonaien artean, askorentzako gogoratuena, Kontxu Odriozolak antzeztu zuen Maria Luisa Galardi, 2008ko otsailaren 5ean hil zena, bihotzekoak jota.

Arralde, fikzioa eta errealitatea“Goenkale” telesailak utzi duen une gogoangarrienetako bat fikziotik salto egin eta Euskal Herriaren errealitatera etorri zitzaigunekoa da baina.

2009ko irailean izan zen. Arralden presoen aldeko bazkaria antolatu zutela-eta; Espainiako ABC egunkaria kexu agertu zen eta Guardia Zibila oraindik peskizetan ei dabil, Arralde non aurkituko. Merezi du elconfidencialdigital atariak egun batzuetara egin zuen kronika irakurtzeak.

 

Agurra

Astelehenetik ostiralera egunero egunero emititzen zen “Goenkale” hasieran -ostegunera arte gero, eta astelehen-asteartetan baino ez geroago-, eta apurka apurka astean behinekoa izatera pasa da. Telebistari so 300.000 lagun izatera ere iritsi bazen arren, aspaldi utzi zituen atzean bataz beste 100.000 ikusle zitueneko garaiak. Alta, bi hamarkadaz telesailak ETB1eko saiorik ikusienetakoa izaten jarraitu du urtez urte.

Goenkaleren azken urteetako ikusle kopurua eta pantaila kuota:

  • 2012: 38.000 ikusle, %4,1 share.
  • 2013: 34.000 ikusle, %3,5 share.
  • 2014: 24.000 ikusle, %2,5 share.
  • 2015: 15.000 ikusle, %1,6 share.

.

Azken kapituluan 20.000 lagun inguruk jarraitu ei zuen “Goenkale”:

Arralde, fikzioa eta errealitatea

Shareak share, “Goenkale” mugarri izan dugu telebistarako euskarazko fikzioari dagokionean. Eta ikusentzule kopuruaz haratago, telesailari zerbait eskertu bazaio, erabili izan duen euskara da. Horrela ondorioztatu, besteak beste, dugu atzo bertan irakurritako txioei erreparatuta:

.

Etorkizuna

“Fikziorik gabe, etorkizunik ez” lerroburuko analisian, Goenkale bukatu da. Eta orain, zer? galderari erantzuten saiatu da Urtzi Urkizu pasa den igandeko Berrian, Euskal Telebistan fikzioak izan beharko lukeen garrantzia azpimarratuz.

“Eta zail, oso zail izango du etorkizuna ETBk fikziorik gabe”, dio Urkizuk. Dakizuenez, ez baitago Arralde baino leku hoberik.

Arralde, etb, euskal telebista, goenkale, telebista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude