Arnaldo Otegik Txillardegiri
Aupa Txillar!
Zure omenaldirako lerro batzuk idazteko eskatu didate eta, esker onez, hemen natorkizu sentitzen dudana esatera, zure semea Josebak ongi ezagutzen duen Logroñoko kartzelan dagoen 5.modulotik.
Aspaldi nekien gaixo zinela (honela adierazten zidan Josebak bere gutunetan, nik idatzikoetan beti galdetzen bainuen zutaz), eta, orain, agur esan diguzu. Kolpea handia izan da bai niretzat bai kartzela honetan “bizi (bizi aditza erabili ote daiteke kartzelan Txillar?) bizi garen euskal preso politiko guztientzat. Besteak beste halako kolpeak intentsitate bereziarekin bizi dira “etxe“ hauetan. Agian joaten den bakoitzarekin konturatzen garelako, besteak beste, gure kartzelaldiarekin ere zenbait eta zenbatekin lapurtzen dizkigutela azken solasak, harremanak, begiradak eta besarkadak. Baina hitz hauek idazterakoan triste banago ere, ez dut nahi tristeziaren apologiarik egin. Finean guk ongi dakigu gaztetasuna edo bizitza eternala eskaintzen duen gizarte kontsumista honetan (hilabete honetan beherapenekin), naturak bere baitara deituko gaituela noizbait eta denoi. Zeren eta afera ez baita biologikoki eternala izatea (hori ezinezkoa baitzaigu). Afera da gure bizitzak eternalak izan daitezkeen irakaspenak uztea konpromisoari eta borrokari atxikituko dietenentzat.
Eta zuk, ireki dugun askatze prozesuaren fase berrian, guztiz baliagarriak diren hainbat irakaspen ahaztu ezinak utzi dizkiguzu. Irakaspenak ugariak badira ere, niretzat hauek dira garrantzitsuenak:
A- Nork ez du entzun edo irakurri Bertold Brecht-en borroka egin dutenen poemak…? horretan dio bizitza osa borrokan eman dutenak direla ezinbestekoak…. eta egia da, baina nik horri ausardi handiz zerbait gehituko nioke: “Eta ezinbestekoen ezinbestekoenak dira bere pentsamoldea termino estrategikoetan planteatzen dutenak”. Eta zu horietakoa izan zara! Euskal Herria termino estrategikoetan pentsatzetik antolatu zenuten euskal erresistentzia frankismoan, gure herriari proiektu askatzaile berritu bat eskainiz, eta soilki ikuspegi estrategiko honetatik izan zen posible gure hizkuntza nazionala behar zituen arau batuak mahai gainean jarri eta garatzea.
Bai Txillar,… finean batzuk gobernua izateko borondatea duten bezala, guk Estatua izateko borondatea dugu… honek ezberdintzen du askotan pentsamolde taktizista eta estrategikoa, politikeria eta politika.
Eta egun, ireki dugun fase berri honetan, hil ala biziko izanen zaigu gure pentsamoldeak termino guztiz estrategikoetan garatzea. Honen arrazoia sinplea da: bizitzen ari garen krisia ez delako soilik ekonomikoa, krisi ekonomikoari balore krisia, krisi klimatikoa, eta krisi energetikoa gehitu behar zaio… zibilizazio krisia da egungoa…. besteakbeste bai planetaren zein gure espeziaren beraren bizi iraupena arriskuan dagoelako. Eta mundu osoan krisi hauek mahai gaineratzen dituen galderei euskal erantzunak aurkitu beharrean gaude. Finean, eta berriz ere, termino estrategikoetan euskal utopia zein den birdefinitu beharrean gaude, horretarako pentsamolde estrategikoa erabiliz.
B- Euskal literaturari aitzindaritza eman zenion “Leturiaren egunkari izkutua” idazterakoan… baina, gauza guztien gainetik, irakatsi diguzu ez dagoela proiektu askatzailerik euskara eta euskal kultura proiektu horren zutabe bezala ez badira ulertzen.
Eta nire ustez Txillar… egungo faseak derrigorrean behar du euskal kulturaren berpizkunde berri bat… bere garaian “Ez Dok Hamahiru”-k sortutako lurrikara gaurkotua. Alegia, euskal estatua helburu duen askapen prozesU honek, politikatik haratago, hizkuntzan, hezkuntzan, kultura, ekonomian, intelektualitatean eta baloreetan errotu behar du kimua garaipenik nahi badu.
C- Azkenik niretzat izugarrizko irakaspena izan da Euskal Herriarekiko erakutsitako zintzotasuna eta leialtasuna. Bai, leialtasuna, finean herriari zor diogulako, eta ez beste inori. Zentzu honetan esan dezakegu sigla guztien gainetik herri honek dituen helburu estrategikoenganako behar dela leialtasuna. Gaur, hemen, ziur naiz sigla ezberdinetako eta traiektoria ezberdinetako jende andana bildu dela. Garrantzitsuena ez delako iraganean eginiko autoak zeintzuk izan diren… etorkizuna irabazteko konpartitu beharreko autoak baizik…. herri txikiek eta zapalduek oso garesti ordaintzen ditugulako gure arteko zatiketak.
Indar metaketa eta batasunaren aldekoa zinen, bai,… eta horretan gabiltza, batasuna eta indarra metatzen Euskal Herria Estatu izan dadin…… Zuk askotan aipatzen zenuen batasun horren beharrak bidea eginen du guregan, zin dagizut!! Batasuna printzipiotan eta borrokan oinarrituz.
Eta leialtasunarekin batera, zintzotasuna. Zintzotasuna pentsatzen zenuena esaterakoan,…ados egon ala ez. Egia iraultzailea delako…….eta lidergoak morala eta intelektuala izan behar duelako. Horregatik beti errespetatu zaitut eta errespetatu haugu, zuzendaritzek ez dugulako aduladorerik behar, egia esaten diguten kideak baizik, egiak min egiten badu ere. Horregatik ere mila esker!
Pentsamolde estrategikoa, hizkuntza eta kultura zutabe gisa eta leialtasuna eta zintzotasuna horiek dira zugandik ikasitakoak. Ez ditut ahaztuko. Amaitzeko, besarkada eta muxu handi bat zure emazte, seme-alabak, lagun eta sendi zein hor bildutako guztiontzat.
Zuretzat TXILLAR desio bat: Hazi jainkosak har zaitzala goxoki hainbeste maite izan duzun euskal lurrean!!
AGUR ETA OHORE, TXILLAR. GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA ETA EUSKALDUNA Logroñon, 2012ko Urtarrilaren 22an