Kafka eta panpina bidaiaria

Kafka_eta_panpina_bidaiariaTanttaka Teatroa konpainiak “Kafka eta panpina bidaiaria” antzezlana atera du. Oraindik ez dut ikusi. Eta badut ikusmina.

“Kafka eta panpina bidaiaria” antzezlana haurrei zuzenduta dago, baina gurasoei ere gustatzen omen zaie. Kezka pixka bat ere badut. Ez bakarrik sarrerak segituan agortzen direlako, eta zenbakitu gabe daudelako. Baizik eta “gertaera erreal batetik” abiatzen omen delako. Susmo txarrak eragiten dizkidate “gertaera errealetan” oinarritzen direla azpimarratzen duten fikzio lanek. Areago kasu honetan, aurreratuko dut: nik ez dut uste  Kafka eta panpinaren pasadizoa erreala denik.

Norbaitek jakin nahi badu zergatik ez dudan uste hori, argituko diot, hurrengo batean. Hona hizpidera ekarri nahi nuena istorio ezagun horren historia, euskaldunontzat esanguratsua dena, nire ustez.

Ttanttakaren antzezlana Jordi Serra i Fabra idazlearen izen bereko liburu baten egokitzapena da. Liburu horrekin 2007ko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen Haur eta Gazte Literaturako kategorian.

Serra i Fabrak istorioa ezagutu omen zuen Paul Austerrek sartu baitzuen “Brooklyn follies” eleberrian, 2006koa. Euskal letretara albiste on bat ekarriko zuena, uste berean agertu baitzen euskaraz, espainolezko edo frantsesezko itzulpenekin ia batera: “Brooklyngo erokeriak”

Egia esan, forceps-ekin sartuta dagoela dirudi, itxura batean. Baina Auster maisua da oso elementu heterogeneoak uztartzen. Hala adierazi zuen Harkaitz Cano-k Nabarra aldizkariak Austerri eskaini zion erreportaje batean: “Idaztearen ahalmena, kontaketaren pedagogia erredentorea. Austerren obsesioetako bat honatx, maileguan hartutako pasarte baten bidez azaldua.”

Austerrek mailegua 2003an agertutako “Kafka’s last love” liburutik hartu zuen. Kafkaren azken emaztegaia izan zen Dora Diamanten biografia. Norbaitek ez badu istorioa ezagutzen, Canoren testua erabiliko dut:

“Batzuetan hain biribila da istorioa, eta hain handia tentazioa, merezi baitu oso-osorik txertatzea: Brooklyngo erokeriak eleberrian Kafkaren biografiako pasarte batekin egiten den legez, bere panpina galdu duen ume bat kontsolatzeko Pragako idazleak erabili bide zuen trikimailuaren berri emanez. Neskatxa negarrez ikusi duelarik, hura animatze aldera, panpina bidaian joan zaiola eta idatziko diola laster azaldu dio Kafkak neskatilari. Bai eta gutuna idatzi ere. Kafkak, jakina”.

Canoren pasartea irakurri eta zerbait falta zela iruditu zitzaidan. Hasieran pentsatu nuen Canok ez zekiela zer falta zen. Gero susmatu nuen pasa egin zitzaiola. Halere, hurrengo lerroa irakurri besterik ez dago jakiteko Canok bazekiela zer ahaztu zuen:

“Bere lehen liburuen iruzkinetan sarri-sarri erkatzen zuten Paul Auster Kafkarekin”.

Horixe: Sarrionandiak istorio borobil hori kontatua zuen ia 20 urte lehenago, 1985ean, “Ni ez naiz hemengoa” liburuan. Geroztik zenbait berrargitalpen izan ditu (euskaraz saiakera gutxi izango dira ezagunagoak). Azkena 2006an, oker ez banago.

“Frank Kafka eta humea”, Sarriren euskarazko bertsioa ez dut sarean aurkitu (“humea” hori kearekin zerikusia duten kontuekin nahasten da). Bai ordea espainolezko itzulpena, “Frank Kafka y la niña”, hainbeste tokitan. Izan ere, “No soy de aquí” 1992an agertu zen. Eta mikroipuin bi antologietan ere aurkitu dut: “Narradores vascos” antologian ere agertu zen, hori ere 1992koa.

Halere, argi dago Serra i Fabrak ez zuela istorioa ezagutu Austerren eleberria agertu arte.

Beste kontu interesgarri bat da nondik hartu zuen Sarrionandiak istorio hura. Izan ere, ordura artean ez zen batere ezaguna. Doraren testigantza 1984an agertu zen ingelesez, lehen aldiz. Frantsesez bai 1952an agertua zen, Evidences aldizkarian: Notes inédites de Dora Dyamant sur Kafka.

Gainera, Sarrik liburua idatzi zuenerako 4 urte zeramatzan kartzelaz kartzela. Orduan Herreran zegoen. Txarrenetakoa, omen: karta bakar bat astean, espetxeko funtzionarioek irakurria, gehienez 5 liburu ziegan… (Anjel Rekalde ere bertan zegoen, eta bere liburuan informazio gehiago bila daiteke.)

Misterioa Sarrik berak beste inork baino hobe argitu lezake. Baina aurretik norbaitek jakin mina izango balu, ausartuko nintzateke nire teoria hemen menturatzera. Hori bai, aurretik barkatu, mesedez, huts egingo banu.

Eta jakina, norbaitek beste teoria, hipotesi, susmo edo informazioren bat balu, bihotzetik eskertuko nioke, aurretik.

2 pentsamendu “Kafka eta panpina bidaiaria”-ri buruz

  • “Ni ez naiz hemengoa” irakurri nuenean, duela 25 bat urte, inpaktatu egin ninduen liburuak, eta “Franz Kafka eta humea” izan nuen liburuko pasarte guztien artean kutunena, eta huraxe geratu zitzaidan luzaroen gogoan. Gero, handik 15 bat urtera edo, ez naiz oroitzen noiz eta nola, jakin nuen “benetako istorioa” zela Joseba Sarrionandiako kontatutakoa, ez zela egileak hutsetik asmatutako istorioa, eta dezepzio txiki bat eragin zidan hori jakiteak.

  • Bada, egia esateko, nik Kafka eta panpinaren istorioan “benetakoa” dena miresten dut gehiago. Istorio horren historia, azken batean. Eta ez hainbeste istorio horretan fikzioa dena.

    Esaterako, harrigarria zait –miresgarria- Sarrik nola ehizatu zuen 1983. urte inguruan, kartzelan. Lehenago ez dut uste. Urte hartan Kafkaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen zen, eta lan andana atera zen berari buruz. Halere, panpinaren istorioaren aipamena liburu bakar batean topatu dut, gaztelaniaz. Apenas 5 lerro, 300 orrialdetik gorako biografia batean.

    Esan dut ez dudala uste benetakoa denik. Nire ustez, Dora Diamantek berak sortu zuen, agian benetako gertaera bat hartuz, baina asko “metamorfoseatuz”. Nire espekulazio hutsa da, jakina. Oso zaila ikusten dut noizbait egiaztatzea, edo gezurtatzea. Baina gako batzuk emango ditut.

    1923. urteko Berlingo datu historikoetan eta Kafkaren erreferentzia biografikoetan sartu gabe. Baina bai gogoratu Kafkarentzat literatura eta bizitza gauza bera zirela, eta bietan “egiazkotasuna” zela bere obsesioa. Sakoneko egia. Azalean edozerk edozein itxura har lezake, noski. Baina K. edo Gregor Samsaren egoera zentzugabeenen azpian GIZAKIA zegoen, bakartuta, isolatuta, itota…

    Ordea zer dago Kafkaren panpinaren azpian?

    Gogoratu istorioaren hasiera:

    1-Kafkak neska bat negarrez ikusten du, parke batean. Zer duen galdetzen dio.
    2-Neskak erantzuten dio bere panpina galdu duela.
    3-Kafkak lasaitzen dio: ez da galdu, bidaian joan da. Esan dit idatziko dizula.

    Pasa gaitezen egoeraren xehetasunen gainetik: neska bakarrik zegoen? Amarekin? Neskame batekin? Hurrengo egunetan ere bakarrik edo zaintzaile batekin joango da parkera? Gizon, arrotz, atzerritar, judu, tuberkuloso… batengana.

    Esan bezala, koka gaitezen istorioaren hasieran: neskaren panpina desagertu da. Ez da joan bidaian. Aukera posibleak asko dira, baina har ditzagun normalenak:

    1-Neskak toki batean utzi zuen, eta ez da oroitzen non.
    2-Norbaitek kendu egin dio.

    Nola zekien Kafkak panpina ez zela berriz agertuko? Bigarren kasuan zailagoa dirudi, baina lehen kasuan gerta zitekeen: bera hurrengo egunean panpinaren lehen gutunarekin agertu, eta enteratzea panpina agertu zela, bezperan bertan. Handik hurbil.

    Baliteke Kafkak B plan bat prestatzea, holako ezuste baterako. Baina zergatik baztertu zuen hasieratik 1 aukera. Alegia, zergatik ez zion neskatilari panpina bilatzen lagundu?

    Agian izan zen lapurretaren lekuko? Agian bera zen lapurra?… Hipotesi behartuak dirudite horiek, ezta? Probableena da ez zitzaiola panpina bilatzeko aukera bururatu, eta hitzetik hortzera bidaiaren istorioa baino ez zitzaion etorri burura.

    Eta guk zer ulertzen dugu? Momentuko despistea izan zela? Zergatik ematen dugu segurutzat panpina ez zela agertuko, Kafkak neskatilari bilatzen lagundu izan balio?