Armagabetzerik gabe, kaferik ez
Armagabetzerik gabe, kaferik ez!
Armagabetzea berbagai hartuta gatoz, Markina-Xemeinen eta ez Luhuson jazotakoaren harira.
Kafetegi berri bat ireki dute herrian. Karmengo elizosteko aparkalekuaren ondoan dago, Bekobentarako bidean, eta beraz, ezin aproposagoa da autoa utzi edo hartu behar dutenentzako; halaxe pentsatuko zuen bertaratu eta, kafearen ordez, erantzun hau jaso zuen ertzain bikoteak ere: “kafetegi honetan ez dugu zerbitzatzen armak daramatzan inor”.
Badago herrian poliziei inolako erreparorik gabe kafea zerbitzatzeko prest dagoen taberna mordoa, baina ertzainek, konforme gelditu ez eta espedientea ireki ei diote tabernari -urtarrilaren 7koa da kontua, orain jakin bada ere-. Zorionez, ez zen ElConquiseko drogosoa zerbitzariak parean topatu zuenetako bat, ez bada kafetegian armadunik ez onartzeko erabakia ertzain haren aurkezpena ikusi ostean hartu zuela.
Kontua da, zerbitzariaren jokabidea eztabaidagarria izanda ere -bazterketa bat izan ote den-, “aginteari errespetu falta” izatea leporatu diotela. Eta ez da kasu bakarra.
Iazko ekainean Eusko Legebiltzak Mozal legea ez aplikatzea onartu zuen arren, ordutik 1.500 espediente ireki dira EAEn, eguneko bederatzi. Eta bigarren arrazoirik zigortuena da aginteari errespetu falta agertu izanarena, 335 espediente ingururekin.
.
Iker Armentia kazetariak artikulu honetan gogorarazten digun moduan (bertatik hartu dugu grafikoa ere), “Mozal legeak, delitu ez direlako epaitegi baten kontroletik kanpo dauden kontuei zigor administratiboak ezartzea ahalbidetzen du”. Modu horretan, atsedenaldian den ertzain bati kaferik ez ateratzea errespetu falta larri bihur daiteke, eta kontzientzia eragozpenerako eskubidea galduta, agintearen aurrean men egitea baino ez dugu herritarrok.
Gurean diren erakunde armatuei armagabetzeko oztopoak jartzen zaizkien bitartean, voilá!, bizkor gauzatu da jendartearen armagabetzea, desadostasuna agertzekoa bada ere, kafe txepel bat gora behera.