Inpaktuak, garrantziak eta altxor zenbait

Inpaktuak, garrantziak eta altxor zenbait

Arrakastaren kalibrea neurtzeko gehientsuen erabiltzen dugun neurria diruarena da. Ekimen baten inpaktua, sosetan neurtu ohi dugu. Adibideak mila,  “Udalak martxoan jasoko du Donostia 2016 hiriburutzak utzi duen etekin ekonomikoaren txostena” edo “Euskaldunak 85 milioiko inpaktu ekonomikoa sortu du 2016an”, esaterako. Eta txanpona baldin bada neurria, ostalaritza  izaten ohi da usu neurgailua edo termometroa, zernahi dela ere gaia edo arloa. Berdin-berdin dio, porruez, altzairuaz ala kulturaz ari zaren. Ekonomia da, salbuespenik gabe, zera denen garrantzia edo hutsaltasuna erabakitzen duen epailea, sententzia ematen duena.

Duela hiruzpalau egun, Euskadi Irratia entzuten ari nintzela keinua mingostu zidan goizeko albistegia zabaldu zuen berriak. Skodak bere kontzesionarioen nazioarteko konferentzia BECen egingo duela zioen kazetariak: “5 milioi euroko inpaktua izango du Bizkaian”. Jarraian, esatariak errenkadan zerrendatu zituen Skoda markako auto modelo ezagunenak, eta gogoratu konferentzia honetan modelo berri bat aurkeztuko dutela primizian. Eta bota zituen, halaber, auto markaren arrakastaren zenbakiak, sosak berriz ere, mahai gainera. Salmenten ehuneko eztakitzenbateko igoera, eta abar luzea. Denera, ezein akordio politikok edo bake konferentziak merezi duen adina denbora hartuz gure uhinetan.

Tira, albistegarritasun irizpideen hausnarra bazter utzi eta soseguz galtzerdiak janzten nituen artean, hasi nintzen pentsatzen ea egun hartako agendako nire egitekoek zer nolako inpaktua izango ote zuten Gipuzkoan, Euskal Herrian, Munduan. Ea gure proiektuen garrantziaren neurria txanponetan jarrita eta neurgailua ostalaritzan gizartearentzat garrantziazko den deus egin ote dugun inoiz. Zamalkan garamatzate zaldiek amildegira, bururatutako edozer hutsala eta defizitarioa baita, inpaktu edo eragin negatibokoa.

Nola neurtu bada, gure lanak eta ahaleginak? Zer titular eman ditzake Euskadi Irratiko esatari horrek gure egitekoez? “Paperezko Kontzertuek 879.000 irriparreko inpaktua izan dute Gipuzkoako autoestimuan”, okurritu zait. Edo “ZuZeuk, sortu zenetik, 1.800.000 euskaldunen eztabaida gosea asetu du”, adibidez. Tira, badira inpaktuak diruz neurtzen ezinezko direnak, zenbait altxor gutxi batzuren gogoan baino ezin direnak topatu. Dirurik gordetzen ez duten kofreak. Baina zeinen emankorrak, ala?

Inpaktuak, garrantziak eta altxor zenbait

Ekaitza bainuontzi batean