Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna –

Irailaren 3an, goizeko 12:00etan, “Ametsak betetzeko daudelako!” liburua aurkeztu du Arizmendi Ikastolak Arrasateko Gaztelupe gunean. Konfiantzaren Pedagogiarekin abiatutako bidean aurrera egin du Arizmendik eta aurrerago joateko plana prestatu du. Aldaketa honen teoria jasotzen du liburuak, egiten ari den eraldaketaren kontakizuna.

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna
Arizmendi Ikastolak Leintz Bailaran ikastola-eredua garatzeko konpromisoa hartu zuen. Egiteko horri erantzuteko, bere egitasmo pedagogiko propioa eraikitzen ari da egunez egun. Bide horren lehen urratsak Konfiantzaren Pedagogiaren baitan eman zituen.

Konfiantzaren Pedagogiak bizitzako egoerei erantzuten dakien pertsona kooperatibo eta euskalduna garatzea du helburu, hots, erronkei aurre egiteko gai den pertsonak heztea. Horretarako konfiantzan jartzen da arreta nagusia; eta, autogestiotik, pertsonaren garapenean eta eraldaketa sozialean eragiten du.

Baina Konfiantzaren Pedagogia hasiera bat besterik ez zen izan, mugarria. Ordutik, bide luzea egin du Arizmendik, ondoren etorri direnei bidea zabalduz eta etengabeko hobekuntzarako oinarri sendo bat sortuz. Ondorengo ikasturteetan zehar, berriz, aldaketa sakona egin nahi du Lehen Hezkuntzaren azken mailetan eta DBHren hasierakoetan. Egindakoaren eta egin nahi denaren zergatia eta zertarakoa, bere aldaketaren teoria, alegia, agertzen du “Ametsak betetzeko daudelako!” liburuan.

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna

Eraldatzeko gogoz berrikuntzaren bila

Arizmendik mende erdia baino gehiagoko ibilbidea testuinguru berrietara egokitzen eta etorkizunari aurrea hartzen egin dute. Eraldatzeko gogoa barne-barnean du Arizmendik, gizartea aldatzekoa. Urteetan sortzen eta garatzen joan den egitasmo pedagogiakoaren hezurdura eta ardatza horixe da: eraldaketa soziala. Pertsonak bere bizi-proiektua eraikitzeko eta gizarte parekide, justu, euskaldun, solidario, kooperatibo, iraunkor eta humanoagoa izateko heztea.

Batetik, lan horren fruitua da Arizmendik iazko ikasturtean lortutako “Changemaker” saria; eta, bestetik, lan horren narrazioa eta kontakizuna da “Ametsak betetzeko daudelako!” liburua.

Izan ere, liburuaren jatorria eraldaketarako eta berrikuntzarako grinean dago. Egungo hezkuntza sistemari arrakalak eta gabeziak ikusten dizkiote Arizmendin. Uste konpartitua dela diote, hau da,  hutsuneak beste hainbat eragilek ere ikusten dizkiotela, tartean irailaren 2an egindako batzarrera gerturatu ziren Ikastoletako kideek. Horri buelta bat emateko asmotan sortu da liburua

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna

Etxe barrutik, hezkuntza sistema guztian eragiteko

Jendaurrean aurkeztu aurretik etxe barruan landu eta idatzi da liburua. Gainera, “Ametsak betetzeko daudelako!” liburuaren sortze-prozesuak Arizmendiren balioak islatzen ditu. Ez du egiletza bakarra, taldean sortua izan baita. Arizmendiren Berrikuntzaren Zuzendaritza Pedagogikoko kideak izan dira egile nagusiak, baina, horrez gain, hainbat pertsonaren ekarpenak jasotzen ditu. Azala, ilustrazioak, testuaren orrazketa… horretan guztian ere pertsona ugarik hartu dute parte. Guztira 40 lagunetik gora izan dira liburuaren bueltan lanean aritu direnak; taldean sortutako liburua da, beraz.

Liburua idazteaz harago, liburuan jasotzen duena praktikara eramatea da asmoa. Horretarako ardura bi irakasle hartu dute, eta hori errealitate egiteko prototipoa lantzen ari dira. Lan horretarako etapa bakoitzeko irakasleekin elkarlanean aritu dira, landutakoa ahalik eta errealena eta egingarria izateko. Behin prototipoa eginda, esperimentazio fase bat abiatuko dute.

Esperimentazio fase horretan ikasgeletan islatuko landutakoa, hots, praktikara eramango dute. Honela, beraiek esperotakoa bermatzen den ala ez ikusiko dute.

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna

Euskal hezkuntza sisteman erreferente

Aurkezpen publikoaren aurretik, irailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, barne aurkezpena egin zuten Arizmendiko Eskoriatzako Almen gunean. Ikastolako langileez gain, beste hainbat Ikastolatako irakasleek ere hartu dute parte batzarrean. Honela, liburuaren nondik norakoak ezagutzeaz gain, mamira jo ahal izan dute.

Bertaratu direnen artean daude San Fermin Ikastolako zuzendaria eta zuzendari ordea, Laskorain Ikastolako eta Txantxiku Ikastolako kideak, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna. Guztiak bidelagun izan dira Konfiantzaren Pedagogian, hortaz, emandako urrats hau ere berekin elkarbanatu nahi izan du Arizmendik.

Izan ere, lan hau argitaratzearen arrazoietako bat horixe dela aitortu dute Arizmendiko kideek. Etxe barrurako baliagarria dela uste dute, lanera oinarriak finkatzeko eta bideorri bat zehazteko. Baina, horrez gain, Arizmendiko lau paretetatik kanpora ere zabaldu nahi izan dute egindako lana. Honela, gainontzeko hezkuntza eragileek mugarri bat izango dute hezkuntza-eredua hobetzeko eta ekarpenak egiteko. Liburua analisirako, hausnarketarako eta aurrerapauso gehiago emateko bide izatea nahi dute.

Arizmendiren eraldaketaren kontakizuna