Gure bizitzak elkarri kontatzea, urte osoko denbora-pasa

Gure bizitzak elkarri kontatzea, urte osoko denbora-pasa –

Irailean gaude. Akabo oporretako argazkiak sare sozialetan. Atzean geratu dira Grezia, Thailandia edo Mexiko, hondartzak, mendiak, liburuak, behatzak edota Aste Nagusia. Heldu dira azken hondartza-egunak eta prozac-esaldiak, “lanera bueltan”, edota “uda ahaztezina”. Laster udazkena helduko da, hilaren 22tik aurrera, eta hosto eroriak, asteburu-pasaren bat, aurten urriaren 12an zubirik ez, ezkontza random bat (ze guapo trajez!) eta poesia zatiak. Apurka-apurka hozten hasiko da eta harekin batera Mr. Wonderfulleko kikarekin kafe-argazkiak lurruna dariela, beroki eta eskularru berriak eta mendi-txangoak.

Kontzerturen bat ere bai (Ikusi Arte tour), nobedadeak. Durangoko azoka eta liburu edota diskoren bat, gogoz erosi arren, entzutea edo irakurtzea kosta dakizukeena, edo igande arratsalde goibel batean irentsita. Mezu ezkuturen bat arreta deitzeko. Zure burua nabarmentzeko. #JeSuisTorrelavega, ez, #JeSuisMonbasa! Handik gutxira, santomas: txapela, zapia, atorra, gona eta guzti. Ume zineneko argazkia (moñoño nintzen, gero!). Konturatu gabe, Gabonak: kuadrilla-afaria (aspaldiko!), opariren bat (agian urte berriko asmo berriekin lotuta, ejem), lagun-ezkutua eta baikortasuna nagusi (zure desioak bete ditzazula!).

Urte berrian gaude eta erronka berriak konpartitu behar, dela gimnasioan, dela kalean. Erretzeari utzi diot. Polboroiak kartutxeretatik kendu ditut. Carpe diem. Eta abar. Pozik nago eta zuekin konpartitu nahi dut. Negu betean gaude eta mendiko elurrean erretratu bat. Pirinioetako paisaiaren bat ere bai. Mikel Urdangarinen aipuren bat. Eta Donostian, Danborradan, sukaldariak. Gerora, inauteriak, azken minutuko mozorro kutrea, parranda eta sagardotegia (klik!). Halako batean, egun eguzkitsua eta arnas apur bat, uda gero eta hurbilago baitago. #M8.

Udaberriko lehen egunean “Negua joan da” kantarekin loreren bat duen zuhaitz bat, edota lili-lore landa. Handik gutxira, zaputza: “Berriz euria”, zeru grisa eta jazz doinu bat fondoan. Beroki eta eskularru berriez nazkatuta. Aste Santua eta eskapadak: Europako hiribururen bat, gurasoen herria edota Iparraldea. Maskaradak, Deustuko jaiak edota Pirinioetara txango bat, oraingoan furgoan. “Hi bizi haiz, hi!” iruzkina eta, tartean, inbidia apur bat.

Lehenengo eguzki egunak. Paseo bat hondartzan. Beste bat mendian (beti mendia!) Kolore berezia du guztiak udaberrian. Gau Zuria, gure museo-ramadana, ilusioa eta buruhauste txikiak (nora noa oporretan?). Destorni bat terrazan itsasoa fondoan eta pintxopotea kalean. Maite ditut maite gure bazterrak (bereziki lanbrorik ez dagoenean). San Juan bezpera bat-batean heldu da eta berriz ere uda: esaldi alaiak (awesome!) eta oporretako argazkiak: Panama, Sri Lanka, safari bat, hondartza, mendia, liburuak, behatzak eta Aste Nagusia. Konturatu gabe, munduak beste bira bat eman du gurekin sare sozialetan.

Oh: Opari gisa, irailarekin lotutako bost kanta, gehiago ezagutuz gero, iruzkinetan utzi, agian zerrenda osa dezakegu!

Gure bizitzak elkarri kontatzea, urte osoko denbora-pasa

Gure bizitzak elkarri kontatzea, urte osoko denbora-pasa
Gure bizitzak elkarri kontatzea, urte osoko denbora-pasa

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.