Gaztelun bizi naiz

Gaztelun bizi naiz –

Gaztelun bizi naizGaztelun bizi naiz. Errepidea, segidarik gabe, amaitzen den mendialdean gora. Erdararik inoiz ikasi gabeko eta oraindik gure arteko dauden azken mohikanoen sorlekuan. Beheragoko Leabururekin batera, UEMAko partaide den herrian. Gaztelun bizi naiz Afrikatik etorritako andrearekin, aurrena euskaraz eta gero erdaraz ikas dezan ahalegintzen, alderantzizko bideari lotuz gero euskaldun herrena geratuko zaidan beldurrez.

Uda hasieran, abisua jaso genuen, udazkenean joskintza ikastaroa antolatuko zela-eta, ea izena emango genuen. Pozik esan genien baietz. Agidanean aurreko urtean Leaburun antolatu zutela arrakasta handiz eta Gaztelun ere eskaini behar zutela aurten, herritarren mesederako, nahikoa jende apuntatuz gero.

Joan den astean mezu bat jaso genuen ikastaro antolatzailearen aldetik, egutegia, ordutegia, eraman beharrekoak eta ordaindu beharrekoak zehaztuz, guztia kastillano ederrean. Udalari zuzendu gintzaizkion orduan harrituta, ikastaroa erdaraz ote zen galdetzeko, bai eta antolatzaileari ere. Azken honek erantzun zigun aurrena gure beldurrak baieztatuz.  Herriko whatsapp talde batean jarri genuen orduan mezua, UEMAko udal batzuk erdarazko ikastaroak antolatzen zertan zebiltzan ez genuela ulertzen adierazteko, eta are gutxiago herritarrei abisatu gabe erdaraz izango zirela, hori normala balitz bezala.

Gaur jaso dugu Gazteluko alkatearen erantzuna, hemen kopiatzen dudana:

Kaixo Juan Inazio!

Edurne naiz.

Ikastaroan inguruan gauza pare bat:

Lehengo ikasturtean josteko ikastaroa antolatu zan leaburun. Ikasturtea bukatzeko espazio arazoak izan genituen leaburun eta ikastaroa gaztelun bukatu genuen. Herritar batzu josteko ikastaroaz galdetu zuten eta erabaki genuen aurtengo ikasturtean gaztelun eskeintzea. Momentu horretan hizkuntzari baino garrantzi gehiago eman genion herritarrak elkartzeko espazio bat sortzeari. Ez ginan konturatu eta idatzian ez genuen jarri ikastaroa gaztelaniaz zela. Iruditzen zait herri honek hizkuntzarena  baino arazo handiagoak dituela. Garrantzitsua da euskara baina herritarren arteko harremanak bultzatzea eta horretarako espazioak bideratzea  ere garrantzitsua da.

Ondo izan

Edurne

Eta hau nire erantzuna:

Atsalde on Edurne,

Lehenik eta behin eskerrik asko erantzuteagatik. Hurrena berriz adierazi nahi dizut zeinen mingarri eta etsigarri egin zaidan esaten didazuna. Osakidetzako hitzak datozkit gogora, mediku hona mediku euskalduna baino inportanteagoa dela diotenean. Nola kritikatu orain haiena nonahi eta noiznahi euskara baino inportanteago den zerbait baldin badago beti? 

Ez naiz luzatuko halere, nire sentimenduak adierazten, bistan baita ez gaudela sentiberatasun bereko. Erruki natzaio euskararen etorkizunari, horrelakoak baldin badira bere azken gotorlekuak. 

Ondo izan dena den.

Ez dut jada hitzik bihotzean dudan mina adierazteko. Hitzik ez baina bai ordea zalantza ugari aurrerantzean “gutar” nori esan behar diodan erabakitzeko. Estimatuko ditut hemen biltzen diren iritzi guztiak.

Gaztelun bizi naiz

51 pentsamendu “Gaztelun bizi naiz”-ri buruz

  • Bihotz erdiragarria benetan, ikastaro erdaraz antolatzea baino are gehiago alkatearen erantzun zuria eta zurigarria!

  • Zinez negargarria. Hizkuntza-ordezkapenaren bila dabil alkate hori, berdin zait oharturik edo oharkabean den. Protesta egitekoa da

  • Azken portu 2019-09-03 21:36

    Ez dakit zer den etsigarriagoa: gertakaria bera edo jaso zenuen erantzunaren tonua. Beno bai, badakit: bigarrena. “Iruditzen zait herri honek hizkuntzarena baino arazo handiagoak dituela” esalditxoak benetan asaldatu nau. Ez dakit zehazki zer izango zuen andere hark gogoan hori esatean (nire susmoak baditut ere), baino gure endekapena uste baino azkarragoa dela erakusten du.

  • Eutsi lagun!!!

  • Jose Antonio 2019-09-03 21:55

    Arrazoi duzu erabat kezkatuta sentitzeko. “Hizkuntza bat bere eremuan nahiko eta beharrezko ez baldin bada eta beharrezko eta nahiko den beste bat eremu berean badago, azken honek eramango du bertakoa desagerpenera”.
    Batzuk ez dute hori jakin eta ikusi nahi, begibistan dagoen arren, eta “ezarri” beharko liratekeen neurriak ezartzeko etika arazoak aurkitzen dituztela diote. Etika faltarik handiena, ordea, jaso dugun Ama-Hizkuntza galtzen uztea litzateke.
    Zuen alde zerbait erakarri ahal banu, egingo nuke gustora. Hizkuntzari buruzko gogoetak ugari egin ditut eta bidaliko nizuke zure postara argudiozko testuren bat, adibidez.

  • Holakoak irakurrita, barruan pizten zait berriro alderdi euskaldun bat sortzeko gogoa. Partidu batek bere baliabideak eta oihartzun mediatikoa erabil litzake, besteak beste, udal horren eta alkate horren moduko jarrerak salatu eta borrokatzeko. Agerian ipini behar dira, behin eta berriro, etnozidioa bideratzen eta onartzen duten guztiak, direla espainol, basko zein euskaradun.

  • Benat Castorene 2019-09-03 22:12

    Hau alkatearen ganik Gaztelun aditzean lur jota egon zarela biziki untsa konprenitzen dut. Zorigaitzez, guk horrelakoak eta itsutsiagoak entzuten aspaldian ohituak gara. Badakit ez zaituela kontsolatuko.
    Antzeko efetua egin zidan behin, aditu nuelarik estimatzen nuen lankide gazte euskaldun peto peto baten ganik, urgentzia ekologikoak gure arazo nazionalak baino inportantzia gehiago zaukala. Bien artean hautatu behar baginu bezala.
    Etsaien eta globalizazioaren presioaren pean auto estimua galtzen ari gara, konbentzitu gaituzte dena pasatzen zela gure identitatearen aurretik. Animo Juan Inazio.

  • Zurekin bat Gilentxo. Honezgero ez dut beste biderik ikusten. Halere bi oztopo handi gainditu beharko lirateke hori burutzeko. Batetik gainerako gai guztien inguruko gutxienezko irizkidetza lortzea. Eta bestetik, luzaroan lau katu baino bildu gabe etsi gabe irautea. Ikusi egin behar erremediorik gabeko optimistak zenbat garen.

  • Eskerrik asko Pello. Halere uste dut irainak ez direla biderik egokiena gure helburuak lortzeko. Alkateak esan duena zeinen natural esaten duen ikusteak, gaitza noraino sartu zaigun ohartzeko balio behar luke, eta protesta eta irainez haratago, euskara lehenetsiko duen zerbait antolatzeari ekiteko.

  • euskaldun bat 2019-09-03 22:22

    Non, eta Gaztelun horrelako zerbait!! Izugarria noraino iritsi garen! Eta change.org edo horietako bat abiarazi? Alkate hau imajinatzen dut nolakoa izango den: moderna usteko bat, garai batean Donostiara neskame joan eta euskara “ahaztuta” etortzen ziren haien pareko bat: analfaburra moderna.

  • Mila esker Beñat. Bihotza berotu didazue animo hitzokin. Bihotza eta gogoa ere. Eginen dugu zerbait.

  • euskaldun bat 2019-09-03 22:27

    Eta Gazteluko herritarren artean sinadura bilketa bat? Pentsatzen dut lortuko duzula, Gazteluko jendea batzea zaila den arren, hain oinarrizko gauza batean bederen maila emango al dute behintzat!

  • Duda barik bideren bat aurkitu beharko genuke euskaldun “maximalistak” batzeko, nola edo hala rekonziliatzen ditugularik feminismoa/antifeminismoa eta ongi-etorri-errefuxiatuak/etorkin-gehiegi poloak.

  • Euskaltzale 2019-09-04 10:48

    Ez nau batere harritzen Juan Inaziok kontatzen duenak. Ni neu UEMAko beste herri euskaldun batean bizi naiz, EH Bilduko alkatea duena, eta Udalak behin baino gehiagotan ikastaroak erdaraz antolatu ditu. Eta lau katu besterik ez gara kexatzen. Betikoa…..

  • Juan Inazio, besarkada bat.
    Gilentxo %100ean ados. Nire babesa duzu.
    Alderdiarentzat izen bila bazabiltza, proposamen bat:
    DUNONA (euskalDUNON Alderdia)
    Alderdia ez litzateteke denona, dunona baizik, euskaldunona, berbaren esanahi zehatzean…
    Ea ametsak egi bihurtzen diren…

  • Nik proposatuko nuke EUSKALDUNOK izena, edo antzeko zerbait, euskaldun hitza geure egiteko, berbaren esanahi zehatzean, eta ondo bereiz dadin euskaradunetik eta kafarretik (=CAVar, vasco).

  • Ez dakit ba umea egin baino lehen bataiatzen hastea ere…
    Bilera zabal bat antolatzeko lanak abiatzea ez al da bidezkoago?

  • euskaldun bat 2019-09-04 13:20

    Nire babesa ere baduzue. Euskara eta euskal kulturaren babesa ardatz izango duen partidua, bestelako iskanbiletan sartuko ez dena, ezker\eskubi banaketen gainetik kokatuko dena, profesionaltasuna ardatz izanik.

  • Azken Portu 2019-09-04 13:28

    Etsipena eta haserrea alde batera utzita, gertakari honek euskara sustatzeko estrategiari dagokionez hausnarketa batzuk sortu dizkit:

    -Arnasguneetatik ezer gutxi espero dezakegu. Itxaropen hutsala zen pentsatzea gune txikiek eragina izan behar zutela gune handiagoetan, eta azkenean txixiak handien dinamikei lotu zaizkie

    -Alderdi “abertzale” tradizionaletatik ezer gutxi espero daiteke halaber. EAJ aspaldi galdutzat jotzen bagenuen, ezker abertzalea ildo beretik doala argi dago.

    – Gillenek proposatzen duen alderdi euskalduna irtenbide bat izango litzateke. Baina izenarengatik borrokan hasi baino lehen, galdera hau uzten dut: euskal nortasuna ardatz dugunok nahiko masa kritikoa osatzen dugu behin Euskal Herria izan zen lurraldean inolako eraginik izateko?

  • Berriketatik haratago ekiten hasteko proposamen bat. Data bat adostu urtea amaitu baino lehen bilera bat egiteko eta bitartean proiekturako zirriborroak bidali DRIVEko esparru batera. Parte hartu nahi duzuenek bidali eskaera gmail kontu batetik euskaralehenik@gmail.com helbidera, esparrukide izateko. Ezina ekinez egiten saiatuko gara berriz ere patu zaharrari men.

  • Erantzun ezinik geratu naiz, Juaninazio!
    Hau lotsa (besterena) eta amorrua.
    Konplexuak eta ezjakintasuna izurrite bilakatu zaizkigu. Ni ere banoak bilera horretara. Nazkatuta nagok a-ver-zale español eta frantseszaleekin.
    Eutsi goiari!

  • AzkenEuskalduna 2019-09-04 15:49

    Hemen euskara eta euskaldunak ardatz dituen alderdi politiko baten alde dagoen beste bat.

    Euskara da nire aberria eta euskara bere bihotz eta ahoan daraman edonor ditut aberkide.

  • Hori da gakoa. Bere burua alderdi sasiabertzale/euskaldunentzat euskara, euskal nazioa, euskal izaera, ez dira beren estrategia politikoan sartzen, ez da estrategikoa. Ondorioz edota frente etno kultural bat sortzen dugu, alderdietik kanpo, euskara ardatz duena edota gureak egin du.

  • Azken Portuk masa kritikoa dagoen ala ez galdetzen du; nire ustez (ez naiz soziologian aditua) BAi. Pentsa ezazu gutxi gora behera milloi erdi euskal hiztun eguneroko bizitzan saitzen garela euskaraz bizitzen. Bestalde gehitu beharko genituzke nahiz eta euskara ez menderatu, (adinagatik, txikitan ez zutelako ikasi …) euskararekiko atxikimendu irmoa dutenak (beraiek ez dute ikasi baina beren semeek euskaraz bizi dira gurasoek horrela erabaki zutelako). Talde honek beste milloi erdiko jendetza batu dezake. Jendea noski dagoela, arazoa askok oraindik ez dutela bere katarsi pertsonala eduki (oraindik sumisio linguistikoa edukazioarekin nahasten dute, edota ez dira ohartu “osaba tom”aren sindromea dutela……Gazteluko alkatea bezala ) Pedagogia falta dela argi dago.
    Noski, nik ere alde.

  • Oso kezkagarria da euskal kontzientzia nazionalaren galera azken urteotan EHan. Hartsuagak beste adibide bat eman digu, baina egunero gertatzen dira holakoak. Gure Nazioa heriotzaren abiapuntuan dago: “larrialdi klimatikoaz” hitz egiten ari da, baina baita “larrialdi nazional”ez ere hitz egin beharko genuke. Goiko komentarioekin bat egiten dugu, Euskal Herrian gure hizkuntza DISKURTSO POLITIKOAREN ERDIAN kokatzen duen mugimendu politiko-kulturala behar dugu, eta horretarako sortu zen NAZIOGINTZA Taldea. Gutaz gehiago jakiteko: http://www.naziogintza.eus

  • Mingarria Hartsuagak kontatutako pasadizoa. Bestalde, bat nator alderdi euskalduna sortzearen beharrarekin, behintzat euskara eta naziogintza lehentasun politikoen artean sartzeko. Zoritxarrez, gaur egun, euskara alderdi sasi-abertzaleen agenda politikotik at dago, baina alderdi politiko euskaldun bat, txikia izanda ere, akuilu eraginkorra litzateke. Aldentzen gaituzten beste kontuak alde batera utzita, euskararen defentzan bil gaitezen! Animo!!

  • Joxe Arakama 2019-09-04 19:56

    Interesgarria litzateke “Euskaldun bat”-ek proposatzen duen Gaztelun bertan gai honi buruzko inkesta bat egitea. Hala ere, ez nago ziur erantzuna guretzat positiboa izango denik. Nire inguruan behinik behin nazio kontzientzia eskasa da, nire irudiz, eta ez dut motiborik pentsatzeko Gaztelun nazio kontzientzia handiagoa dagoenik. Eta hori onartzen bada Gaztelun bertan euskara berpizteko nazio kontzientzia behar denik.
    Eta alderdi politiko euskaldun baten sorrerari dagokionez, urrats hori eman aurretik ideia hori umotu behar dela uste dut: horretarako gizartea prestatu behar da aldez aurretik. Galdera bat egiten dut: ez al litzateke egokiagoa izango nazio ildoa era argian jarraitzen duen gizarte mugimendu bat sortzea, administrazioetatik, alderdietatik, sindikatuetatik eta gainerako gizarte mugimenduetatik independentea izango dena?.

  • euskaldun bat 2019-09-04 21:33

    Gazteluko auzian jokatuko nuke tartean etorkinak daudela. Hartsuagak hobeto jakingo du. Etorkin pare batek ikastaroan izena emango zuten eta euskaldunak beti bezala “zintzoak”, “gizalegezkoak”, “begira zeinen onak garen”, sakrifikatzeko beti prest. “Gureak itxarongo du”, “Juan Inazio, ez zaitez erradikala izan”… inoiz ez dago unerik guretzat, inoiz ez. Gero eraman hori “herri txiki infernu handi” batera: alkatea EAJkoa (edo Bildukoa, berdin zait), eta “nire izena zikindu nahi du bere oponiokoa ez naizelako, bestela ez zuen hori egingo, ez!” esango du alkateak. Hasi sinadura biltzen eta EAJ vs Bildu dela eta ez dela… ez dago sinadura emango duenik: “orain ere bazterrak nahasten hori! Zer ziok ba?! gantxiloa erderaz ere berdin-berdin ingoie, bai!”, “nahiko sesio ez mugarriekin eta orain honekin ere bai! Herri hontan ez zegok gehio pakerik!”… A la chita callando, irabazten beti bezala erdaldunak, euskaldun “nobleak” euren artean sesioan jarraitzen duten bitartean.

  • Baita galdu ere jokatuz gero, Euskaldun bat. Dakidala nire emaztea da, bai etorkin bakarra, bai eta, erdaraz zelako, izen ematea bertan.behera utzi duen bakarra. Arazoa irakaslea da, haren hitzetan, umetan euskalduna izaki, bizitzaren gorabeherek euskara galtzera eraman zutena.

  • Euskaldunok behar-beharrezkoa dugu nor garen argi izango duen partidu bat. Halakoak Euskal Herrian gertatzen diren bitartean, zertan dabiltza abertzaleak Madrilen? Espainian eragin nahian, baina euren hizkuntzan ezin eginik espainiar parlamentuan? Iparra galduta gabiltza. Izan ere, gure hizkuntzari uko egitea besteren bati bidea egiteko hartzak ehizatzeko amarrua da, konturatu orduko gure azken hizkuntza-sareak maiztuak eta alferrik galduak izango ditugu. Hezkuntza ona nork bere arbasoenari gogor eta gogoz eustetik pasatzen da, MUNDUAN EDONON EGITEN DUTEN LEZ. Ez dakit boto asko bilduko genituzkeen, baina abertzale ustekoek abisu serio bat merezia dute.

  • euskaldun bat 2019-09-04 22:27

    Ia… istoria hori ere ezaguna da oso: Francoren garaian euskara debekatuta zegoela “gogorarazi” (ez bazenekien ere, ez baita historia oso ezaguna) eta arrazoi horrexegatik “pena handiz” euskara ikasi gabe gelditu zela azaltzen dizuten horietakoa. 50 urte barru ere istoria hori norbaitek erabiliko du oraindik, ziur egon. Jostun hori urrutienera ere Tolosakoa edo Ibarrakoa izango da eta lotsik ez Gaztelun agertzeko. Neroni apuntatuko naiz ikastaroan.

  • Arazoa udalarena da: utzikeria, irizpiderik eza, menpekotasuna…
    Kopeta, latza, irakaslearena.
    EH Bilduk eta UEMAk berak ere, izango dute ba zer esanik, ezta?

  • Botagalea! Baina horrelakoak ia toki guzietan dira ageri. Eta eguneroko gauza da. Eta alkate modu horretakoak? Ia denak
    Zer egin?
    Hor dago koxka, baina biltzen hasten ez bagara ez dugu inoiz deus eginen.
    Zer egin? Orain artio bezala? Egonean?
    Bildu gaitezen geren aurpegiak, bisaiak, begitarteak, muturrak ikusteko besterik ez bada ere!
    Lurrikara ttikiren bat sortzeko gai ez ote gara izanen? Astindutxoren bat? Badago premia lobelarra eta horren saltzaileak salatzeko!

  • Alderdi edo egitasmo euskaltzalea lantzeko telegrameko talde ireki bat sortzea proposatzen dut.

  • Euskaltzale 2019-09-05 13:11

    Nire herria ere UEMAko kidea da, atzo esan nizuen bezala, eta erdarazko ikastaroak ere antolatu ditu sarritan. Bat nator Hartsuagarekin, arazoa etorkinak edo erdaldunak baino gehiago, irakaslea da. Askotan irakasle erdaldunak ekartzen dituzte, kanpoko eremu erdaldunetakoak, saloiko dantzen edo auto-estima ikastaroak emateko…. Udalek aintzat hartu beharko lukete hizkuntzaren gaia, baina askotan, utzikeriarengatik, ez dute hori egiten. Zer gertatzen da, ez daude EHan dantza ikastaroak edo auto-estima ikastaroak euskaraz irakats dezaketen irakasleak?. Bai, jakina, baina bilatu behar dira, eta hori hainbat Udalentzat, antza, neketsua da.

  • Gmail kontua duzuenok, jaso duzue honuzgero lan-esparruan sartzeko gonbitea. Bestelako kontua duzuenek berriz, parte hartu nahi baduzue arren sortu gmail kontu bat, eta jarri nolabait harremanetan, lan-esparruan sartzeko gonbitea bidali ahal izan diezazuedan. Dokumentu pare bat igota daude dagoeneko irakurgai eta eztabaidagai. Igo zeuenak ere ahal baitlehen mesedez.

  • Gabon Juan Inazio. Minduta sentitzen da bat horrelakoak irakurrita. Zelan esan lezakeen horrelako erantzun bat alkate batek Gaztelu baten. Hamaika ikusteko jaioak gaude!

  • Asko aipatua izan da beharko litzakeela alderdi bat sortu. Alderdia hitzak berak zuzuen-zuzen garamatza politika borrokara, hauteskundeetara, etabar.
    Dena den euskararen inguruan egin datekeena iza

  • Barka, nahigabean joan zaut,
    Nioen Dena den euskararen inguruan egin daitekeena izan beharko du zinez euskalduna eta ez soilik Hego Euskal Herrikoa. Behingoz, beharko litzake arautu zer den euskara eta ez, besterik gabe, orain arte batutzat ematen dena, kasis soikik gipuzkera dena, eta espainolkeriaz betea (erran-moldeak espanierazkoen kalkoak, etabar).
    Hastetik behar litzake euskararen munduan erreferente diren jende batzu erakarri; izen batzu aipatzekotan, Joxe Manuel Odriozola, Eneko Bidegain, Pako Sodupe eta horrelako batzu…
    Zerbait egin dezagun, egiazki nazionala eta euskalduna!

  • Alderdia sortzen hasten bagara, azkenean beste gaietan adostasun bat bilatzen emango dugu denbora gehiena eta euskararen kontua bidean ahultzen joango da. Askoz ere hobeto mugimendu bat sortzea, garai batean EHE izan zen bezala, erakunde publiko nahiz pribatuei presio egingo dien mugimendu bat, eta aldi berean hizkuntzaren gaia kalera aterako duena, euskararen zaletasuna eta maitasuna harrotasunez eramateko indarra suspertuko duena.

  • NAZIOGINTZA Taldea prest dago euskararen aldeko eztabaida guztietan parte hartzeko. Eta berriz azpimarratzen dugu euskara diskurtso politiko abertzalearen muinean jarri behar dela. Gaur egun, zoritxarrez, alderdi abertzaleek ez diote ematen euskarari erabateko lehentasuna, eta hor daude emaitzak, Gaztelun bezalakoa….Beraz, Naziogintza Taldeak, sortu zenetik duela urte eta erdi, hizkuntzan oinarritutako abertzaletasuna bultzatzen ari da, eta horrela jarraituko du. Guk ez dugu esparru ikusten orain alderdi politiko euskaltzale batentzat, masa kritikorik ez dagoelako. Baina bai gu bezalako herri-mugimendu batentzat, kontzientzia linguistiko eta nazionala sortzeko lanean ari dena. Eta beti prest kolaboratzeko gurea bezalako helburuak dituen edozein pertsona edo kolektiboarekin, noski (www.naziogintza.eus)

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2019-09-06 23:33

    Entzun behar horrelako erantzuna ere, nire elkartasun osoa!! Horretan ere gako handi bat ETB2k zabaltzen duen eredu diglosikoaren hedakuntza da.

  • Benat Castorene 2019-09-08 11:05

    “kontzientzia linguistiko eta nazionala sortzeko” edo berphizteko kontzientzia politiko berrikuste zorrotz eta zail bat egin beharko dugu. Oraindik kapaz garea?

  • Saiatu barik ezin jakin. Saiakera egin beharko…

  • Benat Castorene 2019-09-08 13:08

    Baldintza guzietan bada zer egin, bainan baldintza jakin batean ezin da egin baimentzen digun baino gehiago.
    Gure kontzientzia linguistikoa eta nazionala sortzeko, hortarako behar diren baldintzak sortu behar ditugu, bestenaz alferretan ari gara.

  • Hona eztabaidagunerako proposamen bat:

    http://eskualdunok.byethost17.com

  • Kaixo, ni ere Gaztelun bizi naiz. Hilabete ondoren banator ere ez nuke eztabaida hau bestelako iritzirik bildu gabe isterik nahi. Juan Inazio, arrazoi osoa duzu baina ez nator bat Gazteluko Udalaren hanka sartzea zabaltzeko hautatu duzun bidearekin. Ondotxo daki herri honek gaiak testuingurutik atera, eta lau haizetara zabaltzeak zer nolako mina dakarren. Bideo hau ikusteko gonbidapena egin nahi dizuet Gaztelu ezagutzen ez duzuenoi: https://www.youtube.com/watch?v=0tEgKVXx_v4
    Euskara politikaz soseguz eztabaidatzeko gonbidapena egin du Udalak, oker ez banaiz, hurrengo osoko bilkurarako. Ni neroni nahi duzunean herriko plazan, gure etxean, Itturrihaundin edo Larteko puntan elkartzeko prest, ez ditugu bada hizketarako txoko eta paraje makalak gure herri honetan. Egun ona izan.

  • Urtzi Ihitza 2019-10-02 20:02

    Masa kritikorik ba da eta hori ere lantzen den zeozer da. Egindako kalkuluen arabera 250.000 euskaldunek -euskaraz egiten duen jendea- ez dute botorik ematen. Hortik ere erakarriko dugu jenderik.
    Hona oinarri batzuk, Bilboaldeko batzuk gaia landuta daukagun aldetik.
    Erakunde euskalduna: Behetik gora eta goitik behera euskaraz.
    Erakunde euskaltzalea: Euskaraz alor guztietan egingo duena.
    Printzipioz ideologia guztiei irekita egongo dena. Diskurtsu politiko guztia orain arte erdaraz egiten delako: gazteleraz edo frantseraz. Eztabaidatik eta praktikatik etorriko da norabide ideologikoa.
    Euskalduntasun iraultzailea deitu izan duguna.
    Aurrez aurre eztabaidatuko duguna. Material idatzia ere badaukagu, paperean.
    Izena ere: EUSKALDUNIA. Hala ere izena ez dugu trabatzat jarriko.
    Aurrera.

    Urtzi Ihitza eta Rafael Konde
    Hirugarren bat ere orokorrean bat dator.

  • Gaztelun, beste zenbat herrietan bezala, erdara erabiltzeko ohitura azken urte hauetan asko ugaritu dela esatea errealitate bat da zoritxarrez. Hori ezkutatzeak ez diola mesederik egiten euskarari Iritzi diot. Abertzaletasunak ez du oinarririk euskalzaletasuna gabe.

  • asko gara erremediorik gabeko optimistok: Elkartu gaitezen!

  • erakundea eratzen joateko batzarra, bilera, biltzarra, asanblada, elkartze irekia… hurrengo urtarrilaren 18rako jarri dugu. Lekua zehazteke. Material idatzi eztabaidagarria ere banatuko dugu.